Groenlandiak eta Danimarkak uhartean misio bat abiarazteko proposatu diote NATOri

Danimarkako Defentsa ministroak eta Groenlandiako Atzerri ministroak uhartearen «segurtasuna» indartzeko egindako lanen berri eman diote Mark Rutteri. Groenlandiako presidenteak ziurtatu du Trumpen mehatxuek ez dutela makurraraziko.

Trumpen aurkako manifestari bat atzo, Davosen. Gaur hasiko da Suitzako eski estazio horretan Munduko Ekonomia Foroaren urteroko bilkura. GIAN EHRENZELLER / EFE
Trumpen aurkako manifestari bat atzo, Davosen. Gaur hasiko da Suitzako eski estazio horretan Munduko Ekonomia Foroaren urteroko bilkura. GIAN EHRENZELLER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 19a
17:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek Groenlandia anexionatzeko arrazoia Artikoko segurtasuna bada, Etxe Zuria argudiorik gabe utzi nahi dute Groenlandiak eta Danimarkak. Horregatik, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Rutteri proposatu diote uhartean misio bat abiarazteko. Danimarkako Defentsa ministro Troels Lund Poulsenek jakinarazi du irlako segurtasuna indartzeko hartutako neurrien berri eman diotela Rutteri, eta ziurtatu du NATOko idazkari nagusia egindako inbertsioen jakitun dela. Danimarkako Defentsa ministroak eta Groenlandiako Atzerri ministro Vivian Motzfeldtek-ek prentsaurrekoa eman dute Bruselan, Rutterekin batzartu ostean.

Aliantza militarreko idazkari nagusiak, ostera, ez du prentsaurrekorik eman. Sare sozialetan idatzitako mezu batean jakinarazi du Artikoko segurtasunaz mintzatu direla, eta elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela. Groenlandian misio bat abiarazteaz ez du ezer esan.

Aurrez, Poulsen eta Motzfeldtek Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuarekin ere bildu dira. Bileraren ostean, Kallasek gogorarazi du subiranotasuna ez dela merkataritzarako tresna. Horregatik, AEBei eskatu die uzteko albo batera mehatxu komertzialak, eta Artikoko segurtasunaren inguruan elkarrizketaren bidea hautatzeko eskatu die. Sare sozialetan zabaldutako ohar batean egin ditu adierazpen horiek; eta, gaineratu duenez, EBk ez du gerra komertzialik hasi nahi, baina bere interesak babesteko «tresna ugari» ditu.

Izan ere, AEBetako presidenteak asteburuan iragarri du %10-15 arteko muga zerga ezarriko diola Groenlandian soldaduak dituen Europako herrialde orori. Horren aurrean, Jens Frederik Nielsen Groenlandiako presidenteak ziurtatu du ez duela presiorik onartuko. Nielsen ez dago amore emateko prest Etxe Zuriaren mehatxuen aurrean. Trumpek Artikoko uhartea anexionatzeko asmoek eta horretarako martxan jarritako hertsatze mekanismoek ez dute «ezer aldatuko». Eta Groenlandiak eutsi egingo dio bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko duen eskubideari. AEBetako presidentearen mehatxuei horrela erantzun die gaur Nielsenek, Facebook sare sozialean kaleratutako ohar batean.

«Tinko jarraituko dugu elkarrizketaren, errespetuaren eta nazioarteko legediaren alde egiten», gehitu du Groenlandiako presidenteak. Europako hainbat estaturi eskerrak eman dizkie Trumpen mehatxuen aurrean babesa eskaintzeagatik; Nielsenen hitzetan, jarrera horrek erakusten du nazioarteak «bere erabakiak hartu ditzakeen gizarte demokratikotzat» duela Groenlandia. Gainera, asteburuan zehar bai uhartean zein Danimarkan egindako protestek «batasuna» islatzen dutela adierazi du. Groenlandiak bere gobernua badu ere, Danimarkaren parte da.

Davosen, Groenlandia hizpide

Davosen, ostera, Danimarkak ez du ordezkaritzarik izango. Suitzako eski estazio horretan gaur hasiko da Munduko Ekonomia Foroaren urteroko bilkura, eta ostiralera arte nazioarteko hainbat lider igaroko dira bertatik. Danimarkako Merkataritza ministroa bilkura horretara bertaratzekoa zen, baina gaur herrialde horretako hedabideek kaleratu dutenez, azken orduko aldaketak direla medio, ez da joango.

Groenlandia izango da nazioarteko foro horretan landuko duten gai nagusietako bat. Gaur bertan, bilkura hasi aurretik, Scott Bessent AEBetako Altxorraren idazkariak Davosen egindako adierazpenetan Europako herrialdeei ohartarazi die «zentzugabea» litzakeela Trumpek iragarritako muga zergei arma komertzialekin erantzutea. Asteazkenean Davosen izango da Trump.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.