Herrialdeko biztanle kopurua mugatzeko erreferendum bat egingo dute Suitzan, ekainaren 10ean

Herrialdeko alderdi nagusiak proposatu du, SVP Suitzako Alderdi Popularra eskuinekoak. Asanblea Federala eta finantza sektorea kontra agertu dira. Baiezkoa nagusituz gero, gobernuak EBrekin duen zirkulazio askeko akordioa indargabetu beharko luke.

Suitzako bandera Berna hiriburuko eraikin batean, urte hasieran. ANTHONY ANEX / EFE
Suitzako bandera Berna hiriburuko eraikin batean, urte hasieran. ANTHONY ANEX / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 12a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Immigrazioaren kontrako diskurtsoa dauka Suitzako alderdi nagusiak, SVP Suitzako Alderdi Popularra eskuinekoak, eta xenofobia hori argi ikus daiteke egin duen azken proposamenean. Planteatu du herrialdeko biztanle kopurua hamar milioira mugatzea. Eta hango gobernuak atzo iragarri zuenez, SVPren Ez 10 milioiko Suitzari ekinaldiari  buruzko erreferendum bat egingo dute ekainaren 10ean. Baiezkoak irabazten badu, kolokan leudeke EB Europako Batasunarekin dituen akordioetako batzuk.

SVPren proposamenaren aurka egin dute bai Suitzako Asanblea Federaleko bi ganberek, baita enpresariek eta finantza sektoreak ere, argudiatuta ekonomia paralizatuko lukeela. Datu ofizialek diotenez, herrialdeko biztanleen %27k ez dute Suitzako herritartasuna. SVPren arabera, «eztanda demografiko bat» gertatzen ari da, eta horrek puzten ditu alokairuak, eta mugara eramaten ditu zerbitzu sozialak, besteak beste.

9,1 milioi biztanle ditu Suitzak, eta SVPk planteatzen du 9,5 milioiko langa gaindituz gero iritsi berriei sarrera ukatzea, baita asilo eskatzaileei eta herritartasuna ez dutenen senideei ere. 10 milioira iritsiz gero, murrizketa gehiago egin beharko lituzkete, erreferendumean baiezkoak irabazten badu. Gobernuak, esaterako, bertan behera utzi beharko luke EBrekin duen zirkulazio askeko akordioa; eta EB da Suitzaren bazkide komertzial nagusia.

1999az geroztik egindako hauteskunde federal guztiak irabazi ditu SVPk, eta planteamendu xenofoboak egin izan ditu. 2016an proposatu zuen, esaterako, automatikoki deportatzea erruduntzat jotako immigranteak, baita delitu arinengatik zigortutakoak ere. 2020an eskatu zuen, bestalde, indarrik gabe uzteko EBrekin 2002an itundutako pertsonen zirkulazio askeko akordioa. Ekinbide horiek ez zuten babes handirik lortu.

Halere, kontuan hartu behar da Sotomo etxeak abenduan egindako inkesta baten emaitza. SVPren Ez 10 milioiko Suitzari ekinaldiaz galdetu zieten herritarrei, eta %48k adierazi zuten babestu egiten zutela. Suitzan, hemezortzi hilabeteko epean 100.000 sinadura bilduz gero, aukera dago edozein herri ekimen erreferendum batera eramateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.