G7koen goi bilera Miarritzen

Hamasei herrialdetako agintari gorenak elkartu dira Euskal Herrian

Taldea osatzen duten zazpi potentzia ekonomikoetako agintariez gain, beste bederatzi herrialdetako estatuburu eta gobernuburuak gonbidatu ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

Quebeceko G7n parte hartu zuten agintarien argazkia, iaz. LUDOVIC MARIN / EFE
Berria
2019ko abuztuaren 24a
09:21
Entzun

G7ko bilkuretan, taldea osatzen duten herrialdeetako agintariek beste herrialde batzuetako agintariak gonbidatu ohi dituzte goi bileretara. 2000. urtean egin zuten hori lehenengo aldiz. Iaz, esate baterako, Quebecen egin zuten bilkura, eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak G7koak ez ziren hamabi herrialdetako agintari gorenak gonbidatu zituen. Horiez gain, nazioarteko erakundeetako ordezkariak ere gonbidatu ohi dituzte. Miarritzen izango dira NBE Nazio Batuen Erakundea, AB Afrikako Batasuna, Munduko Bankua, NDF Nazioarteko Diru Funtsa eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, besteak beste. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk ere gonbidatu ohi dituzte; horietako batzuek errefusatu egin dute parte hartzea, Greenpeacek adibidez.

Larunbat eguerdian, 13:00etan, Emmanuel Macron herritarrei zuzendu zaie agerraldi batean, gailurraren helburuak azaltzeko. 19:30ean egingo die harrera agintariei, eta gero Miarritzeko itsasargira joango dira afaltzera. Hotel du Palaisen ostatu hartuko dute nazioarteko delegazio gehienek. Hurrengo egunetan, igandean eta astelehen goizean, hotel horretan bertan eta Bellevuen egingo dituzte bilerak, aldebikoak eta topaketak G7koek eta gainerako estatuek nahiz nazioarteko erakundeek. Otorduak ere bertan egitekoak dira. Astelehenean, gailurra bukatzeko, prentsa agerraldi batean irakurriko dituzte bileren ondorioak.

Gailurraren inguruan bestelako ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte. Genero desberdintasunei, agroekologiari, trantsizio energetikoari eta beste zenbait gairi buruz hitz egiteko mahai-inguruak egingo dituzte igandean. Estatuburuen bikotekideak, berriz, Ezpeletara eramango dituzte bisitan igandean; pilota partida bat eta abesbatza baten emanaldi bat antolatu dituzte haientzat propio. Kanboko Arnaga jauregian bazkalduko dute, ETAren desegite agiria publiko egin zen toki berean.

Guztira 20.000 polizia eta militar inguru mobilizatu dituzte, eta segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte goi bilera egiteko. Miarritzeko erdialdean sentitu dituzte neurri horien ondorioak gehien, baina Lapurdin eta Gipuzkoan ere eragina nabarmena izan da, batez ere errepideetako zirkulazioan. Miarritzen, ostiralaz geroztik, asko hustu dira hiriaren erdialdeko kaleak; Hotel du Palace aurreko hondartza hutsik da, eta itxita daude denda asko. Poliziak eta militarrak baizik ez dira ikusten kaleetan, G7koen bileraren berri jasotzera iritsitako milaka kazetariekin batera. Turistarik apenas dagoen hirian, baina kazetariak 4.000 inguru izango dira, eta nazioarteko delegazioetako kideak, beste 3.000 inguru. Macronen gobernuak ia 37 milioi euroko gastua egin du goi bilera antolatzeko.

Aspaldiko giro nahasienetako baten erdian elkartuko dira G7koak aurten. Gerra komertzialak, potentzien arteko gerra diplomatikoak, Europaren eta brexit-aren ezinak... Honako hauek dira larunbatean hasi eta astelehenera arte Euskal Herrian bilduko diren hamasei agintariak:

G7-KOAK:

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea (Amiens, Frantzia, 1977).

Frantziak du G7koen txandakako presidentetza, eta hark erabaki du goi bilera Euskal Herrian antolatzea. Hirugarren G7a izango du Macronek. Goi bilera hasi aurreko bi egunetan, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin eta Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroarekin elkartu da Parisen, G7ren agendan egongo diren bi gai nagusiez mintzatzeko: brexit-a eta Irango itun nuklearra. Lidergo erakustaldi bat egin nahi du Macronek, eta azken orduan beste gai bat proposatu du agendarako: Amazoniako suteak. Mercosurretik ateratzeko aukera ere mahai gainean jarri du, Jair Bolsonaro presidentea presionatzeko.

Donald Trump, AEBetako presidentea (New York, AEB, 1946).

