Hildako bat, 219 zauritu eta 780 atxilotu Frantzian, Txapeldunen Ligako ospakizunetan

Hildakoak 24 urte zituen, eta motor bat gidatzen zihoan; 17 urteko beste gazte bat ere koman dago. Frantziako Gobernuaren arabera, 71 hiritan izan dira istiluak.

PSGren zaleen ospakizunak, atzo, Eiffel dorrearen inguruetan. VALENTINA CAMU / EFE
PSGren zaleen ospakizunak, atzo, Eiffel dorrearen inguruetan. VALENTINA CAMU / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 31
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo, Paris Saint-Germainek bigarrenez jarraian irabazi zuen Txapeldunen Liga, eta balentriak zoramena eragin du Frantziako hainbat hiritan, bereziki Parisen. Frantziako Gobernuak gaur goizean emandako datuen arabera, 71 hiritan izan ziren istiluak, eta pertsona bat hil zen, 219 zauritu ziren eta 780 atxilotu zituen Poliziak, gehienak hiriburuan. 

Hildakoak 24 urte zituen: motor bat gidatzen zihoan Parisko errepide periferikoan, eta istripu batean zendu da. 17 urteko gazte bat ere koman dago, Parisko 16. barrutian izandako borroka batean sastakatua izan ostean. Bestalde, auto batek terraza bat jo zuen, eta bertan zeuden bi lagun zauritu. Ezbehar horiek nabarmendu ditu Laurent Nuñez Barne ministroak, baina gehitu askoz gehiago izan direla.

PSGko zale batzuk, bart, Parisen. VALENTINA CAMU / EFE
PSGren zale batzuk, bart, Parisen. VALENTINA CAMU / EFE

Poliziak atxikitako 780 lagunetatik 457 atxilo daude oraindik; egozten dizkieten delituak hauek dira, nagusiki: autoritatearen kontrako atentatua, legez kanpoko armak edukitzea eta hiri altzarietan kalteak eragitea. Iazko ospakizunetan ere izan ziren istiluak, baina aurten nabarmen gehiago izan dira atxilotuak: %32 gehiago, Nuñezen arabera.

Dena den, kontatu du 22.000 agente mobilizatu zituztela atzo, eta egoera, orokorrean, kontrolpean izan zutela. Eman ditu beste datu batzuk ere: hamabost hiritako dendetan lapurretak izan zirela, 57 polizia zauritu zituztela, Pauen eta Orleansen eraikin publikoen kontrako erasoak egin zituztela...

Zaleak ospakizunetan, atzo, PSGren estadioaren inguruan. VALENTINA CAMU / EFE
Zaleak ospakizunetan, atzo, PSGren estadioaren inguruan. VALENTINA CAMU / EFE

Jendarmeek eta Poliziak lana izango dute gaur ere, eta 6.000 agenteko dispositibo bat dute prestatua. PSGko jokalariak 15:00etan helduko dira Budapestetik Parisera; jarraian, Eliseo Zelaietan hartuko ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta, gero, Eiffel dorrearen inguruetan ibiliko dira garaikurrarekin, ospatzen, 19:30ean hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA