Hungariak armada erabili nahi du migratzaileen igarobideari etena ezartzeko

Budapestek 2.106 polizia gehiago bidaliko ditu Serbiako mugara.Herenegun, 2.533 lagun atxiki zituzten mugan.Libiako uretan, 50 hildako aurkitu dituzte

Migratzaileak, Hungariako Poliziarengandik ihesi, muga zeharkatu ostean, Roszken, atzo. ZOLTAN BALOGH / EFE.
2015eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Kosta ahala kosta, Hungariako Gobernuak hesi igaroezin bilakatu nahi du hegoaldeko muga, eta horretara bideratu ditu hartutako azken neurriak. Greziara heltzen diren migratzaileentzat, Hungaria da EB Europako Batasunera sartzeko atea, Grezia igarobide soil bat da eta. Jario hori eteteko nahiarekin, Budapest armada nola erabili aztertzen ari da; gainera, hesiak eraikitzen ari da Serbiako mugan, eta 2.106 polizia gehiago bidaliko ditu 175 kilometroko lerroa zaintzera. Hori, hala ere, Europan aurkitu duten arazoa da. Izan ere, Mediterraneoan, 50 hildako zeramatzan ontzi bat atzeman dute Libiako kostaren aurrean, eta ontzian zihoazen beste 400 migratzaileak erreskatatu ditu Suediako itsasontzi militar batek.

Italia eta Greziaz gain, Balkanetako herrialdeak ere migratzaileen igarobide bilakatu dira. Greziara heltzea lortu duten errefuxiatuek Europa iparraldeko herrialde aberatsak dituzte helburu; Alemania, Suedia eta Austria, esaterako. Bide horretan, Mazedonia, Serbia eta Hungaria zeharkatzen dituzte. Herenegun, 2.533 lagun atxiki zituzten Hungariako muga «legez kanpo» zeharkatzeagatik; Hungariako Poliziak dioenez, egun bakarrean zenbatutako daturik altuena da.

Budapestek egoerari amaiera eman nahi dio, eta, horretarako, armada erabiltzeko prest azaldu da. «Gobernuak eta segurtasun nazionalerako kabineteak eztabaidatu dute nola erabil daitekeen armada Hungariako eta EBko muga zaintzeko», azaldu du Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak. Armadaren erabilera parlamentuak baimendu beharko luke, baina Fidesz alderdi eskuindarrak —gobernuan dagoenak— adierazi du jada horretarako lanean dela. Parlamentuan gehiengo oso zabala dauka: 199 diputatutik, 133.

Hungariak hainbat neurri hartu ditu migratzaileek bere mugak zeharkatu ez ditzaten. Ezartzen ari den burdin hesia abuztuaren 31rako bukatu nahi du, baina hesi hori behin behinekoa da, azarorako lau metroko hesia eraikia edukitzea espero baitu. Gainera, 2.106 polizia gehiagok zainduko dute muga irailaren 15etik aurrera, txakurren eta helikopteroen laguntzarekin. Hartutako neurriek tentsioa eragin dute segurtasun indarren eta migratzaileen artean. Lekuko komunikabideen arabera, muga ondoko Roszke hirian negar gasa erabili du poliziak migratzaileen aurka, harrera eta kontrol zentro batean.

Europako Batzordeak hesia altxatzea kritikatu du, baina ez du inolako neurririk hartu horren aurka. Egoerari irtenbide bat bilatzeko, bilera bat egingo dute inguruko gobernuek eta EBko goi karguek gaur, baina Budapest ez da bertan izango. Dena den, EBk iragarria du milioi eta erdi euroren laguntza emango diela Serbiari eta Mazedoniari migratzaileak artatzeko. Bestalde, Poloniak beste eztabaida bat sustatu nahi du EBn: errefuxiatu politikoen eta migratzaile «ekonomikoen» artean bereizketa bat egiteko nahia azaldu du. Izan ere, EBko kideek soilik herrialde «ez seguru» izendatu dituztenetako errefuxiatuak onartzen dituzte; soilik horiek dute asilo eskubidea. Poloniako Atzerri ministrorde Rafal Trzaskowskik esan du batasunaren mugako sarrerak indartu behar direla, bertan egin ahal izateko bereizketa hori.

Itsasoa, hilerri

Mediterraneo itsasoak migratzaileen bizitzak irensten jarraitzen du, eta itsaspeko hilerria handituz doa. Azkeneko orduetan,54 lagunen gorpuak aurkitu dituzte Mediterraneo erdialdean: 50 gorpu 439 bidaiari zeramazkien ontzi batean zeuden; beste ontzi batek 120 bidaiari zeramazkien, eta hiru hildako; eta azken gorpu bat itsasotik atera dute.

Bestalde, Italiako Atzerri ministro Paolo Gentilonik Paris eta Berlini erantzun die, eta esan du Italia nazioartean «eredu» bat dela, migratzaileen mugimenduak kontrolatzeko eskatu baitzioten. «Italia bere eginkizuna betetzen ari da, are gehiago milaka bizitzaerreskatatu eta errefuxiatuak jasotzen», adierazi du. Mugetako herrialdeen kontra egitea bide okerra dela ohartarazi du, eta erantsi du egin beharrekoa Europa osoko erantzun bat ematea dela, «migratzaileak ez datozelako ez Italia, ez Hungaria, ez Grezia eta ez Alemaniara, baizik eta Europara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.