AEBetako presidenteak aparteko protagonismoa izan ohi du mota honetako bilkuretan; beraz, ikusteko dago esan eta egin ditzakeenek gain hartuko ote dioten, esate baterako, brexit-aren oihartzunari. Azken egunotan, Trumpek defendatu du Errusia taldean onartu eta G8 formatura itzultzea. Izan ere, haren ustez, «bilkura hauetan jorratzen diren gaietako askok Errusiarekin zerikusia dute». Ikusmin berezia sortu du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin egitekoa duen bilerak, aurrenekoa izango baita Johnson gobernuburu denetik.

Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa (New York, AEB, 1964).

Johnsonek lehenengo nazioarteko goi bilera du lehen ministro denetik. Joan den uztailaren 24an hartu zuen kargua, eta aste honetan egin ditu lehen bidaiak atzerrira: Berlinera lehenik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin elkartzeko, eta Parisera ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin elkartzeko. Bilera horietan bezala, brexit-a izango du mintzagai nagusi Miarritzen. G7ko protagonistetako bat izango da.

Angela Merkel, Alemaniako kantzilerra (Hanburgo, Alemania, 1954).

2006tik egin diren G8 eta G7 guztietan egon da Merkel. 2021eko hauteskundeen ondoren gobernuko buruzagitza uzteko asmoa du; beraz, beste bi bilkuratan egotekoa da oraindik. Macronekin elkar hartuta iritsiko da Miarritzera: fronte bateratu bat egin dute brexit-aren auzian, baita Donald Trump AEBetako presidentearekin dituzten desadostasunen aurrean ere. Amazoniako suteen gaia agendan sartzea ere babestu du Merkelek. Ikusmina sortuko du Trumpekin zer-nolako hartu-emana izango duen, NATOn gehiago inbertitzeko eskatzen baitio AEBetako presidenteak, eta joan den uztailean Trumpek kritikatutako zenbait emakume kongresisten alde agertu baitzen Merkel.

Giuseppe Conte, Italiako lehen ministroa (Volturara Appula, Italia,1964).

Italiako lehen ministroa dimisioa eman berritan iritsiko da Miarritzera, jarduneko karguan. Horren ondorioz, ez du parte hartze nabarmenik izango. Erromak ez du G7an jorratu nahi dituzten gaiei buruzko adierazpenik egin; izan ere, Italiako krisi politikoa konpontzea da herrialdearen helburu nagusia.

Shinzo Abe, Japoniako lehen ministroa (Tokio, 1954).

Merkelen ondoren, G7ko beste beteranoa da Abe. Japoniako lehen ministroaren asmoa bilkuran jorratzen diren gaietan bitartekari lana egitea izango da. Japoniako Gobernuko zenbait iturriren arabera, Abek G7ko kideen artean «ahalik eta adostasun handiena» lortu nahi du. Agenda ekonomiko argia du, eta ikuspuntu horretatik helduko die jorratuko diren nazioarteko gai nagusiei: AEBekiko merkataritza harremana, brexit-a, Iran...

Justin Trudeau (Ottawa, 1971) Kanadako lehen ministroa

Trudeauk laugarrenez parte hartuko du G7ren bilkura batean. Iaz, hura izan zen antolatzailea, Quebecen, eta eztabaida gogorra izan zuen Trumpekin. Harreman gorabeheratsua du hegoaldeko bizilagunarekin, baina aurten badirudi gai batzuetan bat eginda daudela elkartuko direla Miarritzen: Mexikorekin batera eginiko T-MEC akordio komertziala berresteko erabakian, Venezuelako Gobernuaren aurkako presioan, eta Txina estutzeko ahaleginean.

GONBIDATUAK

Narendra Modi, Indiako lehen ministroa (Vadnagar, India, 1950).

Munduko herrialde populatuenetan bigarreneko agintari gorena Euskal Herrira etorriko da Macronek gonbidatuta. Frantziako zenbait hedabidek azaldu dutenez, Indiak klimaren inguruko eztabaidan parte hartuko du. Izan ere, berotegi-efektu gas gehien isurtzen dituen herrialdeetako bat da. Indiak menpean duen Kaxmirgo zatiari autonomia kendu zion hilaren 7an, eta lurralde horretako gatazka saihestu ezinezko gai bat izango da Modirentzat Miarritzen.

Abdel Fattah al-Sisi, Egiptoko presidentea (Kairo, 1954).

Al-Sisi AB Afrikako Batasuneko txandakako presidente dela etorriko da Miarritzera. Macronek Afrikari protagonismo berezia eman nahi dio bilkuran. Al-Sisik estatu kolpe baten bidez lortu zuen boterea, 2013an. Mohamed Mursi islamista kendu zuen agintetik, hauteskunde garbien bidez Egipton hautatu zuten lehen presidentea; kartzelan zendu da Mursi, aurten. Urte hauetan Al-Sisik gogor jo du oposizioaren eta mugimendu sozialen aurka, eta nazioartean Saudi Arabiarekin lerratu da. Herrialde arabiar populatueneko presidentea da.

Cyril Ramaphosa, Hegoafrikako presidentea (Soweto, Hegoafrika, 1952).

Ramaphosa bigarrenez izango da G7n. Iaz lortu zuen agintea, Jacob Zuma alderdikidea parlamentuak zentsura mozio baten bidez kargutik kendu ondoren. Ramaphosak bilera bat egingo du Emmanuel Macronekin. Gainera, Frantziako presidentea Hegoafrikara joatekoa da, datorren urte hasieran. Afrikako ekonomia handiena da Hegoafrika.

Pedro Sanchez, Espainiako presidentea (Madril, 1972).

Espainiako presidentea bilkurari amaiera emateko igandean egingo den afarira gonbidatu dute; beraz, ez du parte hartze handirik izango. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa bezala, jarduneko karguan joango da, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik izan. Sanchezek Miarritzera egingo duen bidaia aprobetxatuko du EAJko Andoni Ortuzarrekin elkartzeko, hilabete soilik falta baita Espainian beste inbestidura saio bat egiteko gehienezko epea bukatzeko. Espainiako Gobernuak laguntza osoa eman dio Frantziakoari Euskal Herrian polizia zaintza berezia ezartzeko bilkura amaitu bitartean.

Sebastian Piñera, Txileko presidentea (Santiago, 1949).

Piñera izango da G7koen gailurrean parte hartuko duen Txileko lehenengo presidentea. Hango zenbait hedabideren arabera, «lanpetuta» ibiliko da Piñera. Izan ere, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiarekin eta Kristalina Georgieva Munduko Bankuko presidentearekin biltzekoa da. Hego Amerikako presidente eskuindar beteranoena da, bigarren agintaldia baitu (2010etik 2014era agindu zuen aurrenekoz). Piñeraren amaren aldeko arbasoek Arizkunen dute jatorria, Baztanen (Nafarroa).

Paul Kagame, Ruandako presidentea (Tambwe, Ruanda-Urundi, 1957).

Kagame bigarren urtez jarraian gonbidatu dute G7ra. 2000. urtetik da Ruandako presidente, eta Afrikako buruzagirik sendoenetakoa da. Ruanda da mende honetan urtero batez beste gehien hazi den Afrikako ekonomia, eta tutsien aurkako genozidioaren ondorenetik (1994) eraldaketa ikaragarria eduki du. Hala ere, arerioek eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek maiz kritikatzen dute Kagame, disidentziaren aurka errepresioa erabiltzea leporatzen baitiote, baita hilketak agintzea ere.

Scott Morrison, Australiako lehen ministroa (Waverley, Australia, 1968).

G7n parte hartuko duen Australiako lehenengo gobernuburua izango da Morrison kontserbadorea. Asteburuan egingo du urtebete kargua hartu zuenetik. Morrison «ikusle» modura joango da Miarritzera, Australiako hedabideek adierazi dutenez. AEBen aliatu fidela da.

Roch Marc Christian Kabore, Burkina Fasoko presidentea (Uagadugu, 1957).

Macron eta EB Europako Batasuneko agintariak kezkatzen dituen eremu bat da Sahel, segurtasun ikuspegi hutsetik begiratuta. Frantziari estu lotuta dagoen herrialdea da Burkina Faso kolonia ohia, eta herrialde hori duela urte batzuetatik muturreko talde islamisten erasoak pairatzen ari da. Aste honetan bertan 24 soldadu hil dituzte herrialdearen iparraldean, armadak orain arte jasan duen handienean.

Macky Sall, Senegalgo presidentea (Fatick, Senegal, 1961).

Ruandako eta Hegoafrikako presidenteak bezala, Senegalgoa ere bigarren urtez jarraian gonbidatu dute G7ra. Miarritzetik Yokohamara (Japonia) joango da Sall, Afrikako herrialdeen garapenari buruzko nazioarteko konferentzia batean parte hartzera. Euskal Herrian bizi diren Saharaz hegoaldeko etorkinen komunitaterik handienetakoa da Senegalgoa, baita Bidasoa gaineko muga gurutzatzeko eragozpenak dituzten askoren jatorrizko herrialdea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.