Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak irailaren 29an aurkeztu zuen Gazarako «bake plana», Etxe Zurian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa alboan zuela. Orduantxe hasi zen Israelgo Gobernuak eta Hamas Palestinako talde islamistak menia onartzeko atzerako kontaketa, 2023ko urriaren 7az geroztik 67.000 palestinar baino gehiago hil diren setioa amaiarazteko. Aldeak ez ziren asko berandutu, eta urriaren 10ean ezarri zuten tregoa, nahiz eta azken hilabete honetan Israelgo armadak eragindako biktimek erakutsi duten erasoen etena, zerbait izatekotan, hauskorra dela. Hark kontrolatzen du oraindik zerrendaren erdia baino gehiago, eta gaur heldu da beste kolpe bat: Israel Katz Defentsa ministroak Israelgo armadari agindu dio, sare sozialetan gaur idatzitako mezu batean, zerrendako tunel guztiak «suntsitu» ditzala: «Tunelik ez baldin badago, orduan Hamas ere ez da egongo».
Gazaren hegoaldeko Rafah hiria gune militarizatu horretan dago. Reutersek Egiptoko iturriak aipatuz kaleratu duenez, negoziazioak hasi dituzte hiri horretako tuneletan harrapatuta dauden Hamaseko 150 kide aske uzteko, armak entregatzearen truke. Aintzat hartzekoa da ezen Gazarako «bake planaren» arabera «behin bahitu guztiak itzulita» Hamasen kideak «amnistiatuko» dituztela, horiek armak entregatu eta gero.
Oraindik sei bahituren gorpuak entregatzea falta zaio talde islamistari. Hamasi lotutako Al-Qassam Brigadek gaur iragarri dute bahitu baten gorpua entregatuko dutela gaur iluntzean. Israelgo Channel 15 kateak adierazi du Gurutze Gorria prestatzen ari dela gorpua jasotzeko —gobernu kanpoko erakunde hori arduratzen da gorputzak hartu eta Israelgo armadari emateaz—.
Eta, armadak su etena nahi adina hausten duen bitartean, zerrenda desmilitarizatzeko helburua duen Nazioarteko Egonkortze Indarra delakoa «berandu baino lehen» hedatuko dutela ziurtatu du Trumpek gaur goizaldean, Etxe Zurian.
Nazioarteko Egonkortze Indarra misio militarra da Trumpen «bake planak» setio ondorengo Gazarako aurreikusten dituen organoetako bat. Herrialde arabiarren eta nazioartekoen tropek osatuko lukete, Israelek esana duen arren ez lituzkeela onartuko Turkiaren soldaduak, esaterako, zerrendan egotea. Hori guztia negoziazio fasean dago oraindik, AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak atzo aurkeztu baitzien ebazpen proposamen bat NBEren Segurtasun Kontseiluko behin-behineko kideei eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialderi; azken horiek «sendo babestu» zuten nazioarteko indar hori sortzea, Mike Waltz enbaxadorearen arabera. Ikusteko dago noizko onduko duten behin betiko ebazpena, baita onartuko duten ere, kontuan izanda, finean, kontseiluko kide iraunkorrek dutela azken hitza, beto eskubidea dutelako; hots, AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak.
Zerrendako «barne segurtasuna»
«Herrialde oso boteretsuak» prest daude Gazan esku hartzeko, Trumpek adierazi duenez. AEBen proposamena onartuko balute, 20.000 soldadu bidaliko lituzkete zerrendara, eta «beharrezko neurriak» hartuko lituzkete beren helburuak lortzeko, Reuters albiste agentziaren arabera. Printzipioz bi urterako bidaliko lukete misio militarra, zertarako-eta «bake segurtasunaz» arduratzeko —ebazpen proposamenaren xehetasun askorik filtratu ez den arren, horixe jasotzen du Trumpen planak—. Izan ere, misio horrek «entrenatu eta lagunduko» lituzke «Gazarako hautatutako Polizia indar palestinarrak», eta Hamas armagabetzea ere izango luke xede. Talde palestinarrak, oraingoz, ez du horretarako asmorik erakutsi.
Trumpen planeko puntuetako batek zehazten duenez, Nazioarteko Egonkortze Indarrak «kontrola eta egonkortasuna ezartzen duen neurrian, Israelgo armada erretiratu egingo da». Netanyahuk, baina, irailean adierazi zuen «segurtasunaren ardura» atxikiko duela Israelek, eta «segurtasun perimetro bat» ere ezarriko duela.
ISRAELGO ARMADAK EGINDAKO GIZA ESKUBIDEEN URRAKETEN BIDEOAK EZABATU DITU YOUTUBEK
The Intercept hedabideak egindako ikerketa baten arabera, Youtubek Palestinako giza eskubideen aldeko hiru talderen ehunka bideo ezabatu ditu; zazpiehun bideo horietan, Israelgo tropek Gazan eta Zisjordaniako lur okupatuetan egindako giza eskubideen urraketak ageri ziren. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak hiru talde horien kontrako zigorrak onartu zituen irailean —Al-Haq, Giza Eskubideen aldeko Al-Mezan Zentroa eta Giza Eskubideen Aldeko Palestinako Zentroa—, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren kontra Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku artean duen salaketarekin zerikusia zutela argudiatuta. Gerra krimenak egozten dizkiote Netanyahuri, eta Hagak hura atxilotzeko agindua dauka emanda.
Al-Haq taldeak salatu du, ohar bidez, «abisatu gabe» ezabatu zituztela bideoak Youtubetik, hori «atzerapausoa» dela, eta «giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren» kontrakoa dela.