Bataclaneko erasoek eragindako mina oraindik gainditu gabe, Frantziako hiriburuak hedabideen atentzioa bereganatu zuen berriro 2015eko abenduaren 12an, XXI. mendeko itun multilateral garrantzitsuenetako bat adostu baitzuten Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenaren konferentzian: Parisko Hitzarmena. Hamar urte zeramatzan indarrean orduan Kyotoko Protokoloak, baina helburuak ez zituela bete ikusita, Parisen beste akordio multilateral bat sinatu zuten, herrialde guztientzat loteslea izango zena. Handik urtebete baino gutxiagora sartu zen indarrean hitzarmena, 2016ko azaroaren 4an.
Orduko Frantziako presidente François Hollande sozialista izan zen argazkiaren protagonista, akordioa erdietsi ostean eskuak altxatuta harro azaldu baitzen, NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Frantziako beste hiru kargudunekin batera.
Ikusmin handia sortu zuen itunak, klima aldaketari benetako balazta ezarriko ziolakoan. Baina nola joan dira azken hamar urteak? Kyotoko Protokoloaren ezintasuna gainditu al du? Edo porrot egiteko bidean da? Nazio Batuen Ingurumen Programaren txostenek diote «helburua lortzeko bidetik kanpo» dagoela gaur egun mundua.
1
Lurraren tenperatura
Ziurrenik, Parisko Hitzarmenaren atalik garrantzitsuena Lurraren berotzea mugatzeko jarri zuen helburua da: industria iraultzaren aurreko erregistroekin alderatuta planeta bi gradu zentigradu baino gehiago ez berotzea adostu zuten, eta, ahal zela, berotze horrek 1,5 graduko langa ez gainditzea. Izan ere, klima aldaketa bultzatzen duten faktore nagusietako bat da tenperaturen igoera, eragina baitu kliman, uraren zikloan eta bestelako fenomeno natural garrantzitsuenetan.
Meteorologiaren ikuspuntutik 1,5 graduko berotzea ia nabariezina izan badaiteke ere, batez beste mundu osoan airearen tenperatura 1,5 gradu handiagoa izateak asaldura eta kalte handiak sor ditzake. Hala ere, urte batean Lurraren tenperatura anomaliak 1,5 gradu gainditzeak ez du esan nahi berotzea 1,5 gradura iritsi dela, normalean hogei urteko batezbestekoak zehazten baitu zenbatekoa den berotzea.
Munduko tenperaturak erregistratzen dituzten sei agentziak egindako neurketen batezbestekoari begiratuta, azken hamar urteetan gutxinaka gora egin dute tenperaturek, eta 2024an tenperatura anomalia 1,55ºC-koa izan zen 1850-1900eko garaiarekin alderatuta. Aurreko urtea ere oso beroa izan zen, 1,45ºC-ko anomaliarekin. Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak azken urteetako joerak aztertu ditu, eta ondorioztatu du bide horretan jarraituz gero 2029ko apirilean iritsiko dela Lurra 1,5ºC-ko berotze horretara. Gaur egun, zerbitzu berak zehaztu du 2025eko urrian 1,41ºC-koa dela berotzea.
Aditu asko ados dira ia ezinezkoa izango dela berotzea 1,5ºC-ra mugatzea, eta oso zaila ikusten dute bi graduko muga hori ere ez gainditzea. Dirk-Jan Van de Venek, BC3 zentroko ikertzaileak, azaldu du herrialdeen luzerako anbizioak lerrokatuta daudela berotzea 2ºC-ra mugatzearekin, baina uste du «gero eta zailagoa» dela 1,5ºC-ra mugatzea.
2
Isuriak
Berotegi gasen efektuagatik berotzen da bereziki airearen tenperatura, eta isuri horiek murriztea ezinbestekotzat jotzen da tenperaturaren berotzea maila katastrofiko batera irits ez dadin. Isuriak gizakiak eragindakoak edo naturalak izan daitezke, baina gizakiak eragindakoak dira gehien handitu direnak eta munduaren berotzea gehien azkartzen ari direnak.
