Gatazken ondorioz desplazatuak jada gehiago dira natur hondamendien ondorioz desplazatuak baino

Barne Desplazamenduen Behatokiak 82 milioi barne desplazatu baino gehiago zenbatu zituen 2025. urtearen amaieran, duela bi urte baino zertxobait gutxiago.

Gazako errefuxiatuen kanpaleku bat, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD/EFE
Gazako errefuxiatuen kanpaleku bat, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 12a
17:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

IDMC Barne Desplazamenduen Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundeak urtero kaleratzen du munduan dauden barne desplazatuen gaineko txostena. Bada, 2025ean, lehen aldiz gehiago izan dira gatazkengatik desplazatuak, natur hondamendien ondorioz desplazatuak baino. Orokorrean, 2024an baino lekualdatze gutxiago erregistratu ziren iaz, baina gatazkengatik erregistratu dituzten lekualdatzeak %60 ugaritu dira. Egoera larria dela ohartarazi du Jan Egeland NBE Nazio Batuen Erakundeko gai humanitarioetarako aholkulariak X sare sozialean.

2024an jo zuen goia barne desplazatuen kopuruak. Urte hartan, 66 milioi lekualdatze erregistratu zituzten, eta, 2024. urtearen amaieran, guztira 83,5 milioi desplazatu zeuden munduan —aurreko urteetatik desplazatuta zegoen jendea ere kontuan hartzen da datu hori eskuratzeko—. Bada, urtebete geroago, zertxobait apaldu da datua: 62,1 milioi lekualdatze erregistratu ziren iaz, eta urte amaieran 82,2 milioi desplazatu zeuden munduan.

Desplazatu horietatik guztietatik 68,6 milioik gatazka baten ondorioz alde egin behar izan zuten etxetik. Herrialderik kaltetuenen artean daude Sudan (9,1 milioi desplazatu), Kolonbia (7,2 milioi), Siria (6 milioi), Yemen (4,8 milioi) eta Afganistan (4,4 milioi).

Egelanden esanetan, ordea, datua apaldu izanak ez du ezer aldatzen. Izan ere, haren hitzetan, datuek agerian uzten dute zer-nolako «kolapsoa» dagoen «mundu osoan» hala gatazkak aurreikusteko orduan nola zibilak babesteko orduan. «Hainbat familia ezin dira etxera itzuli hura suntsituta dagoelako», gaineratu du.

Era berean, IDMCko zuzendari Tracy Lucasek txostenaren oharrean azaldu du desplazatuak zenbatzeko orduan kontuan hartzen dela pertsona bakoitzak zer lekualdatze egiten dituen. Alegia, pertsona bakar batek lekualdatze bat baino gehiago egin ditzakeela. Eta, horrekin lotuta, salatu du desplazatu horiek zaintzeaz arduratu beharko luketen sistemak «desegiten» ari direla.

Desplazatuak urtez urte

Urte oso batean erregistratutako lekualdaketen argazki orokorra eginda, aldaketa nabarmena antzematen da azken hamazazpi urteetan. 2009an, 23,2 milioi lekualdatze erregistratu zituzten —6,5 milioi gatazkek eragindakoak eta 16,7 milioi natur hondamendien ondoriozkoak—. Iaz, berriz, 62,1 milioi lekualdatze erregistratu zituzten; hau da, duela hamazazpi urte halako hiru ia.

Gatazken ondoriozko lekualdatze kopurua nabarmen okertu da azken urtean: %60 egin du gora urtebetean. 2025ean, gatazken ondoriozko 32,3 milioi lekualdatze erregistratu zituzten guztira. Kasu aipagarrienak bi dira: Irangoa —hamar milioi lekualdatze erregistratu zituzten 2025ean, denak gatazkengatik gertatuak— eta Palestinakoa —2,8 milioi lekualdatze erregistratu zituzten 2025ean, gatazken ondoriozkoak den-denak—.

Natur hondamendiei erreparatuta, 2025ean 29,9 lekualdatze erregistratu zituzten arrazoi horrekin lotuta. Horren harira, IDMCk ohartarazi du geroz eta jende gehiagok desplazatu behar duela suteen ondorioz. Iaz, esaterako, 694.000 milioi lekualdatze eragin zituen suak.

Hauek dira azken urtebetean barne desplazatu gehien izandako herrialdeak: Kongoko Errepublika Demokratikoa (10,3 milioi lagun), Iran (10 milioi lagun), Bangladesh (5 milioi lagun), Afganistan (2,8 milioi lagun) eta Palestina (2,8 milioi lagun). Kasu horretan, gatazkengatik eta natur hondamendiengatik desplazatu behar izan duten herritarrak hartzen dira kontuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA