Kazetaria eta giza eskubideen aldeko ekintzailea

Walter Cuc: «Guatemalako herriak Bernardo Arevaloren gobernua nahi du»

Cucek urteak daramatza Guatemalan kazetaritza komunitarioa egiten eta giza eskubideen alde borrokan. Herrialde horretan krisi politiko larria dago, salatu duenez: «Errepresio olatu sistematiko bat egon da».

Walter Cuc
MAIALEN ANDRES / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Walter Cuc kazetaria (San Lucas Tolimon, Guatemala, 1980) giza eskubideen alde borrokatzen da, eta FGER Guatemalako Irrati Eskolen Federazioko koordinatzailea da. FGER 30 irrati komunitariok osatzen dute, eta Guatemalan hitz egiten diren 24 hizkuntza gutxituak —22 maia hizkuntza, garifuna eta xinkera— eta gaztelania erabiltzen dituzten irratien konfederazio bat da. Cuc Euskal Herrian izan da, Lumaltik gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta, eta Guatemalako egoera politikoari buruz aritu da. Besteak beste, fiskaltza saiatzen ari da Bernardo Arevalok presidente kargua hartu ez dezan; horretarako, estatuburuari immunitatea kendu nahi diote.

Arevalo ezkertiarrak irabazi zituen presidentetzarako bozak joan den abuztuan. Zer iritzi duzu emaitzez?

Azken gobernua ultraeskuinekoa izan da, eta herriak bere desadostasuna adierazi zuen hauteskundeetan. Jendea aspertuta dago betiko politikoez; 2015eko hauteskundeetatik boz guztietan ikusi da hori.  

Nola daude giza eskubideak Guatemalan?

Zoritxarrez, atzerakada demokratikoa izan dugu azken urteotan. Egoera oso zaila da kazetarientzat eta giza eskubideen aldeko ekintzaileentzat, baita ustelkeria eta inpunitatearen aurka borrokatzen ari diren magistratu eta epaileentzat ere. Errepresio olatu sistematiko bat egon da demokrazia hobe eta justuagoa bat eraikitzen ari garenon aurka.

Errepresio hori kazetarien, epaileen, magistratuen eta giza eskubideen alde borrokatzen direnen aurkakoa da?

Bai. Jazarpen estrategia bat egiten ari dira horien guztien aurka, gure lanak enbarazu egiten diolako ustelkeriaren itunari lotuta dagoen sistemari [kontzeptu hori erabiltzen dute sistema bere interesen alde erabiltzen duen botere ekonomikoen, judizialen eta politikoen sareari erreferentzia egiteko]. Neurriak hartu dituzte, eta lankide asko erbestera joan dira. Hemen, Euskal Herrian, FGEReko hainbat lankide daude. Mexikok magistratu eta epaile asko hartu ditu, baita AEB Ameriketako Estatu Batuek ere.

Zuk eta zure lankideek baduzue adierazpen askatasunik kazetari modura?

Ez. Azken bi gobernuen partetik kazetaritza komunitarioak zentsura handia jasan duela salatu dugu. Prentsa askatasunaren moduko eskubidea urratzen ari dira. Sistemari min egiten diogun kazetariak gara, eta benetan gertatzen ari dena kontatzen dugu. Medio korporatiboek dena ondo doala irudikatzen dute, eta demokraziari egindako erasoen konplize izan dira. Ez dute estatu kolpeen saiakeren berri eman.

Errepresioa jasan duten herri indigenak izan ziren lehenak protesta egiten. Zergatik haiek?

Duela 70 urtetik ez zen horrelako mugimendu indigena indartsu bat sortzen. Laborarien, ikasleen eta langileen mugimendu bat eratu da. Demokraziarentzat garai zaila izaten ari da, eta gizarteari ere eragin dio horrek. Gizartea nekatuta dago ustelkeria eta inpunitate sistema horretaz. Erresistentziaren eta borrokaren buru izatera bultzatzen ditu, indigenen arbasoen agintaritzarekin batera. Maia arbasoek utzitako kulturak bizirik dirau, eta, ondorioz, modu baketsu batean manifestatzera deitzen dugu.

Manifestazioak, oraingoz, baketsuak izaten ari dira. Biolentoak bihurtzeko beldur zara?

