Europako Parlamentuko hainbat parlamentarik —tartean EH Bilduko Pernando Barrena— gutun bat igorri diete Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari eta Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuari, AEBek Venezuelan egindako eraso militarra gaitzets dezatela eskatzeko. Sinatzaileek idazkian diote eraso hori eginez eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea «bahituz» Nazio Batuetako Gutuna «larriki urratu» dutela. Zehazki, nazioarteko harremanetan indarra erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua egitea debekatzen duen printzipioa urratzen duela adierazi dute, eta Bruselari galdegin diote AEBen erasoa «argi eta irmo» gaitzes dezan.
Gutunean adierazi dutenez, gisa horretako ekintzek «arriskuan» jartzen dute nazioarteko segurtasuna, eta eragin zuzena izan dezakete Europako herritarrengan. Halaber, gogorarazi dute Europako Batasunak behin eta berriz defendatu duela «arauetan oinarritutako nazioarteko ordena», eta gaitzetsi egin dituela nazioarteko zuzenbidearen antzeko urraketak beste jokaleku batzuetan.
Hori hala izanik, europarlamentariek zera ohartarazi dute: EBk «bi aurpegiko jarrera» erakutsiko lukeela AEBen aldebakarreko ekintzei irmo erantzungo ez balie, eta Europaren sinesgarritasuna «larriki ahulduko» litzatekeela.
Halaber, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera batera deitzeko eskatu dute europarlamentariek, bai eta gatazka «arintzeko» ekinbide diplomatikoak abiatzeko eta AEBekiko segurtasun eta defentsa arloko lankidetza berriz aztertzeko ere.
Horrez gain, EH Bilduko parlamentariak adierazi du Europako Batasuna ezin dela «isilik» egon nazioarteko zuzenbidea larriki urratu dela ikusita, eta «koherentziaz» aritu behar duela «bakearen» eta «multilateralismoaren» defentsan.