Israelek ez du asmorik Gazako erasoaldia eteteko. Hango Segurtasun Kabinetea bilduta dago oraintxe bertan, setioaren hurrengo urratsen inguruan eztabaidatzeko. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gaza osoa okupatzea proposatu du asteon, eta huraxe berretsi du kabinetea bildu aurretik eman duen prentsaurrekoan. Okupatu bai, baina «anexionatu» ez, esan du Netanyahuk, herrialdeko hedabideek jaso dutenez. «[Gaza] Ez dugu geuretzat nahi. Segurtasun perimetroa ezarri nahi dugu. Ez dugu gobernatu nahi», adierazi du, berriz, AEBetako Fox News kateari emandako elkarrizketa batean. Gaza osoa kontrolatu ote nahi duen galdetu diote, eta baietz erantzun du, «segurtasuna bermatzeko» eta gazatarrei «Hamasena ez den gobernantza zibil bat emateko».
Izan ere, Israelgo Gobernuak ez duela Gazan aginduko ziurtatuagatik, hark izendatutako erakunde batek zerrenda behin-behinean kontrolatuko duela iragarri du lehen ministroak. Ez du beste xehetasunik eman. Nabarmendu du setioaren helburu nagusiak «Hamas guztiz suntsitzea eta bahitu guztiak itzultzea» dela.
Hamas talde islamistak adierazpen horiek gaitzetsi ditu ohar bidez, eta salatu du «duda izpirik gabe» bahituak «sakrifikatzea» dela Netanyahuren helburua, eta Israelgo «armada naziak» ordaindu egingo duela, «garesti» ordaindu ere, zerrenda okupatzea. Plan horrek iritzi kontrajarriak sortu ditu Israelen ere, eta gaur arte atzeratu dute herenegun egitekoa zen bilera. Besteak beste NBE Nazio Batuen Erakundea eta EB Europako Batasuna plan horren aurka agertu badira ere, Netanyahuk aurrera jarraitzeko asmoa agertu du.
Israelgo armadako buru Eyal Zamir izan zen Gaza okupatzeko planaren aurka agertu zirenetako bat. Lehen ministroarekin batzartu ostean, Netanyahuren bulegoak ohar bat kaleratu zuen, jakinaraziz armada «prest» dagoela segurtasun kabineteak hartutako «edozein erabaki» betetzeko. Gaur, baina, Zamirrek berretsi du armada ez dagoela ados zerrenda osoa okupatzeko planarekin: «Bizitzak daude jokoan», adierazi du Israelgo hedabideek jaso dutenez. Izan ere, armadako buruak kritikatu izan du Netanyahuren plana arriskutsua dela gatibu israeldarrentzat eta soldaduentzat.
Era berean, Bahituen Senideen Foroak armadari eskatu dio bahituen bizitzak arriskuak jar ditzakeen ekintza ororen aurka agertzeko. Israelgo Gobernuaren arabera, 50 bahitu israeldar daude milizia palestinarren esku, erdiak baino gehiago hilik. Israelgo hedabideen arabera, milaka lagun, tartean bahitutakoen senideak, gatibuak aska ditzatela exijitzeko elkarretaratzea egin dute lehen ministroaren bulegoaren atarian, Jerusalemen.

Laguntza banatzea, «sarraski antolatua»
Gazan laguntza humanitarioaren banaketa guneak «sarraski antolatuen jokaleku» bihurtu direla salatu du MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Gaur kaleratutako txosten batean azaldu duenez, GHF Gaza Humanitarian Foundation maiatz amaieran zerrendan laguntza banatzen hasi zenetik, Israelgo armadak «joera argi bat izan du», eta banaketa guneetan «indarkeria» erabili du «palestinar gosetuen» aurka. Maiatzetik, laguntza jasotzera joandako 1.700 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera. MSFk exijitu du bertan behera utz dezatela oraingo banaketa sistema, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak kudeatu dezala laguntza humanitarioaren banaketa.
