Israelek Gazako zerrenda guztia berenganatzeak «ondorio bortitzak» eragin ditzakeela ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeko Gai Politikoetarako idazkariorde Miroslav Jencak. Atzo gauean NBEko Segurtasun Kontseiluan egindako bileran egin zituen adierazpenok. Gazako egoera «izugarri larria» dela ere gehitu zuen.
Plan hori burutuz gero milioika palestinar arriskuan egongo liratekeela ohartarazi zuen Jencak, baita Hamasek bahituta dauzkan israeldarrak arrisku are eta handiagoan jarriko lituzketela ere. Gazako zerrenda «etorkizuneko Palestinako Estatuko funtsezko lurraldea» dela gehitu zuen, eta Israelen plana nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela ohartarazi.
EB Europako Batasunak bat egin du NBEk Israeli egindako kritikekin. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzo egindako proposamena «probokazio onartezintzat» jo zuen Europako Batzordeko presidenteorde Teresa Riberak atzo, sare sozialetan. Riberak guztiz baztertu zuen Israelen plana, eta horrelakorik proposatzeko aitzakiarik ez dagoela adierazi zuen.
Israelgo lehen ministroak zerrenda osorik anexionatzeko asmoa zuela iragarri zuen astelehen gauean. Hala ere, hori gauzatu ala ez Segurtasun Kabinetearen esku dago —ministerio nagusietako kargudunek osatzen dute kabinetea—. Nethanyahuk atzoko egin zuen kabinetea biltzeko deia. Gazako eremu osoa okupatzea edo ez erabakitzea zuen helburu bilerak, baina, hura iragarri eta ordu gutxira, bertan behera geratu zen, barne tentsioen ondorioz. Hala jakinarazi zuten atzo Israelgo hadabideek, iturri ofizialak aipatuta.
Bilera gibeleratu arren, Nethanyahuk ez du amore eman, eta bere bulegoak iragarri du bihar arratsaldean bilduko dela Segurtasun Kabinetea, proposamena eztabaidatzeko.
Hogei lagun hilik kamioi bat iraulita
Gosetea eta hilketak ez dira eten Gazan, eta Israelek zerrendako eremu gehiagotako biztanleei hegoalderantz joateko agindu die gaur.
Gutxienez 31 pertsona hil ditu Israelgo armadak, goizaldean zerrendan zehar egindako erasoetan, Al Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuta kaleratu duenez. Horietatik hamar laguntza humanitarioa banatzeko guneetan hil dituzte.
Gazako Osasun Ministerioak gaur argitaratutako ohar batean azaldu duenez, beste bost palestinar gosez hil dira azken orduetan —6 urteko ume bat eta 15 urteko gazte bat daude horien artean—. Setioa hasi zenetik, 193 pertsona hil dira gosez zerrendan.
Bestalde, laguntza humanitarioa zeraman kamioi bat irauli egin da, eta, ondorioz, gutxienez hogei pertsona hil eta dozenaka zauritu dira, Gazako Gobernuak jakinarazi duenez. Tokiko agintaritzak Israelgo armadari egotzi dio gertatutakoa; adierazi du bideak ixteagatik eta laguntza daramaten kamioiak errepide arriskutsuetatik ibiltzera behartzeagatik gertatu dela ezbeharra. Janari bila ari ziren pertsonen gainera erori da kamioia.