Heriotza zigorra kendu diote Goli Kouhkan balutxari, hark kalte ordaina pagatu eta gero

Urte amaierarako exekutatzekoak ziren haurra zela ezkonarazi zuten emakumea, senarraren heriotzarekin zerikusia izatea egotzita. Kouhkanen zazpi urte egin ditu Irango espetxe batean.

'Exekuziorik ez Iranen' dioten pegatina bat, urrian Berlinen egindako manifestazio batean. CLEMENS BILAN/EFE
'Exekuziorik ez Iranen' dioten pegatina bat, urrian Berlinen egindako manifestazio batean. CLEMENS BILAN/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 9a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranen hiru dozena emakume exekutatu dituzte aurten, eta Goli Kouhkan urte amaierarako exekutatzekoak ziren. Bada, barkamena eman diote 25 urteko emakume balutxari, kalte ordaina pagatu eta gero. Kouhkanen abokatuak, Parand Gharahdaghik, sare sozialetan baieztatu du 3.900 milioi rialeko kalte ordaina —80.000 euro inguru— biltzea lortu dutela dohaintzen bidez; hasieran, 4.500 milioi rial —ia 100.000 euro— eskatzen zizkioten Kouhkani.

Urteak egin ditu Iran ipar-ekialdeko espetxe batean, senarraren heriotzarekin zerikusia izatea egotzita. 12 urte baizik ez zituela behartu zuten lehengusu batekin ezkontzera, eta, urtebete geroago, seme bat izan zuen. 18 urte zituenean, semea jipoitzen harrapatu zuen gizona, eta beste lehengusu bati deitu zion laguntza eske; hura heldu zenean sortutako liskarrean hil zen senarra. Kouhkan eta lehengusua atxilotu egin zituzten: lehenari gaur eman diote barkamena, baina besteari ez diote kendu heriotza zigorra.

Senarraren familiakoek eskubidea zuten Kouhkan exekuta zezatela exijitzeko —xarian qisas gisa ezagutzen da printzipio hori: begia begi truk—, baina barkamenaren truke kalte ordaina (diya) emateko aukera ere bazuten; azkenean, kalte ordaina murriztea lortu du defentsak, eta ordaintzea ere bai. Mizan berri agentziak eman du emakume balutxaren barkamenaren berri, eta bideo bat zabaldu du bere webgunean, non Koukhanen gurasoak agertzen diren, absoluzioa sinatzen.

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.