Hamasek akordioari eusteko eskatu du, oraindik bahituen gorpu guztiak itzuli ez dituen arren

Palestinako talde islamistak laguntza humanitarioa «manipulatzea» egotzi dio Israeli. Turkia gorpuak bilatzeko erreskate talde bat Gazara sartu zain dago.

Zenbait palestinar ostiraleko otoitza egiten, gaur, Khan Yuniseko mezkita baten hondakinen artean. HAITHAM IMAD / EFE
Zenbait palestinar ostiraleko otoitza egiten, gaur, Khan Yuniseko mezkita baten hondakinen artean. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urriaren 17a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako plana ez betetzea leporatzen dio Israelek Hamasi. Palestinako talde islamistak 2023ko urriaren 7an gatibu hartutako israeldar guztiak entregatzeko konpromisoa hartu zuen; bizirik zeuden hogeiak ituna sinatu zen egunean bertan utzi zituen aske, eta oraingoz gatibuen 28 gorpuetatik bederatzi eman ditu. Horren jakitun da Hamas, baina akordioari eusteko eskatu du, gaur kaleratu duen ohar batean. Negoziazioetako bitartekariei bi urtean egindako «ahalegina» eskertu die, eta presoen eta bahituen trukea egin bitartean, zera eskatu du: laguntza humanitarioari mugarik ez jartzeko, Rafahko pasabidea irekitzeko eta zerrenda berreraikitzeari ekiteko.

Hamasek Benjamin Netanyahuren gobernua egin du atzerapenaren erantzule, argudiatuta entregatzeko geratzen diren gorpuak «okupazioak suntsitutako» tunelen eta eraikinen hondakinen azpian daudela, eta Israelen blokeoaren ondorioz ez dauzkatela behar dituzten «baliabideak». Zerrendarako plana betetzeko «konpromisoa» berretsi du talde islamistak bart gauerdian kaleratutako beste ohar batean, baita gorpu guztiak entregatzekoa ere: «Litekeena da denbora hartu behar izatea preso israeldarrak itzuli ahal izateko».

Turkiako hedabideen arabera, Ankara erreskate talde bat bidaltzekoa da Gazara, hondakinen azpian geratzen diren bahituen gorpuak aurkitzeko. Turkiako Hondamendien eta Larrialdien Kudeaketarako Agintaritzako 81 kidek osatzen dute taldea, eta lurrikarek astindutako guneetan aritzen dira batik bat. AFP Agence France-Presse berri agentziak Turkiako iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan dago taldea, zerrendan sartzeko Israelen baimenaren zain; Hamasen iturrien arabera, agentzia horrek esan du espero dela igandean sartzea.

Donald Trump AEBetako presidenteak aurkeztutako planak, Israelek eta Hamasek onetsitakoak, zera dio bosgarren puntuan: «Bahitu israeldar baten gorpuzkiak itzultzearen truke, hildako hamabost gazatarren gorpuzkiak entregatuko ditu Israelek». Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Israelek preso palestinarren 120 gorpu itzuli ditu dagoeneko, eta, Gazako Osasun Ministerioaren Munir al-Burx zuzendariaren arabera, «torturatu edo exekutatu» dituztelako aztarnak dituzte horietako 30ek: eskuak edo oinak lotuta, begiak estalita...

Israelek, egotzitakoak egotzita, eraso egiten jarraitzen du. Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Israelgo armadak Gaza hiriko Xujayea auzoa bonbardatu du gaur. Eta Gazako Defentsa Zibilak jakinarazi du Israelgo soldaduek hamar palestinar inguru zeramatzan autobus bati egin diotela eraso, Gaza hirian. Oraindik ez dute hildakoren berririk eman. Duela astebete su etena indarrean sartu zenetik, Hamasek salatu du Israelek gutxienez 24 palestinar hil dituela.

Bestalde, armada zerrenda ia erdibituko duen lerro horia delakoa markatzen hasi da, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak sare sozialetan jakinarazi duenez. Akordioaren arabera, tropak erretiratzea adostu arren, armadak zerrendako lurren %58 kontrolatzen jarraituko du, eta lerro hori gurutzatzen saiatzen den edonori «tiroz» erantzungo diotela ohartarazi du Katzek.

Rafah, oraindik itxita

Akordioaren lehen faseko eskakizunetako bat zen Israelek laguntza humanitarioari ezarritako blokeoa arintzea. Hein batean arindu du hori, kamioien erdiei baimentzen baitie Gazarako sarrera —gehienez hirurehun sartu daitezke egunero, gutxiago sartzen diren arren—, eta zerrendaren hegoaldeko Rafahko igarobideak itxirik segitzen baitu; Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak atzo esan zuen «ziurrenik igandean» irekiko dutela Rafahko pasabidea. Hamasek salatu du palestinarrak «zigortzeko» eta laguntza humanitarioa «manipulatzeko» neurriak direla.

Su etena indarrean sartu zenetik, egunero 560 tona elikagai sartu dira Gazan, WFP Munduko Elikadura Programaren bozeramaile Abeer Etefak gaur adierazi duenez, Genevan (Suitza) eman duen prentsaurreko batean: «Behar dutena baino gutxiago da, baina ari gara gerturatzen. Meniak aukera bat ireki du, aukera estu bat, eta WFP zer jana emateko lanean ari da agudo». Guztira 145 banaketa gune ezarri nahi dituztela erantsi du —martxoan Israelek blokeoa ezarri baino lehen, laurehun inguru zeuden zerrenda osoan—. Erakundearen arabera, gazatar guztiak hiru hilabetez hornitzeko adina janari dute. «Jarraitzeko eta guztiongana heltzeko, giro egonkorra behar dugu. Su etenari eutsi behar zaio. Ezin dugu atzera egin», adierazi du WFPk sare sozialetan gaur kaleratu duen mezu batean.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak agerian utzi du azken bi urtetako bonbardaketek suntsituta utzi dituztela nekazaritzarako lursailak, eta horiek berreskuratu arte exijitu du «mugarik gabe» utz dezatela laguntza humanitarioa sartzen. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, erakundeak adibide hau eman du: «Kilo bat tomatek 60 zentimo balio zituen lehen; orain, berriz, hamabost dolar. Baldin eta halakorik topatzen bada».

ISRAELGO ARMADAK PERTSONA BAT HIL DU LIBANON

Israelgo armadak Libano hegoaldea eta ekialdea bonbardatu ditu bart, eta lagun bat hil eta beste zazpi zauritu dira erasoetan, herrialdeko Osasun Ministerioak kaleratutako ohar batean jakinarazi duenez. Israelgo armadak baieztatu du, komunikatu batean, Hezbollah talde xiitaren azpiegiturei egin diela eraso, baita zementua ekoizten duten instalazio bati ere, argudiatuta armadak berak suntsitutako talde xiitaren guneak berreraikitzen laguntzen zuela. Joseph Aoun Libanoko presidenteak bonbardaketak salatu ditu: «Israelen erasoak politika sistematiko baten ondorio dira, eta haren helburuak dira azpiegitura produktiboak suntsitzea, suspertze ekonomikoa oztopatzea eta, segurtasuna aitzakia gisa hartuta, egonkortasun nazionalaren kontra aritzea».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.