Ekialde Hurbileko tentsioa Itsaso Gorrian lehertu da oraingoan. Saudi Arabiak gaur goizaldean baieztatu du bere petroliontzi bati eraso diotela Itsaso Gorrian. Ez dute zehaztu nork egin duen erasoa. Baina ordu batzuk lehenago, Yemengo huthiek adierazi dute Saudi Arabiaren bi ontziri egin dietela eraso, eta beste hamar ontzi inguru Saudi Arabiako portuetara itzularazi dituztela.
Yahya Sarea huthien bozeramaile militarraren arabera, Encelia eta Layla petroliontziei egin zieten eraso atzo gauean, zenbait misil eta drone erabiliz. Hark baieztatu zuen «sute handiak» piztu zituztela bi ontzi horietan. Saudi Arabiako SPA berri agentziak iturri ofizialak aipatuz jakinarazi duenez, soilik Encelia ontziari egin diote eraso. Iturri beraren hitzetan, ontziko eskifaiako kideak salbu dira. «Eraso honek urratu egin ditu merkataritza ontzien eta tripulazioen segurtasuna bermatzen duen nazioarteko arauak», zehaztu du oharrak.
Yemengo matxino xiitek astelehenean ezarri zioten itsas blokeoa Saudi Arabiari, argudiatuta Riadek Yemengo Gobernua babesten duela eta bi agente horiek «blokeoa» ezarria dutela Yemen mendebaldean —eremu hori huthiek kontrolatzen dute—. Tentsioak gora egin du han azken asteotan, eta Saudi Arabiako eta Yemengo gobernuek salatu dute Iranen mesederako ari direla huthiak eskualdean sua pizten.
Horren harira, Donald Trump AEBetako presidenteak ohartarazi du huthiak berriro oldartzen badira AEBek Irani egotziko diotela erasoen erantzukizuna, eta Truth Social bere sare sozialean idatzi du goizaldean gertatutakoaren parekorik gertatuz gero «zigor militar handia» ezarriko diela hala Irani nola huthiei.
Iranen aliatuak dira huthiak, eta, oraintxe bertan, haiek dute Saudi Arabiaren esportazioen giltza. Izan ere, Iranek Ormuzko pasabidea itxia du, eta Saudi Arabiak ezin du ontzirik atera Persiar golkoan barrena; orain, huthiek Bab el-Mandebeko itsasartea blokeatua izanik, Saudi Arabiak ezin du ontzirik atera Itsaso Gorritik ere. Energia hornikuntza globalari kalte egiten dio horrek, Saudi Arabiak hornitzen baitu munduan erabiltzen den petrolioaren %4,5, eta munduan kontsumitzen den petrolioaren %10 inguru igarotzen baita Bab el-Mandebeko pasabidetik.
Akordioa erasoen artean
Bitartean, Iranen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen arteko soka gero eta tenkatuago dago. Gaur, Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak adierazi du Teheran «ez dela serio jokatzen ari» akordio bat egiteko garaian. ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak gonbidatuta egindako agerraldi batean egin ditu adierazpenok Rubiok, Filipinetan, eta gaineratu du Teheranek «garesti» ordainduko duela egiten ari dena: «Iran akordio bat egiteko erreguka ari da egunero. Zentzuz jokatu behar dute».
Horri lotuta, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak ziurtatu du Iranek ez duela arazorik AEBekin solastatzeko. Adierazi du negoziazioetako arazoa Washingtonen «ikuspegi arrazoigabea eta hegemonikoa» dela, eta AEBek ez dituztela errespetatu nahi Iranen interesak.
Gaur goizaldean, AEBek hamabigarren egunez jarraian bonbardatu dituzte Iranen instalazio militarrak, eta gutxienez bi lagun hil dituzte Iran mendebaldean, Teheranek jakinarazi duenez. Horri erantzunez, aurreko egunetan bezala, AEBen Persiar golkoko instalazio militarrak jo ditu Iranek. Guardia Iraultzaileak komunikatu batean azpimarratu du Ekialde Hurbilean egiten ari diren operazioek AEBen ofentsiba bati erantzuten diotela, eta helburua ez dela auzo herrialdeetako «anaien» aurka egitea.
Yemenen ere, gobernuaren eta huthien aurkako erasoek bere horretan segitzen dute. Yemengo Gobernuak adierazi du huthien erasoek gutxienez lau soldadu hil dituztela azken orduetan, herrialdearen hego-ekialdean. Talde xiitak ez du adierazpenik egin horren inguruan, baina, Dhalai Fronteko Komunikabide Zentroaren arabera, gobernuaren erantzuna dela eta, 23 lagun hil dira huthien aldean.