OMAL Behatokiko ikertzaileak

Gonzalo Fernandez eta Gorka Martika: «Gerra ekonomikoa nahikoa ez denean, gerra bera bihurtzen da gatazkak ebazteko bidea»

Agenda berdeak Mendebaldean garrantzia galdu duela uste dute OMALeko ikertzaileek, eta industria militarra eta digitala, berriz, indartzen ari direla.

Gonzalo Fernandez eta Gorka Martija, OMALen Bilboko egoitzan. JON URBE / FOKU
Gonzalo Fernandez eta Gorka Martija, OMALen Bilboko egoitzan. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
BILBO
2026ko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garbi dago mundua beste garai politiko eta ekonomiko batean sartu dela azken urteetan, nahiz eta adituak ez diren oraindik ados jarri egoera berria izendatzeko orduan. Duela hamarkada batzuk globalizazioaren inguruko eztabaida etimologikoak zeuden moduan, orain ere badira beste batzuk: nazionalismo ekonomikoa deritzote batzuek, merkatu liberaleko nazionalismoa beste batzuek... Fase berri horren ezaugarri nagusia trantsizio oliba-berde eta digitala dela deritzote Gonzalo Fernandezek (Bilbo, 1974) eta Gorka Martijak (Bilbo, 1982). Bakea eta Duintasuna erakundeko OMAL Multinazionalen Latinoamerikako Behatokia proiektuko kideak dira, eta Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikan ibili dira hainbat ikerketa proiektu egiten. Garai berriei buruzko analisia plazaratu zuten urriaren amaieran Arronizen (Nafarroa), Sustrai Erakuntzak gonbidatuta.

Zer aldaketa izan dira nazioarteko sisteman azken urteetan?

GONZALO FERNANDEZ: Gobernantza globalean ordena aldaketa batean gaudela uste dugu, badira-eta joera ekonomiko, ekologiko eta geopolitiko batzuk nazioarteko panorama aldatzen ari direnak. Ekonomiaren alorrean, ikusten ari gara nolabaiteko geldialdi bat dagoela; hau da, dinamika kapitalista ez da erreproduzitzen ari, ekonomiak azken 60 urteetan izan duen hazkundeari begiratzen badiogu behintzat. Gainera, hazkundea oso asimetrikoa da, Asian eta bereziki Txinan pilatzen ari baita. Ekoizpen ahalmenean gehiegizko gaitasuna dagoela ere ikusten dugu, eta horren ondorioz kapital asko daude ekoizpen txiki hori lortzeko borrokan. Hau da, garaile oso gutxi daude.

Finantzarizazioa ere sakontzen ari dela ikusten dugu, benetako ekonomia garatzen ari ez delako. Zurrunbilo espekulatibo bat sortzen da, eta horrek bide ematen die 2008ko krisia bezalakoei.

Neoliberalismoa amaitu dela diote batzuek. Zuek hala uste duzue?

FERNANDEZ: Arau neoliberalek jada ez dute funtzionatzen, nahiz eta beti izan ziren AEBen eta haien aliatuen mesedetan egindako arauak. Gerra ekonomiko batean gaude.

Ekologia aipatu duzue. Uste duzue azken hamarkadetako agenda berdea gain behera doala?

GORKA MARTIJA: Pandemiaren aurreko urteetan zegoen jokaleku hartan, agenda berde digitala deitu genion hori martxan zegoen. Berriztagarriak hedatzea eta matrize ekonomiko-produktiboa aldatzea erabat kokatuta zeuden diskurtso ofizialetan, baina Ukrainako inbasiotik aurrera, eta gero etorri diren beste gatazka guztien ostean, gatazka geopolitikoa egiturazkoa bilakatu da. Potentzia nagusiak saiatzen ari dira posizio hobea duten sektoreak garatzen. Berriztagarrien, meatzaritza metalikoaren, erdieroaleen eta bestelako sektoreetan Txinak aurrea hartu die denei.

Zergatik deitu diozue horri kapitalismo oliba-berde digitala?

FERNANDEZ: Kapitalismo oliba-berde digitala azaldutako egoerari aurre egiteko modua dela ikusten dugu. Digitalizazioarekin geldialdi ekonomikoa gaindituko dela esaten digute, adimen artifizialaren bidez produktibitatea izugarri handituko dela eta horrek hazkundea ekarriko duela mundu osoan. Bestalde, erregai fosil gutxiago kontsumituko direla ere argudiatzen dute, eta, mundu digitala ukiezinagoa denez, material gutxiago erabiliko ditugula. Hori da kontakizuna, baina gezur erraldoia da, ez baita hala gertatu.

