Hamasek adierazi du ahal izan duen gorpu guztiak entregatu dizkiola Israeli

Palestinako talde islamistak gatibualdian hil diren zazpi israeldarren gorpuak eman ditu, eta laguntza eskatu du besteak aurkitzeko. Israelek Hamasi leporatu dio Egipton adostutako plana ez betetzea, eta presio egiten ari zaio.

Israelgo armadaren ibilgailu bat, atzo, Gazako mugan. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armadaren ibilgailu bat, atzo, Gazako mugan. ATEF SAFADI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2025eko urriaren 15a
11:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako ondutako plana indarrean sartu bezain laster, agerian geratu da zailtasunak daudela hura aplikatzeko. Bitartekari ibili diren herrialdeek —Egiptok, Qatarrek, AEBek eta Turkiak— astelehenean sinatu zuten hogei puntuko dokumentua. Eta agertu dira jada zenbait kontraesan, mehatxu eta azken orduko aldaketa. Israelek akordioa urratzea leporatu dio Hamasi, ez baititu entregatu hildako bahitu guztien gorpuak. Gaur iluntzean beste birenak eman dizkio Ilargi Gorriari, eta, horiekin, zazpi dira entregatutakoak. 21 faltako lirateke, baina Hamasek adierazi du ezin dituela aurkitu, eta laguntza eskatu du. 

Palestinako erakundeak dioenez, Israelen bonbardaketen ondorioz galdu egin du gatibu horien arrastoa, eta horiek aurkitzeko «ahalegin handia eta ekipamendu berezia» beharko da. Horren harira, Gershon Baskin bahituen auzian bitartekari ibili den israeldarrak CBS News AEBetako hedabidean jakinarazi du gorpu horiek lurperatu zituzten buruzagi militarrak hilik daudela eta horrek are eta gehiago zailtzen duela akordioa betetzea. Gorpuen aferak gero eta finago egin du su etenari eusten dion haria.

Bart, Hamasek beste lau bahituren gorpuak entregatu ditu, baina Israelgo armadak jakinarazi du horietako bat ez dutela lotu ahal izan ezein gatiburekin; ondoren, baieztatu du laugarren gorpua gazatar batena dela.

Beste bertsio bat zabaldu du Hamasek, ordea. Palestinako talde islamistako iturri bat aipatuz Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, gorpu hori ez da gazatar batena, Zisjordaniako palestinar batena baizik, zeinak Israelgo armadak giza ezkutu gisa erabili zuen, Hamasen tunelak eta azpiegiturak miatzeko. Israelgo armadak gezurtatu egin du halakorik. 

Oraindik hogei bat gatiburen gorpuak daude Gazan. Palestinako talde islamistak lau entregatu zituen herenegun, bizirik geratzen ziren hogei bahituak askatu zituen egun berean. Itunaren arabera, egun horretan bertan eman behar zizkion Israeli gainontzeko bahituen gorpuak ere, baina Hamasek argudiatu izan du birrindutako eraikinen hondakinen azpian daudela, eta aurkitu nahian ari direla. 

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren bulegoak ohar bat kaleratu du, eta, hala, Hamasi gogorarazi dio hitzarmenean adostutakoa betetzera behartuta dagoela eta gorpu guztiak entregatu behar dituela. Horren harira, talde islamistaren bozeramaile Hazem Qasemmek adierazi du talde islamista adostutakoa betetzen ari dela, eta Israeli leporatu dio menia urratzea. Gaur, Israelgo armadak bi palestinar hil ditu Gaza hirian, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, eta atzo beste bederatzi hil zituen. Bestalde, Al-Jazeerak gehitu du Israelgo militarrek hamabost lagun atxilotu dituztela zerrendaren hegoaldean, Rafahn.

Bahituen gorpuen aferak Israel haserretu du, eta, horri erantzunez, atzo itxita eduki zituen Gazara laguntza humanitarioa sartzeko modua ematen duten pasabideak. Nolanahi ere, jaramon egin die NBE Nazio Batuen Erakundearen eta nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakunde batzuen eskaerei, eta gaur berriro ere ireki ditu pasabide horiek; hori bai, Al-Jazeera hedabideak iturri ofizialak eta lekukoak aipatuz jakinarazi duenez, kamioi humanitarioak tantaka ari dira sartzen. Aldeek lehen faserako adostutakoaren arabera, egunean seiehun kamioi humanitario dira zerrendan sartzekoak. Bestalde, Israelek esan du gazatarrek bihartik aurrera izango dutela aukera zerrendatik irteteko, hala nahi izanez gero, Rafahko pasabidea baliatuta. 

