PALESTINAKO GATAZKA

Gazako bi ospitalerik handienak, zerbitzuz kanpo

OMEk eta Palestinako Gurutze Gorriak ohartarazi dute Al-Xifa eta Al-Quds ospitaleek ez dutela funtzionatzen. Erresuma Batuko Barne ministroa kargugabetu dute; Londresko Polizia kritikatu du, Palestinaren aldeko manifestariekin lerratu delakoan.

Pertsona batzuk beren senide baten gorpuaren aurrean, aurreko astean Khan Yunisen. EFE
Igor Susaeta - Ander Perez Zala
2023ko azaroaren 13a
10:28
Entzun

Gazako bi ospitale nagusiak, Al-Xifa eta Al-Quds —biak Gaza hirikoak—, zerbitzuz kanpo daude Israelek azken hilabetean zerrendan ezarritako setioaren ondorioz. OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek ohartarazi du aurrenekoak ez duela erietxe gisa funtzionatzen, egoera «izugarria eta arriskutsua» dela, eta jakinarazi du hildako paziente kopuruak «nabarmen» egin duela gora. Bestalde, erregai gabeziagatik eten behar izan dute beren jarduna Al-Qudsen, Palestinako Gurutze Gorriaren arabera.

Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagari atzo saiatu zen argudiatzen ez dietela zuzenean ospitaleei eraso egiten: «Al-Xifatik gertu borrokatzea aukeratzen duten terroristen aurka ari gara borrokan». Israelek, baina, ospitaleen aurkako erasoak justifikatu izan ditu beste batzuetan, esanez Hamasen milizietako kideak erietxeetako sotoetan ezkutatzen direla eta horietako anbulantziak erabiltzen dituztela alde batetik bestera mugitzeko. Nolanahi ere, OMEren buruak datu bat plazaratu zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren aurrean, joan den ostiralean: urriaren 7az geroztik, Israelek 250 eraso egin ditu Gazako eta Zisjordaniako ospitale eta anbulantzien kontra.

Ikusi gehiago: Gazan berehalako su etena ezartzeko deia egin dute Arabiar Ligak eta OICk

Tedrosek berak atzo gauean X sare sozialean idatzitako mezu batean salatu zuenez, «konstanteak» dira tiroak eta bonbardaketak, eta Mendebaldeak darabilen kontzeptua, «eten humanitarioa», erabili beharrean, su eten bat eskatu du zuzenean. «Orain izan dadila». Negoziazioen berri duten iturriak aipatuz zenbait hedabidek atzo kaleratu zutenez, hiru eta bost egun arteko eten bat adostear zeuden atzo Hamas eta Israel, talde islamistak joan den urriaren 7tik bahituak dituen 200dik gora herritarretatik ehun bat aske uztearen truke. Baina Hamasek bertan behera utzi zituen negoziazioak, argudiatuta Israelek ez diola utzi Gazako ospitaleei erasotzeari.

Egipto eta Qatar izaten ari dira bitartekariak elkarrizketa horietan, eta, prozesuaren berri duten iturriak aipatuz Efe albiste agentziak argitaratu duenez, «atariko akordio bat» lortu dute Israelek eta Hamasek. Itun horren arabera, Hamasek 80 bahitu aske utziko lituzke —berak aukeratutakoak—, behin-behineko menia baten eta Israel «helburu sanitarioetatik» urruntzearen truke. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa elkarrizketatu zuten atzo AEBetako CNN telebista katean, eta esan zuen ez duela itun bat baztertzen.

Arrakala batzuk babesean

AEBek ere lehen eskutik ezagutu nahi izan dituzte negoziazioen nondik norakoak, eta, Etxe Zuriak argitaratutako ohar baten arabera, Joe Biden presidenteak Tamim bin Hamad al-Thani Qatarko emirrarekin hitz egin zuen atzo telefonoz, eta adostu zuten bahitu guztiek «berehala» geratu beharko luketela aske. Washington Tel Aviven aliatua da, eta Qatarrek, berriz, harreman onak ditu bai Etxe Zuriarekin eta bai Hamasekin.

Mendebaldea Israeli ematen ari zaion babes diplomatikoan, bestalde, arrakala batzuk ireki dira azken egunetan. Aldarrikatzen du Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela, baina, aldi berean, Tel Avivi eskatu dio Gazako zibilak babesteko. «Eten humanitarioak» eskatu ditu.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, ordea, areago joan zen aurreko ostiralean. Erresuma Batuko BBC telebista katean egin zioten elkarrizketa batean ere adierazi zuen «su eten bat» zela «irtenbide bakarra». «Haurrak, emakumeak, adinekoak, bonbardatuta hiltzen ari dira. Ez dago horretarako arrazoirik, ez eta zilegitasunik ere. Beraz, gelditu dadila eskatzen diogu Israeli». Hamasen arabera, Israelek 11.000 pertsona baino gehiago hil ditu zerrendan azken hilabetean.

Josep Borrell EB Europako Batasunaren diplomazialaria, berriz, gerraren osteko agertokiaz mintzatu da gaur, uste baitu Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren «behin betiko irtenbidea» finkatu beharra dagoela: «Ez gara soilik mintzatu behar Gazaren berreraikitzeaz; palestinar aferari irtenbide integral bat eskaintzeaz ere aritu behar gara».

Hori da, Borrellek esan duenez, «egiazko arazoa», eta horri «aurre egin behar» diote EBko estatu kideek. Talde komunitarioaren diplomaziaburuak Atzerri ministroen bilkuraren hasieran egin ditu adierazpenok; hain justu, bilera horretan, estatu kideen ordezkari horiek berriz eskatuko dute eten humanitarioak egiteko Gazan. Borrell, gainera, Israelera, Palestinara, Bahrainera, Saudi Arabiara, Qatarrera eta Jordaniara joango da asteon, afera horiez aritzera.

Eta, Erresuma Batuan, Rishi Sunak lehen ministroak Barne ministro kargutik bota du Suella Braverman —James Cleverlyk hartu du haren tokia—, Palestinaren aldeko manifestazioekin loturiko afera batengatik. Gobernuak kontrakoa egitea gomendatu zion arren, Bravermanek Londresko Poliziaren jarrera kritikatzeko zutabe bat idatzi zuen The Times egunkarian, iragan asteazkenean; zehazki, erakunde horri leporatu zion, testu horren bidez, Palestinaren aldeko manifestariekin lerratzea, eta bi jarrera kontrajarri izatea protestarien aurrean.

Are, jada Barne ministro ohi denak adierazi zuen manifestazio horiek «gorrotoaren martxak» direla, baita antisemitak ere, eta «terrorismo islamistaren» aldekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.