«Berriztagarrietan, meatzaritza metalikoan, erdieroaleetan eta bestelako sektoreetan, Txinak aurrea hartu die denei»

GORKA MARTIJA OMALeko ikertzailea
Afera berdean, zertan ari dira Europako Batasuna eta AEBak?

MARTIJA: Biak antzera ari dira, nahiz eta Europa modu ezkutuagoan dabilen, baina estrategia fosilistak berreskuratzen ari dira, eta atzerapausoak ematen ari dira bere garaian hoztasun handiz martxan jartzen saiatu ziren estrategia berdean. Auto elektrikoaren kasuan argi ikusten da hori: ez dago Txinarekin lehiatzeko gaitasunik, eta, ondorioz, automobilgintzaren elektrifikazioaren helburuak murrizten ari dira.

Aldi berean, gatazkak eta gerrak indartzen ari dira, eta defentsa aurrekontuak handitzen ari dira potentzia gehienak.

FERNANDEZ: Bigarren Mundu Gerraren osteko sistema, multilateralismoan, globalizazioan eta giza eskubideetan oinarritutakoa, krisi sakon batean dago, eta bultzatu zuenari [AEBei] jada ez dio balio. Txina munduko ekonomia handia bihurtzen ari da, eta AEBen eta Txinaren arteko lehia ekonomikoa handitzen ari da. Eta horrek ondorioak ditu geopolitikan, gerra ekonomikoa nahikoa ez denean gerra bera bihurtzen baita gatazkak ebazteko bidea.

Horregatik ari da indartzen gerra industria?

FERNANDEZ: Bai, gatazkak ebazteko bidea izateaz gain, gerra abagune ekonomiko bat ere bai baita. Alemanian, adibidez, ikusten ari gara automozio industria arma industria bilakatzen ari direla. Horren atzean, gainera, kontakizun bat dago. Gerra erregimen batean sartzean, hori bera justifikatzen duen kontakizun bat behar duzu; horregatik bihurtu dute Errusia etsai handia Europan, inbasioaren ideia hori zabalduz.

Aste honetan NATO ariketa militarrak egiten ari da Letonian. VALDA KALNINA / EFE
Aste honetan, NATO ariketa militarrak egiten ari da Letonian. VALDA KALNINA / EFE
Zer eragin izaten ari da hori guztia herrialdeen aurrekontuetan?

MARTIJA: Gastu militarra bat-batean izugarri handitzen baduzu, aurrekontu txikiagoa geratzen da bestelako ekimen batzuetarako. Nabariena gastu soziala da.

FERNANDEZ: 2008ko krisiaren ostean, herrialdeek zor gutxiago zuten, eta politika neokeynesiarrak aplikatu ahal izan zituzten, batez ere enpresak laguntzeko. Baina, gaur egun, estatuen zorra askoz handiagoa da; horregatik, gero eta agerikoagoa da gastu baten edo bestearen artean aukeratu behar dela. Frantzian eta beste leku batean ikusten diren protestek hori erakusten dute. Horregatik, bide militarista ez da soilik aurkezten gatazka gainditzeko modu gisa, baita geldialdi ekonomikotik ateratzeko modu gisa ere.

Euskal Herrian ez dira arrotzak joera horiek. Zer aldaketa izan dira gurean?

FERNANDEZ: Mundu guztia ari da moldatzen, baita Euskal Herria ere. Gainera, hemengo gobernuak orokorrean asko moldatzen dira, eta saiatzen ari dira merkatu horietan sartzen. Merkatu berdea da, nire ustez, zailena, teknologia berdeen lehia Txinak irabazi duenez errentagarritasuna oso txikia delako; eta hemengo trantsizio eredua korporatiboa denez, lerro hori asko erori da. Eta ez horregatik bakarrik, baita eguzki eta haize baldintzak onenak ez direlako ere, Euskal Herriaren iparraldean bereziki. Gainera, gatazka ekosozial asko sortu dira horren harira, eta berriztagarrien trantsizio korporatibo hori trabatuta dago. Merkatu digitalean, datu zentroekin presio handia dago Araban bereziki, eta, industria militarrari dagokionez, gure herriko industriak beste batzuek halako bi erabiltzen dute teknologia, tartean militarra. Gasteizkoak kolektiboaren txostenaren arabera, hirurehun enpresa baino gehiago dedikatzen dira industria militarrera, partzialki bada ere.

Latinoamerikan hainbat ikerketa proiektu egin dituzue, estraktibismoaren inpaktuak aztertzeko. Zer ondorio nagusi atera dituzue azken urteetan?

