PARISKO HITZARMENAK HAMAR URTE

Tenperatura helburuak lortzea zailtzen ari da

Nazio Batuen arabera, asko murriztu beharko lirateke isurketak Parisko Akordioko helburuak lortzeko. Baikor egoteko tarterik badela dioenik ere bada.

EPA ARCHIVE: BRAZIL COP30 COUNTDOWN
Klima aldaketa salatzeko protesta ekintza bat, Suitzako Jungfraujoch mendatean. VALENTIN FLAURAUD / EFE
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Isuriak gora egiten ari dira, baita Lurreko tenperatura ere. Datuok ezin daitezke gezurtatu, baina askori iradoki diezaiokete klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko araudiek, Parisko Akordioak besteak beste, ez dutela izan aurreikusi zitzaien eraginkortasunik. Nazio Batuen Ingurumen Programak karbono isurien bilakaera aztertu du Emissions Gap Report 2025 txostenean, eta kalkulatu du gaur egun onartuta dauden politikekin eta herrialdeek datozen urteetarako hartu dituzten konpromisoekin zer mailatan egongo diren isuri globalak 2030ean eta 2035ean. Bestalde, ikertu dute zenbatekoak izan beharko luketen isuriek mundua 1,5ºC eta 2ºC baino gehiago ez berotzeko —Parisko Akordioak jarritako helburuak—, eta horien eta aurrekoen arteko arrakala azaleratu dute.

Txostenaren azpitituluak berak iradokitzen du Nazio Batuen Ingurumen Programaren ondorioa: «Helburuz kanpo: gelditasun kolektibo etengabeak arriskuan jartzen du tenperatura globalaren helburua». Aurtengo COP30 biltzarraren aurretik, herrialde gehienek konpromiso klimatiko berrituak entregatu dituzte, eta, txostenaren egileen ustez, eragin «mugatua» izango dute konpromiso horiek arrakala txikitzeko. Gaur egungo politikekin, 2030ean isurketak egungo antzeko mailan egongo lirateke, 58 gigatona CO2 baliokide (GtCO2b), eta 2035erako 54ra jaitsiko lirateke.

Herrialdeek aurkeztu berri dituzten baldintzarik gabeko konpromiso klimatikoak betez gero —NDC nazio mailako ekarpen zehatzak—, berriz, 2030ean 53 gigatona CO2 baliokidera murriztuko lirateke isurketak, eta 2035erako, berriz, 48ra. Baldintzapeko konpromisoak ere hartu dituzte herrialdeek, eta horiek 2030erako eta 2035erako beteta, hurrenez hurren 51ra eta 46ra murriztuko lirateke emisioak.

«Kontuan hartuta epe luzerako anbizioak nolakoak diren, kalkulatzen da 2ºC-ko helburua lortzeko modukoa dela»

Dirk-Jan Van de Ven BC3ko zentroko ikertzailea

Parisko Akordioak jarritako helburuak lortzeko isuriek zer mailatan behar luketen ikusita, baina, arrakala handia dela ikusten da. Berotzea 2ºC-ra mugatzeko, adibidez, munduan isuriek 41 gigatona CO2 baliokide izan beharko lukete, eta 2035ean, berriz, 36. Urte berak aztertuta, tenperatura anomaliak 1,5ºC ez gainditzeko, 2030ean 33 eta handik bost urtera 25 beharko lukete izan, gutxi gorabehera. NBEren Ingurumen Programako zuzendari exekutiboak, Inger Andersenek, azaldu zuen «herrialdeen plan klimatikoek aurrerapenak lortu badituzte ere» ez direla behar luketen bezain azkarrak. Hala ere, Parisko Akordioari ezinbesteko eginkizuna aitortu dio, munduko tenperaturaren bilakaeraren aurreikuspenak hobetzea lortu baitu.

Baikortasunerako tartea

Ezkortasun garaiotan, baina, baikor egoteko adierazleak ere badirela uste du Dirk-Jan Van de Venek, Klima Aldaketa aztertzen duen BC3 euskal zentroko ikertzaileak. NBEren Ingurumen Programaren datuon inguruan galdetuta, azaldu du proiekzio horiek asumitzen dutela konpromiso klimatikoetan ez dela anbizioa handituko 2100era arte. Hori dela eta, kalkulu «kontserbadoreak» egiten direla uste du, edo baita are «ezkorrak» ere. Azken urteetan isurketen hazkundea apaltzen ari dela nabarmendu du, baita datozen urteetan murrizten hasiko direla ere.

Herrialdeek txostenak dioen baino anbizio handiagoa dutela azaldu du: «Kontuan hartuta epe luzerako anbizioa nolakoak den, Europako Batasunak 2050erako edo Txinak 2060rako klima neutraltasuna lortzeko dituzten helburuak adibidez, kalkulatzen da 2ºC-ko helburua lortzeko modukoa dela». Hala ere, horren aurretik, orain hartuta dauden konpromisoak betetzea ezinbestekotzat jo du helburu hori lortzeko. 1,5ºC-ko helburua, berriz, uste du geroz eta urrunago dagoela. «Zientzian gero eta gehiago hitz egiten da 1,5ºC-ko berotzea gainditzea baina handik urte batzuetara berriro muga horretatik jaistea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.