Hamasek erantzun «positiboa» eman dio AEBek Gazan su eten baterako egin duten proposamenari, eta esan du negoziatzeko prest dagoela menia indarrean «berehala» jartzeko. Atzo, ohar baten bidez, azaldu zuen Palestinako beste fakzioekin hitz egin duela proposamenaz, eta pozik hartu dutela: «Hamasek amaitu du Gazaren kontrako erasoak geratzeko bitartekariek egin duten proposamenaz egin dituen barne kontsultak. Mugimenduak erantzun positiboa eman die bitartekariei, eta erabat prest dago negoziazio sorta bat berehala hasteko, menia nola ezarri pentsatzeko».
Hamasen iturriak aipatuz, Ynet albiste atariak azaldu du proposamenean aldaketa txiki batzuk eskatu dituztela, horien artean GHF fundazioak giza laguntza banatzeari uztea, eta Nazio Batzuen Erakundea izatea berriro hori banatzen duena. BBCren arabera, negoziazioek porrot egiten badute erasoak berriro ez hasteko ere eskatu du.
Proposamena asteartean iragarri zuen Donald Trump AEBetako presidenteak. Hirurogei eguneko menia bat proposatu dute, eta haren helburua behin betiko su etena eta Israelgo armada Gazatik pixkanaka eta erabat erretiratzea litzateke. Israelek preso dauden hainbat palestinar askatuko lituzke, eta Hamasen eskuetan bizirik diren israeldarren erdiak aske geratuko lirateke, eta 30 gorpu itzuliko lituzke.
Hirurogei eguneko su etena da Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako mandatariak duela hilabete batzuk egin zuen proposamenaren oinarria. Gazako inbasioa hasi zenetik 57.000 palestinar hil dituzte, eta 132.000 zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.