MARTIJA: Oldarraldi erreakzionarioa zenbait gobernu jakinen jaiotza ekartzen ari da, baina horrek badu aurrekari bat: aurreko gobernu progresistek izandako ezintasunak edo mugak. Argentinan, adibidez, eragile sozial eraldatzaile guztiek, modu oso argian, analisi bera dute, Alberto Fernandezen gobernuak etsipena sortu zuela, ez zelako eraldaketa handirik egon. Eta hori bada gakoetako bat azaltzeko ostera etorri den erreakzioa, nahiz eta badituen beste elementu sakonago batzuk ere.

FERNANDEZ: Nazioarteko panorama berri honekin, eskualdeen eta herrialdeen posizioa birkonfiguratzen ari da. Txinak aurrerapausoa eman du, eta inbertsio handiak ditu ia mundu guztian. Eta horrek AEBak mugiarazi ditu, espazio batzuk berreskuratzeko. Eta Latinoamerika horietako bat da. Uste dut Latinoamerika eta Afrika disputa eremu bihurtuko direla, Gerra Hotzean bezala, ikusteko ea nork dituen eragin eremuak, ea nork dituen merkatuak eta, batez ere, ea nork dituen hornidura estrategikoak, horietako asko Latinoamerikan eta Afrikan baitaude. Amerikarena oso esplizitua da jada, AEBetako 2025eko Nazioaren Segurtasun Estrategiak berriro hitz egiten baitu Monroe doktrinaz: Amerika amerikarrentzat.

Nola daude, bada, Latinoamerikako herrialdeen eta Txinaren arteko harremanak?

MARTIJA: Aipatutako Monroe edo Donroe doktrina horien bitartez Txina ahal den heinean eskualdetik ateratzeko helburua dago, bai ekonomikoki eta bai politikoki. Baina herrialde batzuen kasuan ikusi da jada estrategia horrek ere mugak dituela, Txinak harreman ekonomiko oso sendoak dituelako. Mileik, adibidez, kanpainan esan zuen Txina Argentinatik botako zuela, eta ez da hala izan, errealista izanda hori ezinezkoa baita. Baina Gonzalok ezan bezala, badago esparru estrategiko batzuen kontrola lortzeko gatazka; Panamako kanalaren eta Peruko Chancay portuaren kasuak adibide onak dira.

«Uste dut Latinoamerika eta Afrika disputa eremu bihurtuko direla, Gerra Hotzean bezala»

GONZALO FERNANDEZ OMALeko ikertzailea
Meatzaritza proiektuak ikertu dituzue bereziki. Ugaritzen ari al dira?

MARTIJA: Egoera ekonomiko eta politiko ezberdineko herrialdeetan egon gara. Erdialdeko Amerikan, batez ere urre eta zilar meatzeak dira, eta Argentinan, adibidez, erregai fosilak eta metal meatzaritza ugaritu dira —litioa, kobrea eta uranioa—. Denak ez daude hein berean industrializatuta, baina guztietan ikusten da erabat barneratu nahi dutela agenda kapitalista oliba-berde digital horretan. Eta, horren ondorioz, megaproiektuak ugaritu dira.

FERNANDEZ: Ahal den moduan munduko merkatuan txertatzeko helburua dute, eta modu hori, normalean, eredu primario esportatzailea da, merkatua lehengaiz hornituz: energia, meatzaritza metalikoa eta datu zentroak. Eta eredu horren emaitzak ikusten ari gara: gutxi batzuen onurarako dira, eta, nahiz eta tartean bertako eliteak egon, gehienak nazioarteko enpresak dira. Bitartean, biztanle gehienek ez dute onurarik ikusten; are, inpaktuak orokorrean txarrak dira: meatzaritzaren eta fracking bidezko erregaien ustiaketaren kasuetan ikusi dugu hori.

Zer iritzi dute han?

FERNANDEZ: Trantsizio kontzeptuak oraindik ez daude oso garatuta Latinoamerikan. Uste dut askotan bizirautea dutela helburu, Milei eta De La Espriella botatzea, eta bigarren mailako gaia da askotan. Modu integralean eta nazioartean heldu behar zaion kontu bat da, baina ez dute funtsik hori egiteko, eta horrek ere parekidetasunik eza handitzen du. Europak, ez oso ondo, baina bere itun berri berdea martxan jarri du; AEBek, Bidenomics-ekin, izugarrizko diru pila jarri dute ekonomia eraldatzeko... Baina beste herrialde horietan ez dago baliabiderik trantsizio hori egin ahal izateko. Egia da haien abiapuntua ez dela hain txarra, berriztagarri gehiago dituztelako —hidroelektrikoagatik batez ere—, baina etorkizunean arazo handia izango dute, baliabide faltagatik eta berdintasun gabeziagatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA