Azken hamarkadan kolonoek Zisjordanian eraso gehien egin dituzten hila izan da urria

Gazan Israelgo armadak gutxienez beste bi palestinar hil ditu gaur, eta jada 69.000 baino gehiago dira hildakoak. Turkiak Netanyahu atxilotzeko agindua eman du.

Hainbat palestinar zauritutako gizon bat garraiatzen, atzo, Israelgo militarrek Zisjordanian egindako eraso baten ostean.  ALAA BADARNEH / EFE
Hainbat palestinar zauritutako gizon bat garraiatzen, atzo, Israelgo militarrek Zisjordanian egindako eraso baten ostean. ALAA BADARNEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko azaroaren 8a
18:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako su etenerako akordioa indarrean da duela ia hilabetetik, baina ez dago tregoarik palestinarrentzat. Egia da, Israelgo armadak gutxitu ditu erasoak zerrendan; eten, ordea, ez ditu eten. Gaur bertan, soldaduek gutxienez beste bi palestinar hil dituzte tiroz, Israelgo armadak berak jakinarazi duenez. Zerrenda erdibitzen duen lerro horia delakoa zeharkatu dutela-eta, militarrek tiro egin diete palestinarrei. Gaza iparraldean hil dute bat, eta hegoaldean bestea. Urriaren 10ean menia indarrean sartu zenetik, gutxienez 240 palestinar hil dituzte zerrendan. Hain zuzen, azken hilabete horretan, azken hamarkadan beste ezein hilabetetan baino eraso gehiago erregistratu dituzte Zisjordanian.

Urrian, palestinarren aurkako 536 eraso egin zituzten kolono israeldarrek, UNRWA Palestinako Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren datuen arabera. 2013an hasi zen UNRWA eraso horiek erregistratzen, eta ordutik ez dute inoiz horrenbeste eraso zenbatu.

Olibak jasotzeko kanpaina betean daude Zisjordanian, eta garai horretan ohikoa bihurtu da palestinarren aurkako erasoak areagotzea. Gaur, kolonoek gutxienez bi lekutan egin dituzte erasoak, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Batetik, gutxienez 11 pertsona zauritu dituzte Nablusetik gertu, Zisjordania iparraldean. Harriak jaurti dizkiete olibak jasotzen ari ziren palestinarrei, baita han zeuden hainbat kazetariri eta Ilargi Gorriko boluntarioei ere. Wafaren arabera, zaurituen artean nazioarteko lau aktibista ere badaude.

Bestalde, Zisjordania hegoaldean, Hebrondik gertu, beste eraso bat egin dute kolonoek. Gero militarrak joan dira, eta atxilo hartu dituzte hiru palestinar. Askatu dituztenean, ospitalera eraman behar izan dute haietako bat. Hamasek ohar bat kaleratu du NBE Nazio Batuen Erakundeari eta, orokorrean, nazioarteari eskatuz presio egiteko Israeli Zisjordaniako erasoak geldiarazi ditzan.

Turkia da nazioartean Israelen aurrean kritikoen agertu diren herrialdeetako bat. Gaur herrialde horretako fiskaltzak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Israelgo beste 36 goi kargudun atxilotzeko agindua eman du. Genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen die. Akusatuen artean daude, besteak beste, Israel Katz Defentsa ministroa, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalekoa, Eyal Zamir armadako burua, eta David Saar Salama itsas armadako komandantea. Eraitsitako eraikinen hondakinen artean dozenaka gorpu topatu ostean, Gazako Osasun Ministerioak gaur esan du 2023ko urriaren 7tik Israelen erasoetan hildakoen kopuruak 69.000 baino gehiago direla.  

Bart Hamasek beste bahitu israeldar baten gorpua entregatu zuen. Hala, 2023ko urriaren 7an gatibu hartutako bost israeldarren gorpuak geratzen dira Gazan. Hitzartu moduan, haren trukean, Israelek hamabost palestinarren gorpuak eman dizkio Gurutze Gorriari. Hamasek bost gorpu horiek topatu eta entregatu behar ditu zerrendarako adostutako «bake plana» betetzeko. Halere, bitartekariak ari dira jada hurrengo urratsak lantzen. Esaterako, asteon AEBek zerrendako trantsizio aldirako misio militarraren inguruko proposamen bat aurkeztu dute NBEren Segurtasun Kontseiluan. Gainera, Ekialde Hurbileko hainbat herrialderi ere eman diete proposamenaren berri, eta horiek babestu egiten dutela jakinarazi du Washingtonek.

Presoak, argirik ikusi gabe

Urrian indarrean sartu zen akordioari jarraituz, Israelek ia bi mila preso palestinar utzi zituen aske. Horietako baten testigantzak jaso ditu The Guardian Erresuma Batuko egunkariak. Rakefet kartzelan egon zen preso 2023ko abendutik. Kaleko janari saltzaile bat zen, soldadu israeldarrek Gazan atxilotu zuten, eta kargurik gabe lurpeko espetxe horretara eraman zuten. Salatu duenez, ziega horretan daudenek ez dute eguzki argirik ikusten, ezin dute familiaren berririk izan, ezta kanpoko albisterik jaso ere. 1985etik itxita zegoen, baina Ben Gvirrek irekitzeko agindu zuen, urriaren 7ko erasoen egileak bertan preso hartzeko. PCATI Torturaren Aurkako Israelgo Batzorde Publikoaren arabera, baina, zibilak ere badaude kartzela horretan.

Israelek beste hiru pertsona hil ditu libano hegoaldean

Libano hegoaldean egindako bi erasotan hiru pertsona hil ditu gaur Israelgo armadak. Libanoko Berri Agentzia Nazionalaren arabera, Tel Avivek aire eraso bat egin du, eta bi anaia hil ditu herrialdearen hego-ekialdean. Armadaren arabera, Hezbollah milizia xiitaren inguruko talde bateko kideak ziren hildakoak. Beste erasoa Bint Jbeil hirian egin dute: drone bidez pertsona bat hil eta beste zazpi zauritu dituzte, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Libanon su eten bat dago ezarrita iazko azarotik, baina Israelek 110 pertsona baino gehiago hil ditu ordutik. Azken asteetan, gainera, erasoak areagotu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.