Gaza, inkomunikaturik eta Israel erasoen indartze betean

Tel Avivek orain arteko bonbardaketarik bortitzena egin du bart zerrendan, eta ohartarazi du Gaza iparraldetik ihes egiteko «denbora agortzen» ari dela. Eskualdeko palestinarrek ez dute telefono sarera eta Internetera konektatzeko modurik.

Israelgo bonbek zauritutako haur palestinar bat eta haren senide bat, atzo, Gazako Khan Yunis hiriko ospitale batean. HAITHAM IMAD, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 28a
16:59
Entzun

Gaza «suzko bola bat» bihurtu du Israelek bart gauean, zerrendako Osasun Ministerioko bozeramaile Axraf al-Qudraren esanetan. Tokiko hedabideek jasotako lekukotzen arabera, azken hiru asteotako bonbardaketarik indartsuena izan da gaurkoa. Gutxienez 337 lagun hil direla jakinarazi du Al-Qudrak, baina kopuru erreala handiagoa izatea espero da. Zaila izaten ari da egoera zer-nolakoa den jakitea, Gaza ia erabat inkomunikatuta gelditu delako. Herritarrek ez dute telefono deiak egiteko edo Internetera konektatzeko modurik. Israelgo armadak adierazi du bonbek Hamasen 150 lur azpiko azpiegitura suntsitu dituela.

Airetik bakarrik ez, lurretik ere eraso egin du Israelek, eta armadaren eta Hamasen arteko «borroka gogorrak» izan dira Gaza iparraldean, talde islamistaren adar armatu Al-Qassam Brigadek azaldu dutenez. Ordurako, Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik iragarria zuen lurreko erasoak areagotu egingo zituztela, bonbardaketak indartuz. Armadak azaldu du infanteriak, artilleria pisutsuak eta ibilgailu blindatuek parte hartu dutela Gaza barruko operazioetan. Israelen esanetan, Hamasen itsas eta aire indarretako buruzagiak hil ditu. «Aginduak argiak dira. Kanpainak jarraitu egingo du bestelako jakinarazpen bat egon arte».

Armadak argitaratu duen ohar baten arabera, atzo iluntzean hasi zuten lurreko operazioaz geroztik, 24 ordu baino gehiago egin dituzte tropa batzuek Gaza iparraldean. «Gerra honek faseak dauzka, eta hurrengo fasean sartzen ari gara gaur. Gure indarrak Gazako lurretan ari dira orain», azaldu du Herzi Halevi armadako buruzagiak, arratsaldean bideo batean. Haren esanetan, Israelen «soldadu onenak» Palestinako lurralde okupatura sartu dira.

Gazan lanean jarraitzen dute larrialdi zerbitzuek egoera kaotiko bat deskribatu dute, telefono sarearen eta Internet bidez komunikatzeko aukerarik gabe, oztopo handiak dituztelako erreskate lanak antolatzeko eta koordinatzeko. Bonbardaketak jasan dituzten herritarrek ere ezin diete berehalako abisurik helarazi larrialdi zerbitzuei. NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestinako eskualdean dituen agentzietako langileak ere inkomunikatuta gelditu dira, eta kezka adierazi dute horien nahiz Gazako zibilen segurtasun ezagatik. Munduko Osasun Erakundeak salatu du Israelek bi ospitaletako inguruan bonbardatu dituela azken erasoetan. Komunikazio falta herritarren egoera emozionalean ere zuzeneko eragina izaten ari da, ez baitute modurik beren hurbilekoekin harremanetan jartzeko eta horiek bizirik jarraitzen duten jakiteko.

Giza eskubideen aldeko erakunde batzuek nabarmendu dute inkomunikazio egoerak are arrisku handiagoan utzi dituela Gazako herritarrak. Amnesty Internationalen iritziz, «komunikazio ezak esan nahi du zailagoa izango dela Palestinako zibilen aurkako giza eskubideen urraketei eta gerra krimenei buruzko informazio kritikoa lortzea, eta urraketa horiek pairatzen dituztenen ahotsa zuzenean entzutea».

Ziurgabetasun egoera horretan, Israelgo armadak «urgentziazko mezu bat» zuzendu die Gazako herritarrei: zerrendaren iparraldea uzteko «behin-behinean», eta hegoaldera joateko, «borrokaldi gogorrak» amaitu artean. Ziurtatu du iparraldera itzultzea posiblea izango dela horiek amaitzean. «Denbora agortzen ari zaizue», ohartarazi die, Tel Avivek iragarria duen lurreko inbasioa ordu gutxiren buruan has daitekeela aditzera emanez.

Bahituak presoen truke

Israelen bonbardaketek kezka piztu dute estatu juduan bertan. Gazako milizia palestinarrek 220 lagunetik gora bahitu zituzten urriaren 7an egin zuten erasoan, eta horien senideek uste dute Hamasek lur azpian eraikia duen tunel sarea bonbardatzeak arriskuan jartzen duela horien bizitza, talde islamistak han gordeta dituela iritzita. Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin eta Yoav Gallant Defentsa ministroarekin gaur bertan biltzeko eskaria egin dute, bestela protesta hasiko zutela ohartarazita. Handik ordu gutxira bildu da Netanyahu senideen ordezkaritza batekin. Lehen ministroak esan die «aukera guztiak» aztertuko dituztela bahituak askatzeko.

