«Terroristei» heriotza zigorra aplikatzeko lege proiektu bat bidea egiten ari da Israelen. Botere Juduak, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarraren alderdiak, hauspotu du, eta Israelgo Parlamentuak, Knessetek, babesa eman dio lehen bozketa batean. Hamasek uste du lege horrekin Tel Avivek legeztatu egin nahi dituela preso palestinarren «heriotza sistematikoak». Atzo gauean egin zuten lehen bozketa Knesseten, eta beste bi gainditu beharko ditu legea onartu aurretik.
Gaur Hamasek ohar bat kaleratu du lege proiektua kritikatuz: «sadikoa» dela adierazi du, baita nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideen printzipioak urratzen dituela ere. Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundeari eta bestelako nazioarteko erakundeei lege hori gaitzesteko deia egin die. Horrez gainera, Palestinako talde islamistak nazioarteko batzorde bat sortzea proposatu du, Israelgo kartzeletan preso palestinarrek dituzten baldintzak gainbegiratzeko.
Urriaren 10ean indarrean sartutako Gazarako meniaren lehen fasean, Israelek aske utzi zituen ia bi mila preso palestinar; horietatik askok Israelgo ziegetan jasandako tratu txarrak salatu dituzte. Besteak beste, azaldu dute espetxealdian torturak, umiliazioak eta jipoiak jasan dituztela, eta kasik ez zutela ez edateko urik, ez janaririk. Gainera, larunbatean The Guardian Erresuma Batuko egunkariak kaleratu zuenez, Rakefet lurpeko kartzelan preso daudenek eguzki argirik ere ezin dute ikusi. 1985etik itxita zegoen espetxe hori, baina Ben Gvirrek irekitzeko agindu zuen, urriaren 7ko erasoen egileak bertan preso hartzeko.
Orain, Ben Gvirrek pauso bat gehiago eman nahi du, eta exekutatu egin nahi ditu «terroristatzat» dituzten presoak. Ben Gvirren alderdiak bultzatutako lege hori aplikatuko litzaieke «Israelgo estatuari kalte egiteko asmoz, arrazakeriagatik edo etsaitasunagatik Israelgo herritarren bat hil dutenei». Parlamentuan, 39 diputatuk eman zuten aldeko botoa; eta hamaseik bozkatu zuten kontra.
Proiektuak atzera parlamentuko batzordeetara egingo du, eta, horietan eztabaidatu ostean, beste bi bozketa igaro beharko ditu. The Jerusalem Post egunkariak lege proiektuaren xehetasun gehiago zabaldu ditu. Horien arabera, kartzelatzea ez da disuasio neurri egokia, ez baita eraginkorra ekintza «terroristak» eragozteko orduan; horregatik, hilketaren bat egozten zaien «terroristei» heriotza zigorra aplikatuta, espero dute halako ekintza gehiago eragoztea.
Ben Gvirren iritziz, Israelen historiako legerik garrantzitsuena izango da: «Terrorista guztiek ezagutu beharko lukete; lege honek disuasiorako balioko du, eta beldurra zabalduko du. Mila aldiz pentsatuko dute beste urriaren 7 bat egin aurretik», adierazi zuen bozketaren aurretik emandako prentsaurrekoan. Aurrez sare sozialetan esan zuenez, «arabiar terrorismoaren aurkako urrats historikoa» izango da lege hori.
«Terrorismo judua», ezin zigortu
Izan ere, lege horrek ez ditu «terroristatzat» hartzen palestinarrak hiltzen dituzten israeldarrak, hilketa horiek arrazakeriagatik edo etsaitasunagatik eginak badira ere. Are gehiago, Israelgo indarrek ezin dituzte atxilotu palestinarrei eraso egiten dieten kolono israeldarrak. Urtarrilean Israel Katz Defentsa ministroak bertan behera utzi zituen kolonoen aurkako atxiloketa administratibo aginduak, argudiatuta «terrorismo palestinarraren» aurka ari direla borrokan.
Yair Golan oposizioko buruak gaur exijitu du atxiloketa agindu horiek berrezartzeko. Sare sozialetan salatu duenez, Israelgo soldaduek eta poliziek ez dute babesik «terrorismo juduari» aurre egiteko. Hain justu, aurreko hilabetean kolono israeldarrek palestinarren aurka egindako inoiz baino eraso gehiago erregistratu zituen UNRWA Palestinako Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, Zisjordanian —2013an hasi zen datu horiek jasotzen—.
yemengo huthiek esan dute erasoak eten dituztela
Yemengo huthiek adierazi dute Israelen eta Itsaso Gorriko ontzien aurkako erasoak eten dituztela. Gazarako menia akordioa indarrean delako hartu dute neurri hori. Israelgo hedabideek zabaldu dute huthiek Hamasi igorritako mezu bat; hartan, ohartarazi dute berriz ere erasoak egiten hasiko direla Israelek zerrendaren aurkako erasoaldiari berrekiten badio. Hortaz, iradoki dute eten egin dituztela eraso horiek. 2023ko urrian Israel Gaza setiatzen hasi zenetik, huthiek erasoak egin dizkiete Itsaso Gorritik igarotzen diren zamaontziei, baita Israeli ere.