Gazako ospitaletik Israelgo espetxera

Abu Safiya mediku palestinarra atxilotu zutenetik 18 hilabete pasatu dira. Palestinako Aginte Nazionalak eta NBEk, besteak beste, medikua «berehala askatzeko» eskatu diote Israelgo Gobernuari.

Abu Safiya medikua aska dezatela eskatzeko protestak Tel Aviven, 2025eko apirilaren 5ean. ATEF SAFADI / EFE
Abu Safiya medikua aska dezatela eskatzeko protestak Tel Aviven, 2025eko apirilaren 5ean. ATEF SAFADI / EFE
2026ko uztailaren 14a
17:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak oinarrizko printzipio ukaezin bat du: medikuek, ospitaleek eta osasun-langileek bereziki babestuta egon behar dute, baita gatazka armatuen erdian ere. Gazan, ordea, oinarrizko printzipio hori ez da betetzen. Hemezortzi hilabete pasatu dira jada Israelgo armadak Husam Abu Safiya (Jabalia, Palestina, 1973) Kamal Adwan ospitaleko zuzendari eta pediatra atxilotu zuenetik. Hamaseko gobernuko kide izatea eta kideak ospitalean ezkutatzea leporatu zioten 2024ko abenduan, eta atxilotu egin zuten. Medikuaren bizia «arrisku larrian» dagoela ohartarazi eta aske utz dezatela eskatu dute berriki NBE Nazio Batuen Erakundeak, PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta AI Amnesty Internationalek, besteak beste. Abokatuak bere bezeroaren egoera «larria» azaldu zion BBC hedabideari orain dela bi aste.

Abu Safiya Gazako Jabalia errefuxiatu esparruan jaio zen 1973an; haren familia Hamama herritik desplazatua izan zen. Derrigorrezko hezkuntza egin ondoren, Kazakhstanera joan zen medikuntza ikastera. Bertan pediatrian eta neonatologian espezializatu zen, eta 1996an jaioterrira itzuli zen. Gazako osasun zerbitzuan hasi zen lanean, Kamal Adwan ospitaleko —Gaza iparraldeko ospitale garrantzitsu bat— pediatria saileko buru. Ospitaleko zuzendari izendatu zuten 2024ko otsailean.

Kamal Adwaneko ospitalea Safiyaren azken etxea izan zen. 2023ko urrian Israelek Gazan erasoak areagotu zituela eta, Safiyaren familia osoa bertara bizitzera joan zen. 2024ko urrian, Hamaseko kideak ospitalean babestu izana egotzi zioten, eta lehen aldiz atxilotu zuten. Denbora gutxira askatu zuten arren, Israelgo armadak ospitalea bonbardatu zuen Safiya atxilotuta zegoen bitartean, eta haren hamabost urteko semea hil zuten. Hilabete bat igaro ondoren, azaroan, Safiya sare sozialen bidez hasi zen publikatzen ospitaleko bizimodua, eta hainbat hedabidetan eman zuen Gazako egoeraren berri. OIhartzun handia izan zuen hori salatzen zutenen artean. Azkenik, 2024ko abenduan, Safiya ospitalean atxilotu zuten Israelgo indarrek.

Safiyaren atxiloketa ez da kasu bakan bat, Gazako osasun sistema osoaren desegite sistematikoaren parte da. NBEren ikerketa batzorde batek argi eta garbi salatu du Israelgo agintarien jokabidea. Txostenen arabera, Israelen atxilotuta dagoenetik, «abusu larriak» jasan ditu medikuak, tortura fisiko eta psikologikoak barne, eta erabat bakartuta eduki dute hilabete luzez. 

Israelek erabat ukatu ditu abokatuaren adierazpenak, eta Espetxe Zerbitzuak «faltsutzat eta oinarririk gabekotzat» jo ditu tortura eta tratu txar salaketak. Hala ere, nazioarteko erakundeek aurkeztutako ebidentziek eta abokatuaren esanek bestelako errealitate bat plazaratu dute. «Hasieran ez nuen ezagutu ere egin», azaldu zuen Safiyaren abokatu Nasser Odehrek orain dela hiru aste, azkenekoz bildu zirenean. Abokatuak bere bezeroaren egoera larriaren berri eman zion BBC hedabideari orain dela bi aste: «Ia bi aldiz geratu zen konorterik gabe bileran. Safiyak beltzune berriak zituen buruan, belarrietan eta lepoan, eta bere osasun egoera kritikoa da», azaldu zuen. Elkar ikusiko zuten azken aldia zela esan zion mediku espetxeratuak abokatuari.

Nazioarteko zuzenbideko adituek ere egoera salatu dute hainbat hedabidetan, eta debekatutako praktikak direla nabarmendu; iruditzen zaie, oro har, praktika horiek gerra krimen gisa eta gizateriaren aurkako krimen gisa sailka daitezkeela. AIren bozeramaileak medikuaren egoera «benetan beldurgarria» zela adierazi zuen aurreko astean, komunikatu baten bitartez. Gainera, Atxiloketa Arbitrarioen Nazio Batuen Erakundeko Lantaldeak Safiyaren atxiloketa arbitrarioa zela ebatzi zuen uztailaren 6an, eta medikua berehala aske uzteko eskatu.

Israelen ere izan dira medikuaren alde egin dutenak. Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuak erakundeak, Safiya espetxez aldatzeko, hari osasun arreta emateko eta bidezko epaiketa bat egiteko eskatu dute. Gainera, Israelen preso dauden hamalau mediku gazatar askatzeko eskatu zioten Israelgo Auzitegi Gorenari apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA