Kanbodia eta Thailandia herrialde mugakideak berriro hasi dira elkarri eraso egiten, eta, horren ondorioz, gaur gutxienez bost pertsona hil dira, eta hamasei inguru zauritu. 820 kilometro ditu Asia hego-ekialdeko bi herrialde horien arteko mugak, eta inguruko herrietatik dozenaka milaka pertsonak alde egin dute azkeneko orduetan, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.
Bi herrialdeetako armadak elkarri tiro egiten hasi ziren atzo, mugako puntu batean. Elkarri egozten diote erasotzen hasi izana. Ez zituzten erasoak gelditu, eta, are, Thailandiako armadak esan du gaur Kanbodia bonbardatu duela. Borroken ondorioz, gutxienez Thailandiako soldadu bat eta Kanbodiako lau zibil hil dira.Â
Ikusi gehiago
Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik zortzi gerra eten ditu; haren esanetan, haietako bat da Kanbodiaren eta Thailandiaren artekoa. Uztaileko borroketan gutxienez 35 pertsona hil ziren. Urri amaieran, baina, bi herrialdeek bake akordio bat sinatu zuten, Trump bitartekari zela. Adostu zuten, besteak beste, erasoak etetea eta gerra gatibu batzuk trukatzea; ez zieten heldu, ordea, sakoneko arrazoiei.
Aspalditik datoz bien arteko borrokak, eta tarteka pizten da txinparta. Nagusiki, lurraldetasun auziek eragin dute gatazka. Frantziak mapa bat kartografiatu zuen 1907an; hain zuzen, Frantziaren kolonia bat zen Kanbodia orduan. Thailandiari ez zitzaion zehatza iruditu lurraldeen zatiketa. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren 1962ko ebazpen batek Kanbodiari eman zion gatazka iturri diren lurraldeen burujabetza; eta mende erdi geroago, 2013an, epai hori berretsi zuen.