Hamasek Gazako Gobernua desegingo duela jakinarazi du gaur, eta lekukoa emango dio palestinarrek osatutako batzorde teknokrata berri bati. Gazako su etenerako akordioan adostu zuten talde islamistak desegin egingo zuela Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordea —2023ko urriaren 7tik de facto Gazako gobernua da—, eta haren tokia Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak hartuko zuela. Ismail al-Thawabta Hamasen gobernuaren komunikazio bulegoko zuzendariak eman du berria, gaur goizean, Deir al-Balahn emandako prentsaurreko batean.
2025eko urriaren 10ean ezarri zuten ofizialki su etena Gazan, eta orduan sartu zen indarrean Donald Trump AEBetako presidenteak ondutako bake akordioa. Plan horrek hogei puntu biltzen ditu, eta horietako bat da behin-behineko gobernuaren trantsizioarena. Hamargarren artikuluaren arabera, batzorde apolitiko eta teknokrata baten eskuetan geratuko da Gazako zerbitzu publikoen kudeaketa. Batzordea Palestinako eta nazioarteko adituek osatuko dute, eta Trumpen Bake Batzordeak gainbegiratuko du trantsizioa.
Hamasen arabera, Gazan bizi diren palestinarren onerako izango delakoan hartu dute erabaki hori. Izan ere, Palestinako milizia horrek oroitarazi du Israelek zerrendaren aurka gerran jarraitzen duela, blokeoa indarrean dagoela, berreraikitzea atzeratzen ari dela, eta Israelgo armadak ez duela alde egin.
Orain, gobernua deseginda, Hamasek bitartekari ari diren herrialdeei eskatu die presio egiteko Israeli, bidea eman diezaion Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalari bere lana egiten has dadin. Izan ere, Israelgo Gobernuak ez die uzten Gazara sartzen administrazio berri horretako kide izango direnei. Gaza Administratzeko Batzorde Nazionaleko buruak, Ali Xaath Planifikazio ministro palestinar ohiak, oroitarazi du batzordea prest dagoela bere eginkizunei ekiteko.
Batzorde berria lanean hasi arte, Gazako Barne Ministerioko langileek lanean jarraituko dutela zehaztu du Al-Thawabtak, «segurtasun hutsunerik» gerta ez dadin. Muhammad Abdul Khaliq al-Farra Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordearen buruak, berriz, dimisioa eman du.
Erabakiaren berri eman aurretik, hainbat hedabidek Hamaseko iturriak aipatuz aurreratu dute talde islamistak gaur emango zuela gobernuaren desegitearen berri. Iturri horiek jakinarazi dutenez, talde islamista ziur dago Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez duela bake planarekin aurrera egiteko asmorik. Gaur hartutako erabakiaren, aldiz, Hamasek erakutsi nahi du planarekin jarraitzeko prest dagoela, eta «malgua» dela.
Gazako Gobernurako bozetan Hamas nagusitu zen 2006an, eta 2007tik zerrendako administrazioa kontrolatzen du. 2023ko urriaren 7an, Israelek Gazaren aurkako setioa gogortu zuen, eta, zenbait zati okupatu ostean, gaur egun zerrendaren erdia baino gutxiago dago Hamasen gobernuaren agindupean —Israelgo armadak okupatua du zerrendaren %64 inguru—. Israelek okupatua ez duen zatia kontrolatzen zuen administrazioa zen Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordea.
Plana, geldi
AEBek urtarrilean jakinarazi zuten Gazako bake akordioaren bigarren fasea martxan zela, baina ordutik ez dute aurrerapauso handirik eman. Bitartekariek negoziazio saioak egin dituzte Kairon, eta horien ondorioa da gaurko erabakia. Kontua da Israelgo armadak erasoak egiten jarraitzen duela zerrendan. Gaur bertan, sei pertsona hil eta hogei zauritu ditu.
Erasoetako batean, lau pertsona hil eta hamasei zauritu ditu, drone batekin auto bati eraso eginda. Zerrendaren iparraldean egin dute erasoa, Khan Yunisko Al-Raxida kalean. Hortik gertu, Al-Mawasin, kanpadenda batean zeuden bi desplazatu hil dituzte. Hala baieztatu du Al-Jazeera hedabideak, Al-Nasser ospitaleko iturriak aipatuz. Iturri horien arabera, garai ezegonkor batean iritsi dira eraso horiek, medikuntza hornidurak falta baitituzte, eta Israelen murrizketak handitzen ari baitira.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 73.098 pertsona hil dituzte Israelek egindako erasoetan 2023ko urriaren 7tik, eta 173.571 zauritu. Iazko urrian, su etena indarrean sartu zenetik, Israelek Gazaren aurka egindako erasoetan gutxienez 1.072 pertsona hil dituzte, eta 3.463 zauritu.