Global Sumuden lurreko konboiari eraso egin diote Libian

Ez dago zauritu larririk. Herrialdeko mendebaldearen eta ekialdearen artean zeuden, eremu desmilitarizatu batean. Tripolira itzuli dira, eta han erabakiko dute zer egin.

Lurreko konboi humanitariooko kamioi bat Libian, duela egun batzuk. BERRIA
Lurreko konboi humanitariooko kamioi bat Libian, duela egun batzuk. BERRIA
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 26a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazara laguntza humanitarioa eraman nahi duen egitasmo Global Sumuden lurreko konboiko kideek eraso bat nozitu dute azkeneko orduetan Libian, eremu desmilitarizatu batean. Konboiaren iturriek jakinarazi dutenez, kolpeak eman dizkiete, eta negar gasa bota. Ez dago zauritu larririk, baina erabaki dute atzera Tripoli hiriburura itzultzea, iruditzen baitzaie nabarmena dela berriro erasoren bat jasateko arriskua. Han erabakiko dute zer egin; ez dakite nork egin dien eraso. Konboi horretan euskal herritar bat dago: Haizea Urkixo Gorostiaga.

Libian bi gobernu daude gaur egun, eta, kostaldean, Sirte hirian dago bi administrazioen arteko muga. Konboiko kideak, hain zuzen, handik 20 kilometro ingurura zeuden kanpatuta. Gazara heltzeko bidean ez atzera ez aurrera daramate astebete. Gainera, hamar kide atxilotuta daude igandetik —berrehun pertsona inguru doaz—, Libia mendebaldetik ekialdera igarotzen ahalegindu zirenetik.

Zenbait egunez ekialdeko funtzionarioekin negoziatzen aritu ondoren, saiatu ziren igarotzen, baina, konboian doan euskal herritarraren inguruko iturri batek adierazi duenez, ez zuten bermerik jakiteko pasatzen utziko zietela. Eta atxilotu egin zituzten.

Atxilotuen artean argentinar bat eta italiar bat daude, eta, herrialde horietako iturri diplomatikoek Global Sumudi esan diotenez, legez kanpoko immigrazioa egotziko diete, eta, behin Libia ekialdeko Bengasi hirira eraman ondoren, deportatu egingo dituzte. Konboi humanitarioa duela hilabete inguru abiatu zen Mauritaniatik.

Global Sumud Flotillakoak itsasoz ahalegindu dira azkeneko asteetan Gazara laguntza humanitarioa eramaten, Israelen blokeoa hausten, baina Israelek ekintzaileak atxilotu ditu legez kanpo nazioarteko uretan, Israelera eraman ditu, tratu txarrak eman dizkie, eta deportatu egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA