Gorenak berretsi du amnistia aplika dakiokeela Puigdemonti

Kataluniako Generalitateko presidente ohia atxilotzeko agindua indargabetzeko erabakia baliozkotu du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak.

Carles Puigdemont eta Laura Borras urriaren 11n, Parisen, Maria del Mar Bonet abeslariaren kontzertu batean. NEREA GONZALEZ / EFE
Carles Puigdemont eta Laura Borras urriaren 11n, Parisen, Maria del Mar Bonet abeslariaren kontzertu batean. NEREA GONZALEZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 19a
12:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorenak bere erabakia berretsi du, eta Kataluniako lider independentisten aurkako prozesu judiziala amaierara iristen hasia da. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia atxilotzeko agindua bertan behera utziko duela esan du berriz ere Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Llarenak urriaren 6an ebatzi zuen amnistia aplika dakiokeela Puigdemonti, baita Antoni Comin eta Lluis Puig Generalitateko kontseilari ohiei ere; eta hori berretsi du gaur kaleratutako autoan.

Halere, Llarenak ohartarazi du soilik atxilotze aginduak utzi dituela bertan behera, eta ez dela sumarioa amaitu —hainbat helegite aztertu behar dituzte oraindik—. Gainera, Auzitegi Goreneko epaileak argitu du ez datorrela bat Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin. Uste du U-1eko independentzia erreferendumerako erabilitako dirua «onura pertsonalerako» baliatu zutela Kataluniako lider subiranistek.

Konstituzionalak Gorenari amnistia legea aplikatzeko agindu zion urriaren hasieran. Espainiako instantzia goreneko auzitegiak Dolors Bassa Generalitateko Lan kontseilari ohiari egotzitako delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzearena, amnistiatzeko exijitu zuen; hortaz, aditzera eman zuen amnistia aplika dakiokeela Puigdemonti ere.

2024an Espainiako Parlamentuak amnistia legea onartu ondoren, Gorenak diru publikoa bidegabe desbideratzea leporatuta ukatu zion Puigdemonti amnistia aplikatzea. Bestalde, uztailean EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak oniritzia eman zion amnistia legeari, argudiatuta ez diela eragiten EBren gastuei. Eta hiru hilabete geroago, Konstituzionaleko presidente Candido Conde-Pumpidok agindu zuen amnistia aplikatzeko Kataluniako lider independentistei.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA