Hamasek onespena eman badio ere Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako proposatutako planari, Israelek zerrendan erasoak egiten jarraitu du, eta gaur gutxienez 55 palestinar hil ditu. Halere, AEBetako presidentearen arabera, Tel Avivek «behin-behinean» erasoak eten ditu, Gazako gerra amaitzea eta bahituak askatzea asmo duen planari «aukera bat» emateko. Atzo, talde islamistak adierazi ostean bahituak askatzeko prest zegoela, bonbardaketak geldiarazteko agindu zion Trumpek Tel Avivi. Hark ez du halakorik egin, baina AEBetako presidenteak talde islamistaren gain jarri du ardura osoa, gaur Truth Social bere sare sozialean zabaldutako mezuan: «Hamasek azkar jardun behar du; gainontzean, guztia bertan behera geratuko da. Ez dut atzerapenik onartuko».
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur goizaldean zabaldutako ohar labur batean adierazi du «lehen faserako prestatzen» ari dela, baina gaur 50 pertsona baino gehiago hil dituzte zerrendan zehar egindako erasoetan, Al-Jazeera hedabideak Gazako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Arratsaldean, agerraldi batean, adierazi du espero duela «datozen egunetan» bahitu guztiak askatzea. Gaineratu du Hamasek armak utzi beharko dituela, izan Trumpen plana betez, izan Israelen ekintza militarren bidez: «Nolanahi dela ere, lortuko dugu».
Erasoetako bat Gaza hiriko Al-Tuffah auzoan egin dute: etxe bati eraso egin dio Israelgo armadak, eta gutxienez hamazazpi pertsona hil ditu. Gainera, drone batekin Al-Mawasin dagoen errefuxiatuen kanpalekuari ere egin dio eraso, Gaza hegoaldean, eta bi haur hil ditu. Han bertan, Al-Akkad meskitari egin dio eraso, eta beste bi pertsona hil dira. Nuseirat herrian ere, etxe bat izan du jomuga, eta beste haur bat hil du.
Erakunde islamista bahituak askatzeko prest agertu bada ere, Washingtonen planaren zehaztasunak negoziatzeko eskatu du. Horretan ari direla adierazi du Trumpek: «Jada hitz egiten ari gara xehetasunak zehazteko». Horretarako, Ekialde Hurbilerako AEBen mandatari berezi Steve Witkoff Kairora iritsi da gaur, Israelgo Gobernuko ordezkariekin eta Hamasekoekin negoziatzeko. Israelgo hedabideek Egiptoko iturriak aipatuz kaleratu dute astelehenean direla hastekoak elkarrizketa horiek.
Bezalel Smotrich eta Itamar Ben Gvir Israelgo ministro ultraeskuindarrek, baina, Trumpen plana onartu izana gaitzetsi dute, sare sozialetan egindako adierazpenetan. Gainera, Ben Gvirrek mehatxu egin du gobernua utziko duela baldin eta bahituak askatu ostean Hamas oraindik existitzen bada.
Milizia palestinarrek hogei gatibu israeldar dituzte Gazan, eta gatibualdian hil diren beste 28ren gorpuak ere bai. 2023ko urriaren 7an eraman zituzten Israeldik Gazara, milizia palestinarrek egun hartan egin zuten erasoaldian, beste dozenaka batzuekin batera. Gertakari horri erantzunez hasi zuen Israelek Gazako erasoaldia, eta, azken buruan, genozidio bihurtu du.
Hamasen zehaztapenak
Trumpek beste ultimatum bat eman eta ordu gutxira argitaratu zuen adierazpena Hamasek. AEBetako presidenteak igandera arteko epea emana zion taldeari. Joan den asteartean proposatu zuen plana, eta orduz geroztik ez dio negoziatzeko eskaintzarik egin Palestinako taldeari: plana onartzeko exijitu dio, edo bestela «infernuari» aurre egiteko.
AEBetako presidentearen planeko bi elementu nagusi onartzeko prest agertu da Hamas: bahitu israeldarrak askatzeko eta Gazaren administrazioa Trumpek proposatu duen nazioarteko organo baten esku uzteko. «Egoera honetan, mugimenduak adierazten du prest dagoela bitartekarien bidez negoziatzen hasteko akordioaren detaileei buruz», idatzi du Telegram sarean banatu duen oharrean.
Gazan ezarri beharko litzatekeen administrazio horri buruz —Trump bera buru izango lukeena—, Hamasek zehaztu du prest dagoela onartzeko «Palestinako kontsentsu nazionalean eta arabiar eta islamiar babespean oinarrituta». Planeko beste puntuei dagokienez, berriz, «posizio nazional bateratu batera eta nazioarteko lege eta ebazpenetara lotuta» daudela esan du.
Hamasen erantzuna jakin baino lehen, Ekialde Hurbileko herrialdeek eta «haragokoek», AEBekin eta Israelekin batera, «bakea» sinatu dutela berretsi zuen atzo Trumpek: «Akordio honek bizia barkatuko die Hamasen borrokalariei! [...] Indarkeria eta sarraskia amaitu egingo dira». Washingtonen plana «azken aukera» da Hamasentzat, eta, baietza eman ezean, Etxe Zurikoak mehatxu egin zuen Gazan «infernua» aurkituko dutela, «inoiz ikusi gabeko» egoera. «Bakea egongo da Ekialde Hurbilean, modu batera edo bestera», erantsi zuen. Planaren arabera, nazioarteko zenbait agintarik zerrendako «trantsizio» gobernu bat gainbegiratuko dute, eta Trump bera izango da begiraleetako bat.
Washingtonek ondutako hogei puntuko proposamenak zenbait hutsune ditu Gazaren etorkizunari dagokionez. Ez du zehazten Israelgo armada noiz erretiratuko den zerrendatik, eta ez du bermatzen Palestinako Estatua sortuko denik. Hemeretzigarren puntuak honela dio: «Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta Palestinako Aginteak bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke, azkenean, Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko modua izatea». Horiek horrela, zenbait hedabidek aurreratu dute posible dela talde islamistak plana ez onartzea.
%66
AEBen Gazarako plana zenbat israeldarrek babesten duten. Israelgo herritarren %66k begi onez ikusten dute Donald Trump AEBetako presidenteak Gazaren etorkizunerako ondutako plana. Maariv Israelgo egunkariak kaleratu ditu inkestaren emaitzak, eta, haren arabera, israeldarren bi herenek proposamena babesten badute ere, soilik %14k uste dute plana martxan jarriko dutela.
Bien bitartean, Tel Avivek aurrera jarraitzen du Gazaren aurkako operazio militarrarekin. Ostiralean, gutxienez 72 palestinar hil zituen zerrendan egindako erasoetan, horietatik 42 Gaza hirian. Hala jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Datorren asteartean beteko dira bi urte Israelgo armadak Gazaren aurkako azken erasoaldia hasi zuenetik; ordutik, 66.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Gainera, Netanyahuren gobernuak zerrendara laguntza humanitarioa sartzea oztopatzen du oraindik ere, eta ostiralean atzeman dute Gazara laguntza eraman asmo zuen Global Sumud Flotillan nabigatzen jarraitzen zuen azken ontzia. Herenegun hasi zuen Israelgo armadak ontzidiaren aurkako operazioa, nazioarteko uretan; atzo eguerdirako, berrogei itsasontzi baino gehiago atzeman zituen. Flotillako kideek aurrez ere salatu izan dute Israelek droneekin eraso egin diela. Herenegun, Israelek «itsas eremu debekatu» izendatutakora iritsi ziren lehen ontziak —Gazako kostaldetik 120 itsas miliara hasten da—. Eta hortik aurrera ontzi guztiak geldiarazi dituzte Israelgo soldaduek.
Flotillako kideen salaketa
Atzo goizean atzeman zuten Gazara bidean zen azken itsasontzia, Marinette izenekoa. Matxura bat dela medio, gainerako ontziak baino atzerago zihoan; horregatik ez dute geldiarazi lehenago. Militarrek itsasontzia abordatu dute, eta han zihoazen sei ekintzaileak atxilotu. Flotillari laguntza legala eskaintzen dio Adalah erakundeak, Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak, eta, erakunde horretako abokatu batek EFE berri agentziari adierazi dionez, 473 ekintzaile Negev basamortuan dagoen espetxe batera bidali dituzte, Israel hegoaldera.
Italiako parlamentariak dira atxilotuetako lau, eta atzo iritsi ziren Italiara. Gaur, Israelgo Atzerri Ministerioak jakinarazi du beste 137 partaide deportatu dituztela, Turkiara. Ministerioaren arabera, hamalau herrialdetakoak dira deporatu horiek: 36 turkiarrak, eta gainerakoen artean estatubatuarrak, marokoarrak eta libiarrak ere badaude. Istanbulgo aireportuan lurreratu ostean salatu dute zer egoeratan egon diren Israelgo kartzeletan: 36 eta 40 ordu artean janaririk eta urik gabe, eta eskuak lotuta.
Global Sumud Flotillako ontzi guztiak atzeman badituzte ere, beste egitasmo batzuk abian dira Gazako blokeoa hausteko asmoz. Esate baterako, Thousand Madleens to Gaza ontzidiko bederatzi itsasontzi Gazara bidean dira. Catania eta Ostrano hirietatik (Italia) abiatu ziren, eta atzo atzean utzi zuten Kreta uhartea (Grezia).