Ikusi serie honetako artikulu guztiak
Atzerriko gutizia gastronomikoak dastatzea da Iparraldeko Schleswigeko Alemanen Federazioko komunikazio arloko buru Harro Hallmannen (Haderslev, Danimarka, 1963) zaletasunik kuttunena. Zaletasun «garestia» da, haren arabera, baina aukera ematen dio tokian tokiko ortu, kai eta landetara gerturatzeko. Lanean ere mahaiaren bueltan aritzen da, baina gozamenerako tarte txikia izaten du, Danimarkako Gobernuarekin bildu eta eztabaidatu behar izaten baitu, Kopenhagen, gutxiengoaren aldeko neurriak sustatu eta onetsi ditzaten. 2003an hasi zen lan horretan, eta 2020aren bukaeratik, berriz, Kopenhagera joan-etorrian ibiltzen da hilabetean bost egunez. Erretiroa gero eta gertuago duen arren, zereginari eutsi asmo dio oraindik ere.
Ibilbide luzea daukazu Iparraldeko Schleswigeko Alemanen Federazioan. Aldaketa handiak ikusiko zenituen, ala?
Prozesu luzea izan da, eta esango nuke orain ahaldunduago gaudela, konfiantza handiagoa daukagula geure buruan. Hori batetik; bestetik, azken hamabost urteetan gure historiari erreparatu diogu, baita pasarte ilunei ere, hala nola 1930eko hamarkadari eta Bigarren Mundu Gerrari. Horri esker, nabarmen aldatu da Danimarkako gehiengoak guri buruz daukan iritzia.
Harreman ona daukazue Danimarkako Gobernuarekin?
Tira, gure erronkarik handiena Danimarkako Gobernuak gu ikusi eta aitortzea da. Ez gaituzte diskriminatzen, baina ez gaituzte aintzat hartzen. Batzorde hau 1960ko hamarkadan sortu zen, gure alderdiak aurrenekoz Danimarkako Parlamentuan eserlekurik lortu ez zuenean. Batzordes Danimarkako Gobernuko ministerio batetik bestera mugitu izan dute, eta, azken urteetan, Kultur Gaietarako Ministerioaren barruan jardun du. Ministerio txikia da, eta ez da erraza diru askorik lortzea. Duela lau urte, batzorde hori tokiz aldatzea eta Danimarkako Parlamentuan batzorde bat izatea proposatu genuen, eta duela bi urte lortu genuen.
Zer negoziazio ildo nagusi dituzue orain mahai gainean?
Hizketagai nagusia beti da dirua. Hezkuntza sistema propioa daukagu, eta gutxiengo batek kudeatzen dituen eskolek, haurtzaindegiek eta institutuek ezin dute aurrera egin diru laguntzarik gabe. Bestalde, Danimarkan herrialdeko bandera soilik erabili ahal izan da ehunka urtez. Aspaldiko arau bat da, 1850 ingurukoa, pentsa. Badaude salbuespen batzuk, hala nola Eskandinaviako herrialdeentzat, Groenlandiarentzat, Faroe uharteentzat, Europako Batasunarentzat eta Ukrainarentzat. Bada, Danimarkako Parlamentuak araua legeztatzea erabaki zuen, eta indarrean dago iazko urtarriletik. Legea onartu zutenean, Alemaniako bandera ere sartu zuten salbuespenen zerrenda horretan. Ez dauka balio praktiko handirik, Alemaniako bandera egun jakinetan soilik erabiltzen baitugu, baina balio sinboliko handia bai.
«Legea onartu zutenean, Alemaniako bandera ere sartu zuten salbuespenen zerrenda horretan. Ez dauka balio praktiko handirik, baina balio sinboliko handia bai»
Komunitatean ez ezik, Danimarkan ere hitz egiten da alemanez?
Lehen bai; orain, gero eta gutxiago. Arazo larria da. Duela sei urte, hasi nintzenean, horixe zen Danimarkako Gobernuarekin eztabaidatzen nituen afera nagusietako bat, baina, duela hiru urte inguru, horri buruz hitz egiteari utzi nion, alferrik baitzen. Ez nuke esango ezinezkoa denik horri buelta ematea, baina horretarako sekulako saiakera egin beharko genuke, eta ez dut uste inork halako ahaleginik egiteko asmorik daukanik.
Zergatik gertatu da hori?
Aldagai eta eragile asko daude, baina esango nuke modu okerrean aritu direla alemana irakasten, eta esan ohi da alemana hizkuntza zaila dela, nahiz eta ziurrenik ez den egia. Guraso askok uste dute gazteentzat nahikoa dela danieraz eta ingelesez hitz egitea, ez dutela beste hizkuntzarik behar. Baina hori ez da hala, bereziki jakinda Danimarkak eta Alemaniak harreman ekonomiko estuak dituztela. Hizkuntza bat ikastea komunitate horren kultura ezagutzea ere bada. Halere, ez nuke esango atzerriko hizkuntza baten gisakoa denik hemen, inondik inora ere ez: erdibideko zerbait dela esango nuke.
Eurogutuneko 11 artikulu onartzea eta aplikatzea adostu du Danimarkako Gobernuak joan den udan. Zeintzuk dira?
Aurreneko bi artikuluak alemanak hezkuntza sisteman izan behar lukeen lekuari buruzkoak dira, baina bi artikulu horiek exijitzen dutena dagoeneko betetzen dugu guk geuk antolatutako eta eraikitako hezkuntza sistemaren bidez. Beste artikulu batek dio, esaterako, Sonderburgeko [Iparraldeko Schleswig, Danimarka] epaitegietan alemanez hitz egiteko eskubidea dagoela auzi kriminaletarako. Dena den, zorionez, ez ditugu halako epaiketa asko izaten; hortaz, ez dugu aukerarik izan egiaz nola funtzionatzen duen aztertzeko. Mahai gainean dagoen beste hizketagai bat seinale elebidunena da. Banderaren auziaren gisara, sinbolikoa da. Ez dut amore emateko asmorik, baina pazientzia galtzen hasia naiz. Erresistentzia handia dago. Adibidez, duela sei urte inguru, Hadersleveko [Iparraldeko Schleswig, Danimarka] alkateak hauxe esan zuen: «75 urte bakarrik igaro dira okupatu gintuzuenetik, eta orain hau eskatzen duzue». Tira, 75 urte hiru belaunaldi dira.
Neurri horiek nahikoa al dira?
Gobernuari zeintzuk onartu beharko lituzkeen proposatu genionean, betetzen eta indarrean jartzen errazak zirenak aukeratu genituen, nonbaitetik hasi behar baitugu. Oreka aurkitu behar dugu. Eskaera exijenteak egiten baditugu, edo presio handia egin, arazoak izango ditugu, ez bakarrik gobernuarekin, baita gure jendearekin ere. Sei urtez borrokatu gara artikulu horiek onartzeko; oso borroka neketsua izan da, eta, finean, artikulu horiek aintzat hartzeko eta indarrean jartzeko prestasuna ikustea izan da garrantzitsuena, ez hainbeste artikuluak bere horretan.