Kyotoko Protokoloa aitzindaria izan zen, herrialde garatuenek isuriak murriztea jarri baitzuen helburu: 2012rako munduko karbono isuriak %5 murriztu beharra ezarri zuen, 1990eko datuekin alderatuta. Hala ere, askok ez zuten bete, AEBek, esaterako. Europako Batasuneko EDGAR Munduko Atmosferaren Ikerketarako Isurketen Datu Basearen arabera, baina, murriztu ordez gora egin zuten isuriek munduan 1990etik 2012ra, eta asko, gainera: %47,07.
Parisko Hitzarmenak, baina, ez du isurien murrizketa zehatzik jasotzen, eta ez die herrialdeei eskaera zehatzik egiten. Kontrara, herrialde bakoitzak NDC nazio mailako ekarpen zehatzak aurkeztu behar ditu bost urtean behin, eta bakoitzak aurrekoak baino anbiziotsuagoa izan behar du. EDGAR datu basearen arabera, Parisko Hitzarmena onartu zen urtetik hona %9,81 egin dute gora karbono isuriek munduan, lurraren erabileraren isuriak kontuan hartu gabe. Nazioarteko Energia Agentziak kalkulatu du 2030a baino lehen joko duela goia erregai fosilen kontsumoak; hau da, ordura arte hazten jarraituko du.
Van de Venen ustez, isurien bilakaera esperotakoa baino apalagoa izan da, bereziki karbono gutxi isurtzen duten teknologien garapenagatik eta zabalkundeagatik. Hala ere, haren iritziz, isuriak murrizten denbora asko pasatuz gero, helburuak ez dira lortuko.
Orokorrean, garatuen dauden eta trantsizio energetiko bat egiteko erraztasun handiagoak dituzten herrialdeetan egin dute behera isuriek, Iparralde Globalean, baina historikoki karbono aztarna handiena duten herrialdeak dira. Horrez gain, biztanleko karbono gehiago isurtzen jarraitzen dute gehienek, kontuan hartuta, gainera, herrialde inportatzaileak direla; hau da, erregai fosil asko erabiltzea eskatzen duten industria asko garabidean diren herrialdeetara kanporatu dituzte azken hamarkadetan, eta hala isuri propioak murriztu, baina ez, ordea, karbono aztarna.
Txina da munduan atmosferara karbono gehien isurtzen duen herrialdea, baina munduko biztanleen %17 baino gehiago ditu. India da populatuena, munduko biztanleen ia %18 baititu, eta kutsatzaile handienetan hirugarrena da, baina, biztanleka begiratuz gero, indiar batek —urtean hiru tona CO2 kutsatzen du, batez beste— estatubatuar batek baino ia sei aldiz gutxiago kutsatzen du —urtean 17,3 tona CO2—; AEBak dira bigarren isuri absolutuen zerrendan. Biztanleko gehien kutsatzen duten herrialde gehienak petroestatuak eta uharte txikiak dira —Qatar, Bahrain, Kuwait, Saudi Arabia, Palau...—, eta zerrendaren beste puntan daude Afrikako herrialde gehienak. Aldea ikusteko: Qatarko biztanle batek Kongoko Errepublika Demokratikoko batek baino 90 bider karbono gehiago isurtzen du.
3
Energia berriztagarriak
Klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoa ikusten dute NBEn energia berriztagarriak bultzatzea erregai fosilen erabilera murrizteko. Parisko Hitzarmenak ez die aipamen zuzenik egiten ez erregai fosilei ez berriztagarriei, baina 2023ko COP28an, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak), herrialdeek adostu zuten erregai fosilik gabeko etorkizun bat beharrezkoa dela. Hala ere, aurtengo COP30 batzarrean, Belemen (Brasil), huts egin dute helburu hori lortzeko bide orri bat garatzeari buruzko negoziazioek.