Israelek ia hiru hilabetez laguntzaren sarbidea blokeatu ostean, maiatz amaieratik zerrendan laguntza banatzeko Israelen baimena duen talde bakarra da GHF —AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute—. Ordutik, banaketa guneetan zauritutako palestinar ugari artatu dituzte MSFk osasun laguntza ematen duen zentroetan. GKE horretako osasun langileek jasotako testigantzak bildu dituzte Hau ez da laguntza. Hau sarraski antolatua da izena eman dioten txostenean.
Gaza hegoaldean, Al-Mawasi eta Al-Attar guneetan ditu osasun zentroak MSFk; biak ala biak, GHFk laguntza banatzen duen guneetatik hurbil. Bada, horietan 1.380 palestinar artatu zituzten ekainaren 7tik uztailaren 24ra; tartean tiroz zauritutako 71 adingabe zeudela jakinarazi du GKEak: «Janaria lortu nahian ari ziren haurrei bularrera egin diete tiro», adierazi du Raquel Ayora MSFko zuzendari nagusiak, txostenean. Soldaduek zauritutako palestinarrez gainera, jende pilaketetan zapaldutakoak ere artatu dituztela gehitu du. «MSFk lanean daramatzan 54 urteetan, inoiz gutxi ikusi dugu halako indarkeria armarik ez duten zibilen aurka», ziurtatu du Ayorak. Eta gehitu du: «Ez dute armarik. Ez dira soldaduak. Plastikozko poltsak hartuta etxera irina edo pasta apur bat eraman nahi duten herritarrak dira».
Israelek elikagaien banaketa «militarizatu» duela kritikatu du GKEak. Artatu dituzten bala zaurien «zehaztasunak» iradokitzen du banaketa zentroetako erasoak «nahita» eginak direla. Horregatik, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak exijitu du bertan behera utz dezatela GHFk kudeatzen duen laguntza sistema, eta uste du berriz ere NBEren esku geratu beharko lukeela laguntzaren banaketak zerrendan. Gainera, nazioarteari mintzatu zaio —batez ere AEBetako Gobernuari—, eskatuz eten dezatela GHFri ematen dioten laguntza ekonomiko eta politikoa.
Israelgo armadak gaur ere egin ditu erasoak Gazan; horietan, gutxienez 23 palestinar hil ditu, Al Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Gainera, Gazako Osasun Ministerioak gaineratu du beste bi haur hil direla gaur gosez. Hala, 2023ko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik, 61.200 palestinar baino gehiago hil ditu.
Hori dela eta, nazioartean gero eta gehiago dira Israeli erasoaldia eteteko exijitzen ari diren agintariak. EB Europako Batasunak behin baino gehiagotan leporatu dio Tel Avivi giza eskubideak urratzea; gaur, harago joan da Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteordea: «Genozidioa ez baldin bada, gertatzen ari denak antz handia du genozidioaren definizioak dioenarekin», adierazi du Politico AEBetako egunkariari emandako elkarrizketa batean. «Herri jakin baten aurkako erasoak eta hilketak egiten ari dira, eta gosez hiltzera kondenatu dituzte», gaineratu du.
LIBANOKO GOBERNUAK onartu egin du HEZBOLLAH DESARMATZEKO AEB-EN PLANA
Gaur arratsaldean Libanoko Ministroen Kontseiluak ontzat hartu du Hezbollah talde xiita desarmatzeko AEB Ameriketako Estatu Batuek proposatutako plana, Libanoko Informazio ministro Paul Morcosek hedabideen aurrean jakinarazi duenez. Helburua da gobernuaren parte ez diren talde guztiak armaz gabetzea urtea amaitzerako, Hezbollah barne. Al-Jazeera hedabideko berriemaile berezi baten arabera, ministro xiitek —Hezbollah eta Amal taldekoek, alegia— alde egin dute bileratik.
Ministroen Kontseiluak Libanoko armada mugetara hedatzea adostu du, eta, trukean, Israelgo armadak herrialdea utziko du —2024ko azaroan bi herrialdeek onartutako su etenean aurreikusia zegoen neurri hori—. AEBetako planaren arabera, «gerrari eta bakeari buruz erabakitzeko monopolioa» gobernuaren esku geratuko da, su etenak indarrean dirauela bermatzeko.