Hamasek, berriz, adierazi du prest dagoela bahituta dauzkanak aske uzteko —229 lagun ditu gatibu, Israelen arabera—, baldin eta Tel Avivek bere espetxeetan preso dituen palestinar guztiak askatzen baditu. Al-Qassam Brigadetako bozeramaile Abu Obeidak esan du kontaktuak izan direla bahituen eta presoen arteko truke baterako eta «akordioa lortzeko aukera» izan zutela aldeek, baina Israelek «blokeatu» egin zuela. Israelek gatibuen auzia kolpetik ixteko borondatea badu, milizia gertu dagoela ziurtatu du, eta «pausoz-pauso» egin nahi badu, horretarako ere prest agertu da.

Israel borondatea agertu zuen, atzo, Hamasek bahitu kopuru esanguratsu bat askatuz gero, trukean zerbait emateko, eta hala jakinarazi zien Qatarko bitartekariei —eginkizun hori jokatzeko prest agertu da Qatar, Turkiarekin eta Egiptorekin batera—. Hamasek orain arte adierazi du ez duela bahiturik askatuko su eten akordio bat egin arte. Oraingoz, baina, Tel Avivek ez du horretarako asmorik agertu. Indarraren erabilera areagotuko duela aurreratu du.

Bada, erasoaldiak areagotuko dituela esaten ari denean, «berehalako su eten humanitario bat» ezartzeko eskatu zion, atzo, NBEren Batzar Nagusiak Israeli. Ebazpenaren alde bozkatu zuten 120 herrialdek, 45 abstenitu ziren eta hamalauk egin zuten kontra. Azken horien artean, Israelek berak eta AEBek.

NBEren ebazpen hori urratzeagatik, Egiptok Netanyahuren gobernua kritikatu du. Su eten bat eskatu dio, eta, horrez gain, Gazara giza laguntza helarazteko bide seguruak irekitzea. «Arazo logistikoak» jartzea egotzi dio. Milizia palestinarren erasoaz geroztik, ehun kamioi baino gutxiagok igaro dute Egipto eta Gaza arteko Rafah pasabidea, laguntza humanitarioarekin. Erasoaren aurretik, 500 kamioi inguru pasatzen ziren, eta Gazak eguneko ehun kamioi behar ditu bere behar larrienei erantzuteko. Urriaren 21a arte, Israelek erabat itxita izan du Gaza. Ordutik, eguneko hamabi kamioik igaro dute muga, batez beste. Israelgo armadak esan du Gazara sartzeko baimena emango diela kamioi gehiagori, eta «ahalegin humanitarioa» handituko duela.

Orain arte zerrendara iritsi den laguntza horretatik kanpo gelditu da erregaia. Tel Avivek debekatu egin du hura sartzea, azaldu duenez, Hamasek erabili ez dezan. Erregai faltak oinarrizko zerbitzuak martxan mantentzea galarazi du kasu askotan. Bai elikagaien banaketarako, erreskateetarako edo ospitaleen funtzionamendurako. Gazako Osasun Ministerioak kaleratu dituen datuen arabera, hamabi erietxe eta lehen arretarako osasun zentro itxi dituzte erregai faltarengatik edo bonbek eragindako kalteengatik.

Nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa

Israelek Gazan ezarri dituen bizi baldintzak nazioarteko zuzenbide humanitarioaren kontrakoa dela salatu du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak. «Gaza erabateko inkomunikazioan eta bakartzean dago, eta bonbardaketa indartsuek ez dute etenik. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du Gazako egoera etsigarria dela, jendea argindarrik, janaririk eta urik gabe dagoela. Zibil gehiegi hil dira, haurrak barne. Hau nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurkakoa da», bota du EBko ordezkariak X sare sozialean.

Errusiak ere Israelen jokabidea kritikatu du, eta erasoak gelditzeko eskatu dio, gatazkari konponbide politiko bat bilatze aldera. «Gaza suntsitzen bada, bi milioi herritar kanporatzen badira politikari batzuek Israelen eta handik kanpo proposatzen duten bezala, hondamendi bat izango da, hamarkada asko edo mendeak iraungo duena», adierazi du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak.

Ildo beretik, Tel Aviven erasoak gaitzetsi ditu Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, eta gaineratu du bere herrialdea prestatzen ari dela «Israelen gerra krimenak munduaren aurrean agerian jartzeko». Erdoganek beste behin esan du Hamas ez dela erakunde terrorista, «askatasunaren aldeko borrokalari talde bat» baizik. Adierazpen horien ostean, Israelgo Atzerri ministro Eli Cohenek herrialdeko talde diplomatikoari Turkiatik itzultzeko agindu dio, bi estatuen arteko harremanak berriz aztertu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.