Israelgo Gobernuak erabaki du hainbat gobernuz kanpoko erakunderi (GKE) Gazan eta Zisjordanian lan egiteko lizentzia kentzea. Guztira, 37 elkarteri eragingo die murrizketak, eta horien artean dago Mugarik Gabeko Medikuak elkartea. Talde horietako langileei «ekintza terroristetan parte hartzea» egotzi die Israelek.
Martxoan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak beste baldintza batzuk ezarri zituen Palestinako lurralde okupatuetan diharduten nazioarteko GKEei lizentziak emateko; besteak beste, elkarteek euren langileen izen-abizenak eman behar zituzten. Horretaz gain, Israelek baimen hori uka ziezaiekeen baldin eta elkarte horiek Israel herrialde demokratiko moduan ukatzen bazuten, edota Israel deslegitimatzeko kanpainak eta Israelen kontrako boikota sustatzen bazituzten.
Bada, Israelgo Diasporaren eta Antisemitismoaren aurkako Ministerioak adierazi duenez, zigortu dituzten erakundeek ez dute euren langileen inguruan egiazta daitekeen informazio osaturik aurkeztu. Mugarik Gabeko Medikuen inguruan, berriz, adierazi du elkarte horren kide diren langile batzuek lotura daukatela «Hamasekin eta jihadismoarekin».
Horri lotuta, ministerio horrek adierazi duenez, GKE horiei dagoeneko jakinarazi diete 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera —etzi, alegia— baliogabetuko zaiela lehendik zeukaten baimen hori. Hala, euren ekintza guztiak amaitu beharko dituzte martxoaren 1a baino lehen. EFE albiste agentziak jakinarazi duenaren arabera, ordea, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak, adibidez, gaur-gaurkoz ez du hori dioen jakinarazpenik jaso.
Elkarte horrek adierazi duenez, euren lana egitea galarazteak «ondorio suntsitzaileak» izango lituzke Palestinako herritarrentzat, euren esku baitaude Gazako zerrendako ospitaleetako oheen %20 inguru. Horrez gain, ukatu egin dute Israelek esandakoa, eta argi utzi dute elkarteko langileek ez dutela inolako loturarik talde armatuekin.