Energia hornikuntza globalari kalte egin diezaiokeen erabaki bat hartu dute huthiek. Yemengo matxinoek itsas blokeoa ezarri zioten atzo Saudi Arabiari, eta, Riadek horri emandako erantzuna gustatu ez, eta huthiek mehatxu egin diote gaur: ohartarazi diote «ondorioak» nozituko dituela Yemengo Gobernua babesten jarraitzen badu.
Iranen eta AEBen arteko gerraren ondorioz itxita dago oraindik Ormuzko itsasartea. Horrek energia hornikuntzari eragiten dio, eta Iranek Yemenen dituen aliatuek Itsaso Gorriaren sarrera —Bab el-Mandebeko itsasartea— blokeatzeak egoera okertuko luke. «Saudi Arabiako erregimena serioa izango balitz, ez luke Yemen lagunduko, herrialde burujabea eta independentea delako», nabarmendu dute matxino xiitek, ohar batean. Kontuan hartu behar da Saudi Arabiak atzo jakinarazi zuela Yemeni laguntzen segituko duela. Nazioartearen aitortza du gobernu horrek.
Huthien eta Saudi Arabiaren arteko tentsioak gora egin zuen aurreko astean. Riadek eraso egin zion Yemengo hiriburu Sanako aireportuari —herrialdearen mendebaldea huthiek kontrolatzen dute—, eta huthiek, erantzun gisa, Saudi Arabiako aireportu bat bonbardatu zuten. Yemengo gerra 2014an piztu zen huthiak Yemengo Gobernuaren aurka matxinatu zirenean, eta aurreko asteko erasoak izan ziren 2022ko tregoaz geroztiko gogorrenak.
NBE Nazio Batuen Erakundeak berak atzo ohar batean nabarmendu zuen Ekialde Hurbileko egoera «areago okertzeko arriskuan» jarri duela huthiek hartutako neurriak. Zenbait hedabidek espezializatutako etxeek kaleratutako datuak aipatuz jaso dutenez, Bab el-Mandebeko itsasartea ixteak %7ko jaitsiera ekarriko luke petrolio esportazioetan. Horri gehitu behar zaio Ormuztik igarotzen dela munduko petrolioaren %20 inguru. Huthiek itsasarte horretatik igarotzen ziren zamaontziak bonbardatu izan dituzte aldian-aldian azken urteetan, Israelek Gazari ezarritako blokeoa salatzeko.
Israelen drone batek familia bateko sei kideak hil ditu gaur goizaldean Gazan, Efe berri agentziak hango Osasun Ministerioa aipatuz kaleratu duenez. Informazio horren arabera, bikote bat eta haren lau seme-alaba adingabeak dira hildakoak. Al Jazeera hedabideak Gaza hirian duen kazetari batek sare sozialetan kontatu duenez, zerrendan hainbat aire eraso egin ditu Israelek goizaldean. Urrian su etena indarrean sartu zenetik, 1.150 pertsona hil ditu Israelek han.Familia bateko sei kideak hil ditu Israelek gazan
Bien bitartean, AEBek hamargarren egunez jarraian bonbardatu dituzte Iranen instalazio militarrak. Horren berri eman du buruzagitza militarrak gaur goizaldean ohar batean. Eta aurreko egunetan gertatu bezala, Iranek AEBek Persiar golkoan dituzten instalazio militarrak jo ditu erantzun gisa. Hori jakinarazi du Irango Guardia Iraultzaileak komunikatu batean. Horretan esan dutenez, Washingtonen gaitasun militarrari eragin nahi diote.