Manifestatzera dei egin dugunon aldetik, ez. Gobernuak bere estrategiak ditu, eta kideak filtratzen ditu manifestariak banatzeko eta borroka hori polarizatzeko. Zoritxarrez, narkotrafikatzaileek bost kide hil dituzte Mexikoko mugatik gertu dagoen San Marcos eskualdean. Droga trafikatzaileek botere handia dute, eta gobernuaren gertukoak dira. Xinkera komunitateko lagun bat ere hil dute, herriaren ahotsa kaleetan minimizatzeko intentzioarekin.

«Sistemari min egiten diogun kazetariak gara, eta benetan gertatzen ari dena kontatzen dugu»

Nolakoak dira protestak?

Eraginkorrak izaten ari dira. Aldarri herrikoiek oihartzuna izan dute kaleetan, eta orain dagoeneko ez da indigenen mugimendua bakarrik. Indiferenteak izan diren sektoreetako jendea ere batu da protestetara. Dagoeneko 35. eguna da [hilaren 6koa], gutxi gorabehera, kaleak hartu dituguna eta ekintzak egin dituguna. Antolatzaileen jarrera baketsua bultzatzeak jende gehiago erakarri du.

Zer lortu nahi duzue protesten bidez?

Guk demokrazia defendatzen dugu, eta ez Arevaloren gobernua. Arevalo herriak hautatu du, eta herriak aukeratutakoa defendatu nahi dugu. Herriak Arevaloren gobernua nahi du.

Protestak luzerako izango direla uste duzu?

Guk urriaren 31n bukatuko zirela uste genuen, TSEri [Hauteskunde Auzitegi Gorenari] hauteskunde prozesua luzatzeko eskatu baikenion. Gure ustez, luzapen horrekin kargua hartzea ziurtatuko zuen. Baina ez zen hala izan. TSEk dio emaitzak behin betikoak direla, eta ezin dela ezer egin hori aldatzeko, baina guk badakigu gobernua edozer egiteko gai dela. Guk protestekin jarraituko dugu urtarrilaren 14ra arte, Arevalok kargua hartzen duen egunera arte.

Nola uste duzu bukatuko direla protestak? Ustelkeriaren ituna desegin duzue?

Ez dugu uste ustelkeriaren ituna bukatuko dugunik, baina uste dugu gobernu berriak itunarekin bukatzeko behar diren oinarriak sor ditzakeela: administrazio garden eta efizienteago bat. Baina, batez ere, Arevaloren gobernuaren eta herritarren arteko elkarrizketa sortu dadila nahi dugu, herritarren proposamenak entzuteko. Gu prest gaude Arevalorekin hitz egiteko.

Uste duzu Arevalok presidente kargua hartuko duela?

Beldurra dago ez dela kargua hartzera iritsiko, urtarrilaren 14an. Orain, gobernuan daudenak estrategia bat garatzen ari dira kargu hartzea gertatu ez dadin. Bestalde, badakigu Arevaloren gobernuak tresna gutxi dauzkala demokraziaren alde egiteko. Kongresuan, adibidez, 180 diputatutik 22 baino ez ditu.

Nazioarteko laguntzarik izan duzue?

Laguntza apur bat izan dugu nazioartean. Euskal Herriko hainbat erakundek adierazpenak egin dituzte, eta guretzako garrantzitsua da. Europako Batasunak bere desadostasuna eta kezka adierazi du Guatemalako indarkeriaren inguruan. AEBek funtzionario publikoei bisa kendu diete, eta ezin dute AEBetara sartu. Lotura horiek edukitzea oso garrantzitsua da, baita zuek bezalako hedabideekin harremanak izatea ere, biztanleriari Guatemalako egoeraren berri emateko aukera dugu eta.

Gaur egun dagoen gobernua diktadura bat bihurtuko den beldur zarete?

Bai. Dagoeneko diktadura baten praktikak erabili ditu. Auzitegi Goreneko magistratuek kargua 2019an utzi behar zuten, eta oraindik ez dute utzi. Hirugarren legealdia egiten ari dira ilegalki. Arevalorekin gauza bera egin dezaketela uste dugu, eta beste bati eman presidente izateko aukera.

Zer estrategia duzue hemendik aurrera?

Kaleetan presioa egiten jarraitzea da gure estrategia, Arevaloren gobernuak kargua hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.