Dozena bat egun Nepalgo Rasuwa eta Nuwakot barrutietan igaro ostean, Hemraj Dangal joan den asteburuan itzuli zen Katmandura: «Denak ibai bazterra dirudi; ez da ezertxo ere geratzen. Urak berekin eraman zituen eraikinak eta etxebizitzak, eta hondakinak baizik ez zituen utzi. Halakoxea da suntsipena». Hain justu duela hilabete, Nepalen eta Tibeten arteko mugan glaziar bat amildu izanak luiziak eta uholdeak eragin zituen, eta Rokpa gobernuz kanpoko erakundeak han duen koordinatzaileak elkarrizketan berretsi du, zalantzarik balego ere, zer utzi duen hondamenak Nepalgo Trishuli ibaiaren bueltako herrietan: «Ezereza».
Nepalgo Poliziak emandako datuen arabera, gutxienez 1.400 dira uholdeetan hildakoak, eta 6.000 lagun inguru desagertuta daude oraindik. Rokpakoa zenbait herrixkatan egon da egunotan, eta gogoratu da nola haietako batean zenbait senidek erritualak egin zituzten hildako bertako gizonen omenez, zeinak muga inguruan kamioilari aritzen ziren: «Gorpurik ez dute ikusi, baina heriotza onartu dute, hil egin direla». Besteak ere oroitu ditu: «Milaka eta milaka daude galduta, inon ez daude, eta ez dago hil egin direla esango duen inor».
Nepalgo araudiaren arabera, pertsona batek gutxienez hamabi egunez egon behar du desagertuta hiltzat jo ahal izateko; hondamendien eta gisakoen kasuan, ordea, senideek heriotza agiria eska diezaiekete barrutietako auzitegiei.
Dangalek azaldu du uholdeen ondorioz beharrean daudenei laguntzea dela lehentasuna orain; janaria, koltxoiak, mantak, higienerako produktuak, linternak eta beste erosten dituzte hiriburuan, jarraian uholdeek astindutako barrutietara eramateko.
«Gauzarik zailenetakoa zera izan da: 4x4 auto bat topatzea, halakoak soilik hel daitezke-eta eremurik zailenetara», esan du Rokpakoak; izan ere, uholdeek errepideak eta zubiak erauzi zituzten abuztu amaieran. Bide «alternatiboak» erabili behar izan dituzte, zeinetan irrist egin izan ohi duten ibilgailuek. Noranahikoak ez diren ibilgailu asko harrapatuta geratzen dira, ez atzera eta ez aurrera, eta orduak behar izaten dituzte lokatzetik ateratzeko; halaber, erantsi du noranahikoak direnak ere harrapatuta geratzen direla batzuetan: «Zaila da Nuwakoterako eta Rasuwarako bidea, eta ez dago besterik».
Horren harira, MEP Munduko Elikadura Programak aste honetan ohar bidez jakinarazi du droneak erabiltzen hasia dela Nepalen lehenbizikoz, krisi humanitarioari erantzuteko. Ehun kilogramorainoko zama eraman dezake drone bakoitzak, eta helburua da 43.000 lagunek zer jana izan dezatela bermatzea; airez ez ezik, errepide bidez ere garraiatuko dute laguntza hori: arroza, dilistak, olioa, gatza...
Nepalen izaniko lurrikara handi baten ondorioz, 9.000 pertsona inguru hil ziren 2015ean, eta, orduko hartan, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek mandoz eta jaken bidez garraiatu zuen janaria, baita zamaketarien laguntzaz ere, MEPek Nepalen duen zuzendari Riaz Lohdik zehaztu duenez: «Egunak behar zituzten janaria garraiatzeko, eta, beraz, jendea egunak egoten zen itxaroten; orain, droneei esker, ordu luzeko bidaia minutu gutxian egin daiteke», eta «ezein komunitate ez dago urrunegi».
Haur asko, bakarrik
Rokpak gehienbat adingabeekin egiten du lan, eta Dangalek adierazi du hondamendiaren ondorioz ezarritako harrera zentroetara heldu diren asko eta asko umezurtz geratu direla, edo ez dutela gurasoen berri; Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren arabera, bakarrik diren bostehun adingabe baino gehiago «arrisku larrian» daude, eta, bestalde, guztira 17.000 adingabe inguruk behar dute arta eta arreta psikologikoa.
Rokpako langileak eta boluntarioak, besteak beste, harrera zentro horietan aritzen dira galdezka zer behar duten: «Laguntza humanitarioaz gain, marrazteko materiala, jostailuak eta jolasak ere eramaten dizkiegu haurrei, ez dakitelako zer egin egoera zail honetan; ahal duguna eramaten diegu: carrom taulak, xake taulak, panpinak...», esan du Dangalek.
Erantsi du uholdeengatik desplazatutakoek ez dakitela noiz arte egongo diren egoera horretan, eta espero duela gobernuak «agudo» erantzutea: «Oraintxe bertan lagundu egin behar diegu, baina, halaber, pentsatu behar dugu zer egin gerora begira, zeintzuk diren lehentasunak. Ama gazteekin eta haurrekin hizketan, ohartu nintzen ez dakitela zer egin, harrera zentroetan geratzea irtenbideetako bat dela oraintxe, bai. Baina bizitzak aurrera egin behar du; izan behar dute nola biziraun eta, gertatutakoa gertatuta, aurrera egin».
Dangalen arabera, konponbidea ez da uholdeek eta luiziek suntsitutako etxeak berreraikitzea eta kito: herritarrek bizimodua atera behar dute; hori da «erronka». Elkarrizketa amaitu baino lehen, ohartarazi du asteburu honetarako euri mardula dagoela iragarrita: «Horixe esan dute, eta kezkatuta nago».