Hala ere, isuriak murrizteko «teknologiaren garapenari eta transferentziari» garrantzi handia ematen dio hitzarmenak. Akordiotik hona, izugarri handitu da munduan energia berriztagarria ekoizteko instalatuta dagoen potentzia: IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2019an 200 gigawatt hazi zen berriztagarrien ahalmena munduan; 2021ean, 300 gigawatt; 2023an, 550 gigawatt baino gehiago, eta aurten aurreikusten dute 750 eta 840 gigawatten bueltan ibiliko dela ahalmenaren gehikuntza. Hala, 5.000 gigawatteko potentzia berriztagarria gaindituko du aurten munduak, eta aurreikusi dute 2030erako ahalmena bikoiztu egingo dela.
Txina da, alde handiz, berriztagarrietan lidergoa duen herrialdea. Ez soilik inor baino gehiago ari delako instalatzen bere lurretan, baita teknologia gehien esportatzen duelako ere. Iaz, adibidez, munduan instalatutako potentzia gehiena Txinak ezarri zuen: munduan gehitutako 685 gigawattetatik 420 baino gehiago hark gehitu zituen, eta aurten espero da gehikuntzak 465 gigawatt gainditzea. Europako Batasunean, adibidez, iaz 75 gigawatt baino gehiago handitu zen ahalmena, baina aurten pixka bat murriztuko dela kalkulatu du IEAk.
4
Egokitzapena
Klima larrialdirako egokitzapen neurriak arintzearenak bezain lehentasunezkoak ari dira bihurtzen, areagotzen ari baitira klima aldaketarekin lotutako fenomeno atmosferikokoak eta hondamendiak. Hala, egokitzapenaren bitartez azpiegiturak eta ekonomiak moldatzea da helburua, klima aldaketaren eraginak samurtzeko. Esaterako, Bartzelonako Osasun Globalerako Institutuak kalkulatu zuen Europan 2023ko udan beroagatik gerta zitezkeen heriotzen %80 eragoztea lortu zela egokitzapen neurriengatik. Hala ere, bero boladek uda horretan utzi zituen datuak larrigarriak dira, kalkulatzen baita 47.000 heriotza baino gehiago beroaren ondorioz jazo zirela.
Iparralde Globaleko herrialdeak daude egokituenak, eta haiek dute egokitzapen politikak onartzeko ahalmenik handiena. Hori dela eta, beste afera batzuetan gertatzen den moduan, dirua eta teknologia Iparralde Globaletik Hegoaldera transferitzea da NBEren helburuetako bat. Aurtengo COP30 batzarrean, herrialdeek adostu dute egokitzapenerako finantzaketa hirukoiztea 2035erako.
5
Finantzaketa
Nahiz eta egokitzapenaren garrantzia handituz joan, klima aldaketa arintzea da oraindik ere lan lerro nagusia. Klima finantzaketaren %80 bideratzen da horra, eta iazko COP29 batzarrean, Bakun, adostu zuten 2035erako 300.000 milioi dolarrera iristea. Aurrez, 2020rako 100.000 milioi dolarreko finantzaketa zegoen adostua, baina ez zen 2022ra arte lortu. Hala ere, akordio hori ez da Hegoalde Globalaren gustukoa izan, kalkulatzen baitute finantzaketak bilioi bat dolarren langa gainditu behar duela. Iparralde Globaleko herrialdeek, baina, negoziazio horietan ez zuten gehiago emateko borondaterik erakutsi, eta, eztabaida luze eta gogorren ostean, 300.000 milioi dolarrean geratu ziren, eta horrek garatzen ari diren estatuen haserrea piztu zuen.
Beste finantzaketa lerro batzuk ere onartu dira Parisko Hitzarmenetik hona, galerak eta kalteak ordaintzeko funtsa, esaterako. 2022an Egipton egin zen COP27 batzarrean adostu zuten hori, eta 700 milioi dolar mugitzeko konpromisoa hartu zuten. Hala ere, kalteek eta galerek urtean 400.000 milioi euroko kostua sortzen dutela kalkulatzen du Loss and Damage Collaboration gobernuz kanpoko erakundeak. Gainera, funtsak 700 milioi horietatik erdiak baino gutxiago jaso ditu orain arte, 348 milioi dolar.