Gazako akordioak izango ditu zailtasunak aurrerantzean ere; ez baitira gutxi Israelek eta Hamasek hurrengo pausoen inguruan dituzten desadostasunak. Horren adibide, atzo Trumpek ziurtatu zuen Hamasek armak utziko dituela, eta, are, hizpidera ekarri zuen gainontzean «horretara indarrez behartzeko» aukera ere. Honela mintzatu zitzaien kazetariei, Etxe Zurian: «Hitz egin dut Hamasekin, eta galdetu diet: 'Armak utziko dituzue, ezta?'. 'Bai, jauna, armak utziko ditugu', erantzun didate. Armagabetu egingo dira, edo armagabetu egingo ditugu». Palestinako talde islamistak, aldiz, esana du ez duela armak uzteko asmorik.

Hamaseko kideak zazpi palestinar exekutatzen ageri diren bideo bat zabaldu da egunotan sare sozialetan. BBC Erresuma Batuko hedabideak baieztatu duenez, exekuzio horiek Gaza hirian egin zituzten, eta milizianoek «kolaboratzaileak!» egiten dute oihu tiro egin aurretik. Azken egunetan gisa horretako beste irudi batzuk ere zabaldu dira. The Times of Israel-ek zerrendako iturriak aipatuz kaleratu duenez, asteburutik 33 pertsona hil ditu talde islamistak. Horren inguruan galdetuta, Trumpek ez zion garrantzi handirik eman: «Pare bat gaizkile bandatako kideak hil dituzte. Egian esan, ez dit asko axola. Ez da ezer pasatzen». Igandean AEBetako presidenteak adierazi zuenez, talde islamistari «denbora tarte bat» eman dio «Gazako arazoak konpontzeko».

GHFren rola «gerraostean»

Bitartekariak Trumpek proposatutako planaren xehetasun batzuk negoziatzen eta aurrerantzean zer urrats egin aztertzen ari diren bitartean, argitara ateratzen hasi dira hitzarmen horren barruan adostutako beste zenbait kontu. Esaterako, The Times of Israel egunkariak itunaren eranskin bat argitaratu du gaur. Haren arabera, «gerraostean» GHF Gazako Fundazio Humanitarioa erakundea ez da arduratuko Gazan laguntza humanitarioa banatzeaz. Maiatz amaieratik AEBetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen duten talde horrek soilik eduki du Israelen baimena zerrendan laguntza banatzeko. Bada, orain berriz ere «NBEren agentziak, Ilargi Gorria, zerrendan jarduten duten herrialdeak eta beste erakunde batzuk» arduratuko dira laguntza kudeatzeaz.

The Times of Israel-ek negoziazioetako iturriak aipatuz azaldu duenez, Tel Avivek ez zuen nahi GHFk esplizituki adieraztea aurrerantzean ez duela laguntzarik banatuko Gazan, horregatik gehitu zuten «beste erakunde batzuek» ere jarduteko aukera edukiko dutela. Baina Israelgo hedabidearen arabera, GHF laguntza banatzeko guneak uzten ari da iragan astetik. Laguntzaren banaketa kudeatzea soilik talde horren esku egon denetik, laguntza jasotzera joandako 1.400 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak.

Ustelkeria kasuari buruzko gaurko auzi saioa lehenago amaitzeko eskatu du netanyahuk, «eztula» duela argudiatuta

Ustelkeria, iruzur egitea eta eroskeria egotzita, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren aurkako hiru prozesu judizial daude abian. Horietako bati buruzko epaiketak iazko abenduan hasi zituzten; halere, bertan behera geratu izan dira hainbat auzi saio, Gazaren aurkako erasoaldiak eragindako «ezohiko egoera» aitzakia gisa erabilita. Gaur beste auzi saio bat izan du Netanyahuk, eta aurreikusi baino lehenago amaitu da, Israelgo lehen ministroak hala eskatuta: argudiatu du «eztula» zuela, eta medikuak «atseden hartzeko» gomendatu diola. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.