Fukushiman minbizia eragiten duen gai bat aurkitu dute itsasoan

Japoniako zentral nuklearrean lanean ari diren zortzi langilek erradiazio maila altuak dituztela adierazi dute

Erredakzioa
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
TEPCO Fukushimako zentral nuklearraren enpresa kudeatzaileak jakinarazi du estrontzio-90aren kopuru handia aurkitu dutela itsasoan. Krisi nuklearra hasi zenetik estrontzio-90aren maila altua aurkitzen duten lehenengo aldia dela gaineratu dute. Joan den maiatzaren 16an hartu zituzten ur laginak, eta gobernuak ezarritako muga 53 aldiz gainditzen du. Bigarren eta hirugarren erreaktoreetako itsasoko ur sarreretan, berriz, 170 eta 240 aldiz estrontzio-90 gehiago aurkitu dute.

Uranio atomoen fisioan sortzen da, eta adituek ohartarazi dute estrontzio-90ak hezurretako minbizia eta leuzemia eragin ditzakeela. Gorputzak naturalki barneratzen du, kaltzioarekin nahastuta. Biek antzeko egitura kimikoa dute.

Dena dela, NISA Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziaren arabera, emaitza ez da hain kezkagarria. Estrontzio-90a zentral nuklearrak bakarrik erabiltzen zuen hondartza aurkitu dute.Kaltetutako inguruko arrain eta itsaskiak kontrolatuko dituztela ere adierazi dute.

Erradiazioa

Horrekin batera, zentral nuklearrean lanean ari diren zortzi langilek erradiazio maila altuak dituztela jakinarazi du TEPCOk. Hasiera batean bi langile bakarrik zirela esan zuten, baina 2.400 langileri analisiak egin ondoren sei gehiago aurkitu zituzten.

Langileetako batek ere ez du osasun arazorik, baina denbora igaro ahalagaixotasunak izateko arriskua dute. Japoniako Segurtasun Nuklear eta Industrialeko Agentziako bozeramaile Hide Nishiyamaren hitzetan, gertakizuna «oso tamalgarria» da.

Naoto Kan lehen ministroak eta Japoniako Gobernuak kritika ugari jaso dituzte krisiaren inguruan eman duten erantzunagatik, eta asko herrialdean etorkizunean zentral nuklearrak erabiltzeari uzteko eskatzen ari dira.

Japoniako hondamendiak Alemanian, Frantzian eta munduko beste hainbat herrialdetan energia nuklearraren inguruko auzia berpiztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.