Gutxienez hemeretzi lagun hil dira Espainiako muga zeharkatu nahian, Ceutan

Azken orduetan milaka gazte marokoarrek zeharkatu dute muga, Espainiako Gobernuaren arabera, 50.000 inguruk. Ceutako kaleetan egin dute lo gehienek. Armada mobilizatu dute, eta Sanchez gaur goizean da hara joatekoa.

Hainbat lagun Ceutara igerian iristen, atzo. REDUAN DRIS / EFE
Hainbat lagun Ceutara igerian iristen, atzo. REDUAN DRIS / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko uztailaren 31
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka pertsonak Espainiaren eta Marokoren arteko muga zeharkatu dute azken orduetan, Ceutan. Lehenak igerian iritsi ziren atzo, baina, mugan kontrolik ez zegoela ikusita, azkenean oinez gurutzatu zuten gehienek. Bidea igeri egiten ahalegindu ziren askok, ordea, ez zuten helburua lortu: Guardia Zibilak jakinarazi duenez, hemeretzi lagunen gorpuak erreskatatu dituzte. Denera, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, 50.000 lagun inguru iritsi dira Ceutara. Egoera ikusita, ordea, gauean Marokora itzuli direnak ere asko izan dira.

Migratzaile gehienek kalean egin dute lo, parkeetako belardietan etzanda eta soinean duten arropa besterik ez zutela. Madrilek armada mobilizatu du; tankeak jarri dituzte Ceuta sarreran, eta migratzaileak industriagune batera bideratzen ari da, sakabanatu ez daitezen. 60 soldatu inguru ari dira Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean.

Ehunka lagun Maroko eta Espainia arteko mugara bidean, atzo. MOHAMED SIALI / EFE
Ehunka lagun Maroko eta Espainia arteko mugara bidean, atzo. MOHAMED SIALI / EFE

Espainiako eta Marokoko gobernuak atzo eguerdian elkartu ziren egoerari buruz hitz egiteko, eta hainbat erabaki hartu zituzten, besteak beste, Ceutara legez kanpo sartutako lagunak berehala itzularaztea Marokora. Aurrerantzean ere elkarlanean segituko dutela jakinarazi dute, migrazio krisiari erantzun bateratua emateko.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea gaur da hiri autonomora joatekoa. Tarajal kai muturrera bisita egingo du, migratzaile gehienek muga pasatzeko baliatu duten tokira, eta han Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren ordezkariekin elkartzekoa da. Ondoren, bilera bat egingo du tokiko ordezkari politiko eta polizialekin. Atzo, Juan Jesus Vivas Ceutako presidenteak muga ixteko eskatu zion Madrili.

PPk, bere aldetik, eskatu du atzerritartasun legea aldatzeko «migratzaileak mugan errefusatu ahal izateko», Sanchezen berehalako agerraldi bat exijitu du Espainiako Kongresuan, eta galdegin du Ceutakoa «interes nazionaleko egoera» deklaratu eta «baliabide masiboak» bidaltzeko hara. «Ceutara jendea heldu da gau osoan zehar, eta han daudenek okupatutako hiri bat deskribatzen dute; ez dira ezer egiten ari hori eragozteko», adierazi du Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ohar bidez.

Migratzaile ugari Ceutara iritsi berritan, atzo. REDUAN DRIS / EFE
Migratzaile ugari Ceutara iritsi berritan, atzo. REDUAN DRIS / EFE

Ez Ceutan bezainbeste, baina Melillan ere 300-400 lagun inguruk gurutzatu dute muga bart, hango gobernuaren arabera. Han bai, Madrilek muga ixtea erabaki du.

Azken orduetakoa Ceutan 2021. urtetik izan den migrazio krisirik handiena da. Orduko hartan 5.000 gazte heldu ziren Ceutako hondartzara, Espainiaren eta Marokoren arteko harremana tentsio handikoa zen garai batean. 

Italiaren mehatxua

Ceutako egoerak zeresana eman du nazioartean ere, eta Italiak iragarri du Schengen akordioa bertan behera uztea aztertzen ari dela. Hori dela eta, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa Italiako enbaxadorearekin elkartzekoa da gaur Madrilen, kontuak eskatzeko. Sare sozialetan idatzi duenez, Italiarena jarrera desegokia da: «Herrialde kideen aldetik elkartasuna espero dugu, eta ez demagogia alderdikoia».

Giorgia Meloni Italiako presidentearen arabera, «legez kanpoko inmigrazioa benetako mehatxua da Europako mugen segurtasunarentzat», eta azpimarratu du Erromak ez duela pauso bat ere atzera egingo «inmigrazio irregularraren aurkako borrokan».

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ere hizpide izan du Ceutako egoera. Etxe Zuriko bozeramaile baten arabera, Donald Trump presidenteak denbora zeraman «ezker muturreko migrazio politiken ondorioez» ohartarazten: «Espainiak eta filosofia suntsitzaile hori aplikatu duten beste herrialde batzuek norabidea aldatu beharko lukete, edo desagertzeko arriskua dute».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA