Haustura edo erreforma. Francisco Franco Espainiako diktadorea hil eta trantsizioa gauzatzeko garaia iritsi zenean, dilema horri aurre egin behar izan zioten. Joan zen mendean izan ziren beste hainbat diktadurari erreparatuz, baina, ikus daiteke egon zela beste erarik sistema demokratikora igarotzeko. Izan porrot baten ondorioz, izan matxinada bidez, izan herritarren erabakiz edo beste era batez. Diktaduren gehiegikeriek ez ezik, horiek amaitzeko moduek ere baldintzatzen dute, herrialdez herrialde, nola erreparatzen zaion iraganari.
GALDERAK
Noiz amaitu zen diktadura?
Hartu al zuten neurririk diktadurako arduradunen kontra?
- Nola lantzen da memoria?
1. Benito Mussolinik 1922an ezarritako diktadura faxista 1943an amaitu zen. Bigarren Mundu Gerran nazien aurka aliatu zirenek Sizilia inbaditu zuten, eta, presioaren eraginez, gobernuak eta erregeak agintetik bota behar izan zuten duce-a; diktadoreak, ordea, agintzen jarraitu zuen herrialdearen iparraldean, naziek eremu hori inbaditu eta gero. Hala naziek kontrolatutako Italiako diktadura nola Adolf Hitlerrek 1933an Alemanian ezarritakoa 1945ean erori ziren, potentzia horiek errenditu zirenean.
2. Partisanoek, Mussolini eta beste zenbait faxista atxilo hartu, eta fusilatu egin zituzten, 1945eko apirilean. Gorpuak Milan hiriko Loreto plazan eskegi zituzten ondoren. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen; agintari nazi ugari, berriz, nazioarteko auzitegi militar batek epaitu zituen gerra krimenak egotzita, Nurenbergen (Alemania). Besteak beste, zigor hauek ezarri zizkieten: exekuzioa, bizi osoko espetxe zigorra, aldi baterakoa...
3. Italian, memoria lotua dago Mussolini agintetik bota ondorengo gerra zibilarekin (1943-1945): gerra hartan, partisanoak eta faxistak aritu ziren elkarren kontra, harik eta Bigarren Mundu Gerran naziak eta faxistak errenditu ziren arte. Urtero, apirilaren 25ean gogoratzen dute nazien okupazioa amaitzea lortu zutenekoa; jaieguna da Italian.
Alemanian, gerrako porrotak eta nazien Holokaustoak erabat baldintzatzen dute zer-nola begiratzen dioten iraganari. Legez kanpokoa da Holokaustoa ukatzea, baita iruditeria nazia erabiltzea eta ere.
Â

1. 1930eko hamarkadarako, totalitario bihurtua zen Japoniako Inperioa. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, 1945ean, AEBek Hiroshima eta Nagasaki hiriak bonbardatu eta gero, Hirohito enperadoreak errenditzea iragarri zuen; inperioa desegin zen, eta Japonia AEBen menpe geratu zen zenbait urtez.
2. Alemaniakoekin egin bezala, nazioarteko auzitegi militar batek epaitu egin zituen Japoniako agintariak, Tokion. Inperio militaristako beste zenbait ez zituzten epaitu —Hirohito bera, adibidez—, argudiatuta beharrezkoa zela gerraosteko erreformak gauzatzea eta herrialdearen egonkortasuna bermatzea.
3. Abuztuaren 6an, Hiroshimako bonbardaketa gogoratzen dute urtero, eta abuztuaren 15ean, berriz, Japonia errenditu zenekoa. Gerretan hildakoak hiriburuko Yasukuni santutegian oroitzen dituzte, tartean Bigarren Mundu Gerrako soldaduak eta gerra kriminalak izateagatik Tokioko epaiketetan zigortutako zenbait agintari. Japoniako Inperioaren garaiak eztabaida eragiten du oraindik ere, gehienbat inguruko herrialdeekin, Txinako Mantxuria eskualdea, Korea eta Asia hego-ekialdea inbaditu baitzituzten garai hartan.
1. Krabelinen Iraultzaren bidez, egun bakar batean amaiarazi zuten mende erdi indarrean egondako diktadura (1926-1974). Portugal Afrikako bere kolonietako milizien kontra abiatutako gerrak galtzear zen (Angola, Mozambike eta Ginea Bissau), eta, hain zuzen ere, gerra horietan parte hartu zuten militarrek hauspotu zuten diktaduraren kontrako matxinada bakezalea; hiriburuan, soldaduek krabelinak sartu zituzten fusilen muturretan.
2. Justizia trantsizionala ez zen hain gogorra izan Portugalen; gobernuaren arduradunetako batzuk herrialdetik bota zituzten, eta beste batzuk beren erabakiz erbesteratu ziren. Baina kontuan hartzekoa da auzitegi militar bat osatu zutela diktadura garaiko Poliziako kideak epaitzeko; gehienei, ordea, urte erdira arteko espetxe zigorra ezarri zieten.
3. Matxinadak berehalako aldaketa ekarri zuen, eta diktaduraren biktimak eta disidentzia politikoaren kontrako errepresioa aitortzea da Portugalgo memoriaren oinarrietako bat. Apirilaren 25ean gogoratzen dute demokraziari bide eman zion iraultza.
1. Grezian, bi diktadurari erreparatu behar zaie. Batetik, Ioannis Metaxas buruzagi militarraren heriotzak galbidera eraman zuen diktadura 1941ean, Metaxasek estatu kolpea eman eta bost urtera; hortik gutxira, Alemaniaren, Italiaren eta Bulgariaren kontrolpean geratu zen herrialdea. Bestetik, Koronelen Diktadura (1967-1974) porrot militar batengatik amaitu zen, Zipre bereganatzeko ahaleginetan, Turkiak irla horren iparraldea bere gain hartu eta gero.
2. Diktadura desegin eta koronelak epaitu ondoren, heriotza zigorra ezarri zieten, nahiz eta gero bizi osoko kartzela zigorra bete.
3. 1973ko azaroaren 14an, ikasle oldea diktaduraren kontra altxatu zen Atenasko Unibertsitate Politeknikoan, eta hiru egun geroago, armadak esku hartu zuen; bi dozena hildako inguru utzi zituen oldarraldiak. Ikasleen matxinada urtero gogoratzen dute, nahiz eta baden beste egunik demokraziarako aldaketa oroitzeko: Greziako sektore kontserbadoreenek uztailaren 24a ospatzen dute, hain zuzen, Konstantinos Karamanlis lehen ministro izandakoa (1955-1963) erbestealditik itzuli zen eguna.
1. Uruguain, 1973an ezarritako diktadura militarrak gobernua egonkortzeko plebiszitu batera deitu zuen 1980an, eta plebiszitu horrek berak kolokan jarri zuen diktaduraren legitimazioa; hala, orduantxe hasi zen demokraziarako trantsizioa, eta bost urte iraun zuen guztira; arduradun militarrek eta alderdi politikoetako ordezkariek ituna sinatu zuten gero.
Argentinan, diktadurak (1976-1983) hauteskundeetara deitu zuen 1983an, krisi ekonomikoarengatik ez ezik, aurreko urtean Malvinetako gerra galtzeagatik ere bai —Erresuma Batuaren aurka aritu ziren borrokan—.
Txilen, Augusto Pinochet diktadoreak 1990ean eman zion agintaritza Patricio Aylwin presidenteari, bi urte lehenagoko plebiszitu batean txiletarrek uko egin baitzioten diktadoreak beste agintaldi bat egiteari —eta, hortaz, hurrengo urtean hauteskundeetara deitu zuten herrialdean—. Armadako buru gisa jarraitu zuten Pinochetek, 1998ra arte.

2. Uruguain, trantsizio adostu batek izan zuen eragina diktadurako arduradunen erantzukizunari zegokionez: 1986an onartutako inpunitate lege batek zigorrik gabe utzi zituen gehiegikeriak egin zituztenak —2011n baliogabetu zuten lege hori—.
Argentinan, junta militarretako kideen kontrako epaiketak egin zituzten 1985ean; hori bai, handik urte batzuetara, Carlos Menem orduko presidenteak (1989-1999) indultua eman zien. Inpunitatea bermatzeko legeak ere onartu zituen —Puntu eta Amaiera, Beharrezko Obedientzia—, nahiz eta urte batzuk geroago Kongresuak baliogabetu. 2010ean, Argentinako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen konstituzioaren kontrakoa zela Menemen indultua, eta, besteak beste, Jorge Rafael Videla diktadorea espetxeratu zuten, berriro ere bizi osoko espetxe zigorra ezarrita.
Txilen, diktadurak berak 1978an onartutako Amnistia Legea oztopoa izan zen erantzuleak auzitara eramateko; halere, 1998an, Txileko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen lege hura ez aplikatzea gizadiaren kontrako krimenei. Urte horretan, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak Erresuma Batuari eskatu zion Pinochet estraditatzeko, diktadore izandakoa han baitzegoen; bostehun egun baino gehiagoko atxiloaldiaren ondoren, ordea, Txilera itzuli zen, osasun arrazoiengatik. Behin Txilera itzulita, diktadura garaiko hainbat krimenengatik auzipetu zuten, argudiatuta jada ez zuela immunitaterik, nahiz eta ez zuten zigortu. 2006an hil zen.
3. Latinoamerikako diktadura horietan hildakoak eta desagerrarazitakoak dira memoriaren oinarri; Argentinan, 30.000 atxilotu inguru desagerrarazi zituzten. Uruguain, maiatzaren 20an gogoratzen dituzte diktaduraren biktimak; Argentinan, Egiaren eta Justiziaren Eguna izendatua dute martxoaren 24a, 1976ko estatu kolpearen urteurrena; Txilen, irailaren 11n oroitzen dituzte diktadura garaiko gehiegikeriak.