Galdera-erantzun batzuk

Prozesu subiranistaren harira kartzelatuak askatzeko 2019ko urrian Bartzelonan egindako manifestazio bat.  TONI ALBIR / EFE
Prozesu subiranistaren harira kartzelatuak askatzeko 2019ko urrian Bartzelonan egindako manifestazio bat. TONI ALBIR / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 16a
15:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legeaz kaleratutako ebazpena argia da. Auziari buruz planteatutako galdera batzuk eta galdera horiei emandako erantzunak dira hauek:

Zer dago Konstituzionalaren esku?

Carles Puigdemontek eta Oriol Junquerasek, besteak beste, babes helegiteak jarri zituzten duela bi urte Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zielako amnistia legea aplikatu. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Kontu Auzitegiak amnistia legearen inguruko zalantzak planteatu zizkioten EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari, eta Konstituzionalak jakinarazi zuen Luxenburgok horiei buruz ebatzi ondoren erabakiko zuela helegiteez. Ebatzi du. Pilota orain Konstituzionalaren teilatuan dago. Espainiako instantzia judizial gorena da.

Konstituzionala noiz da ebazpen bat kaleratzekoa?

Buruzagi independentistek Luxenburgoren erabakia berehala aplikatzeko eskatu diete auzitegiei. Gaurko epaiak, baina, ontzat jo ditu kautelazko neurriak; esaterako, Pablo Llarena Goreneko epaileak Puigdemont Espainiako Estatuan atxilotzeko agindua. Orduan, Konstituzionalak ez du erabaki bat plazaratzeko premiarik. Espainiako eta Kataluniako hainbat hedabidek azken asteetan argitaratu dutenez, udazkenean da helegiteez ebaztekoa.

Gorena behartuta dago Konstituzionalak ebatzitakoa betetzera?

Berez bai, Konstituzionala delako justizia instantzia gorena Espainiako Estatuan. Horri buruz galdetu dio BERRIAk Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuari, eta erantzun du baietz, Konstituzionalak Puigdemonten babes helegitea onartuko balu Gorenak indargabetu egin beharko lukeela Generalitateko presidente ohiaren aurkako atxilotze agindua. Eta 2019an Gorenak epaitutako buruzagi subiranista baten abokatuaren esanetan, legeak zer dion «argi» dago, baina ikusteko dago zer gertatuko den. «Gorenak espero gabeko moduan interpretatu ohi du legea».

Zer gertatutako da «terrorismoagatik» auzipetutako CDRekin?

Luxenburgok esan dio Auzitegi Nazionalari amnistia legeak errespetatu egiten duela «terrorismoaren» aurkako EBren zuzentarauaren «eragin baliagarria»; hau da, ez dagoela motiborik CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako hamabi kide «terrorismoa» egotzita auzipetzeko. Hori egozten diete, 2019ko urrian, buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaia kaleratu zutenean, eraikin publikoen aurka indarkeriazko ekintzak abiatu zituztelakoan. Horren guztiaren harira, Alerta Solidaria kolektiboak agerraldia egin du gaur, eta esan dute «arindua» hartu duela erabakiaren berri eduki ondoren, eta hamabi CDRak ahalik eta azkarren amnistiatu ditzatela eskatuko dutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA