Asteburuan zerrendaren aurkako beste operazio militar bat hasi zuen Israelek: lehorreko ofentsiba bat, zeinak helburu duen Gaza osorik okupatzea. Hain justu, atzo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak baieztatu zuen beren helburuetako bat dela gerra amaitzean zerrenda osoa Israelen «kontrolpean» egotea. Netanyahuk asmo horiek berretsi eta gutxira, Israelgo armadak ebakuazio aginduak eman ditu Gaza iparraldeko hamalau eremutan, besteak beste, Beit Lahia hirian eta Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekua, argudiatuta inguru horretan beste «operazio militar bat» hastekoak direla.
Tel Avivek hegoaldera joateko agindu die eremu horietan bizi edo bizirik irauten duten biztanleei, nahiz eta hegoaldean ere kasik etenik gabeak diren aire bidezko erasoak. Hain zuzen, gaur gutxienez 42 pertsona hil dituzte zerrendan, Al-Jazeera hedabideak Gazako Osasun Ministerioko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Hedabideak gaineratu du Jabalian, Gaza iparraldean, hamahiru gorpu atera dituztela eraikin baten hondakinetatik. Bestalde, Gazako Osasun Ministerioak ohar bat kaleratu du; horren arabera, Israelgo armadak 16.500 adingabe hil ditu Gazan 2023ko urritik.
Israelek abiatutako azken erasoaldien harira, azken egunetan areagotu egin da tentsioa Israelen eta Mendebaldeko zenbait estaturen artean. Eta atzo Israelek nazioarteko ordezkaritza bati eraso egiteak are eta gehiago haserrearazi zituen herrialde horiek. Israelgo bi soldaduk tiro egin zioten Jeningo (Zisjordania) errefuxiatuentzako kanpalekua bisitatzekoa zen nazioarteko diplomazialari talde bati; ez zuten inor zauritu. Erasoa gaitzetsi zuen EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek: «Diplomazialarien bizitzei egindako mehatxu oro onartezina da». Eta Israelgo Gobernuari azalpenak eskatu zizkioten Italiako, Espainiako eta Belgikako gobernuek.
Nazioarteak egindako presioak, baina, ez du aldatu Netanyahuren jarrera. Atzo adierazi zuen Europako estatuek ez dituztela aldaraziko Tel Avivek Gazan dituen helburuak. Israelgo lehen ministroak telebistaz eman zuen prentsaurrekoa, eta, are, ziurtatu zuen Hamas Gazako erakunde islamista garaituko dutela. Behin hori lortutakoan Gazako palestinarrak zerrendaren hegoaldera lekualdatuko dituztela azaldu zuen Netanyahuk, eta bertan jaso ahal izango dutela laguntza humanitarioa.
Banaketa lanak
Israelek Gazara laguntza humanitarioa sartzeko baimena eman zuen berriz igandean. Ordutik, zerrendara 198 kamioi sartu direla jakinarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, gaur zabaldutako ohar batean. Eta horietatik 90ek laguntza banatu ahal izan dutela zehaztu du Tom Fletcher OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko koordinatzaileak, ohar batean. Halere, banatzeko orduan «zailtasunak» izaten ari direla jakinarazi dio EFE berri agentziari OCHAko bozeramaile Jens Laerkek: «Segurtasun faltagatik, baimenen atzerapenagatik, eta Israelgo armadak eskainitako ibilbideak ez direlako egokiak kargamentua garraiatzeko».
Ia hiru hilabeteko blokeoaren ostean, igandean, Tel Avivek berriz eman zuen baimena laguntza humanitarioa zerrendan sartzeko. Orduan abiatu ziren kamioiak Gazara bidean; gaur arte, baina, ezin izan dituzte banatu zeramatzaten elikagai eta sendagaiak Israelek berak jarritako oztopoengatik.
Gainera, NBEk eta gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute laguntza humanitario gehiago behar dela. Stephane Dujarric NBEren bozeramaileak atzo prentsaurreko batean salatu zuen azken egunetan bidalitako laguntza ez dela «inondik ere nahikoa» gazatarren beharrak betetzeko. Iritzi berekoa da MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundea. Atzo zabaldutako ohar baten arabera, MSFko Gazako koordinatzaile Pascale Coissardek Israelgo Gobernuari egotzi zion setioa amaitu duela erakutsi nahi izatea laguntza humanitario kantitate «irrigarri» bat banatzeko baimena emanda.
Kontuan izan behar da 2023ko urriaren 7aren aurretik —Israelek zerrendaren aurkako erasoaldia are eta gehiago gogortu zuenetik—, Gazara egunero bostehun kamioi inguru sartzen zirela laguntza humanitarioarekin.