Beste kapitulu bat, Kiev eta Budapest protagonista dituen folletoian. Izan ere, datorren apirilaren 12an egitekoak diren parlamenturako hauteskundeen kanpaina betean, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak bere familiari eraso egiteko konspiratzen aritzea leporatu dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari. Bi herrialdeen arteko harremanak guztiz gaiztotuta daude urtarril amaieratik, Ukrainak Druzhba oliobidetik Hungariara eta Eslovakiara iristen den Errusiako petrolioaren zirkulazioa eten zuenetik; Hungariak erantzun egin du, eta Europako Batasunak Kievi eman nahi dion 90.000 milioi euroko mailegu bat blokeatu.
Horiek horrela, Orbanek bideo bat kaleratu zuen atzo gauean sare sozialetan; bideoan, Orban ageri da, ustez alabekin telefonoz hitz egiten. Zera esaten die: «Ziur nago albisteetan ikusi duzuela ukrainarrek ni ez ezik zuek ere mehatxatu zaituztetela. Nire umeak, nire bilobak. Hau serio hartu behar dugu, baina ez genuke beldurtuta egon beharko».
Orbanek gogoan zituen Zelenskik martxoaren 5ean esandako hitzak. Zelenski bere gobernuko kideekin bildu zen, eta ondoren bilera horren bideo bat zabaldu zuen, zeinean Orbani mehatxu egin zion: «Espero dut pertsona horrek ez blokeatzea EBren 90.000 milioi horiek, eta militar ukrainarrek armak edukitzea aurrerantzean ere. Hala ez baldin bada, pertsona horren helbidea emango diegu gure indar armatuei, gure mutilei. Dei diezaiotela, eta beren hizkuntzan hitz egin dezatela harekin».
Aste honetan, gainera, Hrihori Omeltxenko politikari erretiratua elkarrizketatu zuten Ukrainako telebista kate batean, eta adierazi zuen bazekitela Orban non bizi den, «zer edaten duen», norekin biltzen den. 1990eko hamarkadan Ukrainako zerbitzu sekretuetako kidea izan zen.
Macronek «B plan bat» eskatu dio EB-ri
Hungariak 90.000 euroko maileguari ezarritako blokeoa kontuan hartuta, Ukraina finantzatzeko «B plan bat» pentsatu dezala eskatu dio Volodimir Zelenskik EB Europako Batasunari. Hori esan dio Ukrainako presidenteak Politico hedabideari, elkarrizketa batean. Bide batez, bihar Parisen biltzekoa da Frantziako presidente Emmanuel Macronekin. Horren harira, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi du gaur Kievek jarraitzen duela «behin eta berriz bakeari trabak jartzen».
Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da Orban dela talde komunitarioko lider errusiazaleena. Eta hauteskunde kanpaina baliatzen ari da Ukraina egiteko Hungariaren gaitzen erantzule. Inkestek diote Fidesz Orbanen alderdia ez dela nagusituko, eta Tisza eskuinekoa izango duela aurretik. Kaleratutako azken inkestaren arabera —21 Research Centre etxeak argitaratu zuen, atzo—, botoen %53 lortuko ditu Tiszak, eta hamalau punturen aldea aterako dio Fideszi. Orban 2010etik da lehen ministro, eta aurrez ere, 1998tik 2002ra, gobernuburua izan zen.Â
Atzerri ministroak, mokoka
Europako Batzordeak berak eskatu dio Ukrainari Druzhba oliobidea konpontzeko —Hungariak inportatutako petrolioaren %90 zetorren Errusiatik, eta %82, hain zuzen, bide horretatik—. Duela pare bat aste, Zelenskik adierazi zuen horretan ari zirela, baina aste batzuk beharko dituztela. Kieven arabera, Errusiaren bonbardaketek instalazioari eragindako kalteen ondorioz itxi behar izan dute iturria; Orbanek, baina, ez dio sinesten Zelenskiri, eta iruditzen zaio emaria arrazoi politikoengatik eten duela, mendekuz.Â
Bien bitartean, bi herrialdeetako atzerri ministroak mokoka aritu dira azken egunetan. Ukrainako zazpi funtzionario atxilotu zituen Hungariako Poliziak martxoaren 5ean. Milioika euro eta bederatzi kilo urre Austriatik Ukrainara eramaten ari ziren, Hungariatik barrena. Kieven esanetan, transferentzia arrunt bat egiten ari ziren; Budapestek iradoki zuen dirua zuritzen ari zirela.Â
Inkomunikatuta eduki zituzten 24 orduz, eta ondoren Hungaria eta Ukraina arteko mugara eraman zituzten, deportatuak izan zitezen —dirua eta urrea Hungarian geratu ziren—. Andri Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak salatu zuen atxilotuak fisikoki zein psikologikoki «presionatu» zituztela. «Badakigu Hungariako zerbitzu sekretukoak oldarkorrak izan daitezkeela, baina estilo errusiarreko metodoak erabili dituzte», gaineratu zuen, eta «estatu terrorismoa» egotzi. Peter Szijjarto Hungariako diplomaziaburuaren ustez, bestalde, «nahiko patetikoak» dira bere homologoaren adierazpenak. «Zergatik entregatu zioten diru kopuru handi bat Hungariari? Mafia ukrainarrarena da diru hau?».