Global Sumud Flotillako ekintzailea

Amarga: «Umiliatu gaituzte, baina beste presoen aldean VIP gisa tratatu gaituzte»

Israelek emandako tratu txarren harira, Flotillako kide Amarga euskal herritarrak nabarmendu du «sionistek» egiten dutena Europako estatuek ere egiten dutela. Flotillaren Euskal Herriko kideak gaur dira etxera itzultzekoak.

Global Sumud Flotillako ontzi bat Augustan (Italia). ORIETTA SCARDINO / EFE
Global Sumud Flotillako ontzi bat, Augustan (Italia). ORIETTA SCARDINO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 22a
19:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek asteon bahitutako Global Sumud Flotillako gainontzeko ia bostehun kideei bezala, Israelgo estatu indarrek tratu txarrak eman dizkiote Amargari ere (Gasteiz, 26 urte). «Kolpe batzuk. Beste batzuek okerrago pasatu dute». Dena den, ez du fokua horretan jarri nahi. Izan ere, iruditzen zaio «askatasun eske borrokatzen diren kolektibo guztiek» jasaten dutela tratu hori. «Baina gogoz gaude, gauzak egiten segitzeko gogoz».

Nola bahitu zintuzteten Israelgo estatu indarrek?

Ez gara iritsi Gazara, nazioarteko uretan bahitu gintuztelako; Europakoetan, hain zuzen. Garrantzitsua da hori nabarmentzea, erakusten duelako Europa sionismoaren konplizea dela, bere uretan hori gertatu ahal delako. Oso adierazgarria da. Europak sionismoa sortu zuen, eta edozer egiten uzten dio.

Gazatik zenbat itsas miliatara zeundeten?

250 itsas miliatara, gutxi gorabehera; hau da, 450 kilometro ingurura. Zodiaketan etorri ziren, gu preso hartu, eta itsasontzi handi batzuetan sartu, eta Ashdodera [Israel] eraman gintuzten.

Flotillako hainbat kidek tratu txarrak jasan dituzte. Zuk pairatu zenuen halakorik?

Bai, denok jasan ditugu tratu txarrak. Batzuek apurtuta dituzte hezurrak, sexu erasoak egon dira, txerto susmagarriak hartu behar izan dituzte batzuek... Umiliatu egin gaituzte, baina ulertu behar dugu beste presoen aldean VIP gisa tratatu gaituztela.

Zer esan nahi duzu?

Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletan ere gertatzen dira horrelakoak; ez da ezer berria. Guk bagenekien hortik aterako ginela. Gure egoera oso berezia zen: gu hor geunden nahi genuelako. 35 pertsonak dituzte hezurrak apurtuta, hamabostek sexu erasoak jasan dituzte, baina zer ez ote dieten egingo hor egotea aukeratzen ez dutenei edo handik atera ezingo dutenei.

Bai, oso gaizki tratatu gaituzte, gure gorputzak umiliatu dituzte, baina sionistek egiten dutena gure estatuek ere egiten dute; torturarekin lotuta dagoen estatu logika bati jarraitzen diote.

Zer moduz daude ospitaleratutako flotillako Euskal Herriko bi kideak?

Ospitaletik atera dira gaur. Hezur batzuk apurtuta dituzte, eta kolpe pila bat. Baina ongi daude, eta gauzak egiten jarraitzeko asmoz gaude.

«Bai, joan gaitezke Palestinara, eta garrantzitsua da blokeoa apurtzea. Baina gure lurraldean bertan negozio pila bat egiten da sionismoarekin»

Flotilla berriro abiatuko balitz, parte hartuko zenuke?

Oraindik ez dugu hitz egin gure artean. Sionismoa salatzen jarraitu beharra daukagu, baina ez dakigu zein litzatekeen horretarako taktika egokiena. Dena den, Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzak badu lanik Euskal Herrian; adibidez, CAF enpresaren kontrako kanpaina, trenbideak egiten baititu Palestina okupatuan. Ekintzak egin izan ditugu enpresa horren kontra, eta gure kide batzuk epaitu egingo dituzte. Jokin Aperribai Realeko presidenteak ere arma enpresa bat dauka, eta Israelekin negoziatzen du. Gure lurraldean egiten diren gauzak seinalatzea, salatzea eta horien kontra egitea dagokigu.

Bai, joan gaitezke Palestinara, eta garrantzitsua da blokeoa apurtzea. Baina gure lurraldean bertan negozio pila bat egiten da sionismoarekin. Izan ere, Mendebaldeko aberastasunaren oinarria gerra da, armekin negoziatzea. Borrokatu behar gara sionismoaren konplizeak Euskal Herritik joan daitezen. Lan asko dugu egiteko.

Europako hainbat estatuk, Alemaniak barne, Israelek flotillako kideei emandako tratua salatu dute. Zer deritzozu?

Broma bat iruditzen zait, nahiz eta lehen aldia izan den tratu hori kondenatu dutena. Izan ere, estatu horiek gauza bera egiten dute. Espainian, esaterako, migranteei tratu askoz ere umiliagarriagoa ematen diete. Bai, salatzen dute, esaten dute ezin dela hori egin, baina estatu guztiek kartzelak dauzkate eta gauza horiek egiten dituzte; gainera, estatu horiexek artikulatu dute sionismoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA