AEB Ameriketako Estatu Batuek Hego Korearekin batera egiten dituzten ariketa militarrak «nabarmen» murriztea agindu du AEBetako presidente Donald Trumpek. Hala adierazi zuen atzo Truth Social bere sare sozialean, eta, jakinarazi zuenez, Defentsa idazkari Pete Hegsethi manua emana dio jada. Ipar Koreako lider goren Kim Jong-unekin «harreman ona» duela esanez justifikatu du erabakia, baita ariketa horiek dakartzaten «kostu handien» berri emanez ere.
Trumpek adierazi du Seulekin ariketa militarrak egitean «keinu mehatxagarriak» bidaltzen dizkiotela Ipar Koreari. Esan duenez, bera AEBetako presidente denetik, «errespetuz» jokatu du Piongiangek, eta, beraz, horrelako keinuak «lekuz kanpo» daude. AEBetako buruzagiak beste arrazoi bat ere eman du: Hego Koreako presidenteari galdetu diola ea Iran desnuklearizatzeko prozesuarekin lagundu nahi dion, eta hark ezetz erantzun diola.
Askatasunaren Ulchi Ezkutua deritzoten erakustaldia hasi baino ordu gutxi lehenago zabaldu du Trumpek bere erabakiaren berri. Urtero Washingtonek eta Seulek elkarrekin egin ohi dituzten bi ekitaldi militarretako bat da hori, eta Asiako herrialde horren «defentsa gaitasuna» erakusteko erabili izan dute. Erakustaldiak 11 egun irauten du, eta iaz 18.000 soldaduk parte hartu zuten. Pentagonoak azaldu duenez, hamalau ariketa defentsibotan datza, eta «mehatxu egoerak» islatzen dituzte.
Ipar Koreak luzaro gaitzetsi izan du ekitaldi militar hori, eta azken asteetan salatu du erakustaldia gerrako gaitasunak «egungo jardutetara egokitzeko» eta «konfrontazio militarrerako prestatzeko» erabiltzen dutela Seulek eta Washingtonek. Hala, ariketa militar horiek mehatxutzat jo ditu, eta jakinarazi «disuasio maila» handituko duela.
Piongiangen jarreraren harira, Trumpek Ipar Koreako liderrarekin batera azaltzen den argazki bat zabaldu du bere sare sozialean. Harreman «bikaina» dutela erakutsi nahi izan du hala, nahiz eta adierazi biek argazkian duten begirada ez dela «oso atsegina». Halaber, gogorarazi du Askatasunaren Ulchi Ezkutua ekitaldiko ariketa militarrak murritzaraziko dituela, eta azaldu ezinezkoa egin zaiola gaur hasi den ekitaldia bertan behera uztea: «AEBek aspaldi adostu zuen Hego Korearekin batera ariketa militarretan parte hartzea, eta ez nago pozik erabaki horrekin, baina beranduegi da bertan behera uzteko».
Etxe Zuriak zer erabaki duen ikusita, Seulek adierazi du «normal» hasi dutela Askatasunaren Ulchi Ezkutua erakustaldia. Trumpen eta Kimen arteko harreman antza estuaren harira, Hego Koreako presidentearen bozeramaile batek hau adierazi du gaur prentsaurreko batean: «Espero dugu Ipar Koreako eta AEBetako buruzagien arteko harreman adiskidetsuak elkarrizketa esanguratsu bat ekartzea, Koreako penintsulan bakea eta egonkortasuna sustatzeko negoziazioak has daitezen». Alde horretatik, Seulek esan du «beharrezko ahalegin diplomatikoak» egingo dituela elkarrizketa horiek hasteko, AEBetako agintariekin «elkarlanean».
Txinak bide beretik jo du, eta herrialde horretako Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek Trumpi eskatu dio ahalegintzeko «konponbide politiko bat bilatzen Koreako penintsulako gatazkarako».
Kim Jong-unen erantzunik ez
Piongiangek ez die erantzun Trumpen adierazpenei, eta azken asteetan egindako adierazpenak baztertu ere ez. Esate baterako, ez ditu bertan behera utzi joan den astean Askatasunaren Ulchi Ezkutua ekitaldia zela-eta egin zituen ohartarazpenak.
Gainera, asteazkenean, Ipar Koreak misil balistiko bat jaurti zuen Japoniako itsasorantz, eta nazioarteak —AEBak eta Hego Korea barne— erasoa gaitzetsi zuen; aurten 11 misil jaurti ditu Ipar Koreak.