Ekialde Hurbileko herrialdeek babestu egin dute Gazarako nazioarteko indarra sortzea

Mike Waltz AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak ebazpen proposamena aurkeztu du. Onartuz gero, NBEren markoaren pean ezarriko lukete Nazioarteko Egonkortze Indarra deiturikoa.

Gazatarrak Khan Yunis hirian, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Gazatarrak Khan Yunis hirian, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko azaroaren 6a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako tregoa indarrean sartu eta hilabetera Israelgo armadak hura urratzen jarraituagatik ere, nazioartea, Ameriketako Estatu Batuen ekimenez, zerrendako trantsizio aldirako misio militarra ezartzeko beharrean hasi da. Horren marko juridikoak zalantzak eragin ditu, orain arte AEBek ez baitute iradoki zer-nola pentsatzen zuten hura ezartzea: AEBen Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak, Mike Waltzek, ebazpen proposamen bat aurkeztu die Segurtasun Kontseiluko behin-behineko kideei, eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetako ordezkariak ere egon dira New Yorken (AEB) egin duten bilera horretan; hain zuzen ere, Egipto, Qatar, Saudi Arabia, Turkia eta Arabiar Emirerri Batuak. Waltz enbaxadorearen arabera, New Yorken izan diren Ekialde Hurbileko herrialdeek «sendo babestu» dute proposamena.

Onartuko balitz, ia hogei urtean NBEk Gazarako onartu duen lehenbiziko esku hartzea izango litzateke. Proposamenak Gazan nazioarteko misio militar bat ezartzea du xede, ISF Nazioarteko Egonkortze Indarra deiturikoa. Trumpek irailaren 29an aurkeztutako hogei puntuko «bake planaren» arabera, AEBak lankidetzan arituko dira bazkide arabiarrekin eta nazioartekoekin ISF sortzeko; indar horrek «entrenatu eta lagunduko ditu Gazarako hautatutako Polizia indar palestinarrak», eta hark emango dio «luzera begirako irtenbidea barne segurtasunari». Ebazpenaren zirriborroaren arabera, Nazioarteko Egonkortze Indarraren helburuetako bat da zerrenda desmilitarizatzea eta Hamas armagabetzea.

Waltzek gaur kaleratu duen ohar batean adierazi duenez, Gaza «segurua eta oparoa» izateko bidea da hori, eta ziurtatu du AEBek «emaitzak» lortzen dituela, eta ez «negoziazio amaigabeak». Ebazpenean, gainera, Bake Batzordea ere aipatzen da. Trumpen plazaren arabera, batzorde horrek gainbegiratuko du zerrendako trantsizio gobernua, eta Donald Trump AEBetako presidenteak berak zuzenduko du —Waltzek ez du aipatu trantsizio gobernuari buruzko xehetasunik—.

Ebazpena Segurtasun Kontseiluan bozkatuko dutenez, kide iraunkorrei ere erreparatu behar zaie: AFP agentziak aipatutako kontseiluko iturrien arabera, Errusiak eta Txinak ez dute beren iritziaren berri eman; Erresuma Batuak eta Frantziak, berriz, ebazpenean «klausula humanitarioak» ezarriz gero onartuko lukete proposamena. Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten bozketa.

20

OMEk zenbat osasun zentro berreraikiko dituen Gazan OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du berreraiki edo berritu egingo dituztela Israelen setioagatik Gazan kaltetu diren ospitale eta osasun zentroak. Gainera, datorren astetik aurrera 44.000 haur txertatuko eta artatuko dituzte, Unicefekin eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarekin lankidetzan. «Berebizikoa da su etenari eustea, ez ahalegin hau arrakastatsua izan dadin bakarrik, baizik eta baita Gazako osasun sistema berriro piztu dadin ere», esan du OMEren zuzendari nagusiak sare sozialetan.

Israelek eta Hamasek urriaren 9an onartu zuten Trumpen planak, baina, hauek ere biltzen ditu: su etena indarrean izatea, laguntza humanitarioa NBEren agentzien esku uztea eta haiek kudeatzea, eta Hamas talde islamistak 2023ko urriaren 7an bahitutakoak askatzea.

Planean jasotakoak ez dira bete; izan ere, urriaren 10etik, hau da, su etena ezarri zutenetik gutxienez berrehun gazatar hil dituzte Israelgo tropek, NBEren agentziek ez dute lortu palestinarrek behar adina laguntza bidaltzea, eta sei bahituren gorpuak entregatzea falta zaio Hamasi. Bizirik zeuden bahitu guztiak eta beste hogeiren gorpuak dagoeneko entregatu baditu ere, talde islamistak argudiatu du hondakinen azpian daudela gainontzeko gorpuak, eta makineria falta zaien lekuetan zaila dela horiek aurkitzea.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak bart baieztatu du armadak beste gorpu bat jaso duela, eta gatibu batena dela; Gaza hiriko Xujaiya auzoan topatu zuen Hamasek. Zerrendako gune militarizatuaren parte da auzo hori, oraindik ere soldaduek kontrolatzen baitute lurraldearen erdia baino gehixeago —lerro horia delakoak erdibitzen du Gaza, eta horretara gerturatzen diren gazatarrei tiro egiten diete—.

Are, Israelen eta Egiptoren arteko muga militarizatzeko agindu du gaur Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak, eta gune horretara gerturatzen den orori eraso egiteko ere bai. Ministroaren bulegoak kaleratu duen ohar batean, argudiatu dute drone bidezko armen kontrabandoa galarazi nahi dutela. Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak adierazi du ekintza «terrorista» dela kontrabandoa, eta Katz zoriondu du, sare sozialetan.

ISRAELGO ARMADAK NERABE BAT HIL DU ZISJORDANIAN

Israelgo soldaduek 15 urteko nerabe bat hil zuten atzo gauean tiroz, Zisjordania iparraldeko Al-Yamun hirian, Jenindik gertu. Wafa Palestinako albiste agentziaren arabera, Murad Fawzi Abu Seifeni lau tiro jo zizkioten, eta odolustuta hil zen, soldaduek galarazi egin baitzuten anbulantziak heltzea. Aurten, Jenin inguruan gutxienez 56 palestinar hil ditu armadak, Wafak zehaztu duenez. Palestinako Aginte Nazionalaren arabera, Israelgo armadak eta kolonoek bi mila eraso baino gehiago egin dituzte Zisjordanian azken hilabetean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.