Israelgo armadak Libano hegoaldeko Zawtar al-Gharbiyeh herria utzi duen arren, haren ordez Libanoko indarrak hedatu daitezen —bi herrialdeek ekainaren amaieran sinatutako akordioan jaso bezala—, Tel Avivek esana du tropak ez dituela erabat erretiratuko gune horretatik, argudiatuta Hezbollah milizia xiitaren erasoetatik babesteko «segurtasun eremuari» eutsi behar diola. Eta horixe bera iradoki du gaur arratsaldean Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, hain justu ere, Joseph Aoun Libanoko bere homologoarekin Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean: Israelgo armada «birkokatzen» ari da hitzartutako eremuak Libanoko armadaren esku uzten ari den heinean.
Bitartekari gisa, AEBek ekainaren 26an eman zuten lortutako akordioaren berri, eta, besteak beste, aldeek adostu zuten Israelgo armada hiru eremutatik «gradualki» erretiratzea. Trumpekin eta Etxe Zuriko beste zenbait ordezkarirekin zegoela, Aounek «babes politikoa ematea eta Libanoko armada laguntzea» eskatu du, herrialdea «segurua eta egonkorra» izan dadin. Nabarmendu du «konfiantza osoa» duela armadan —aipatzekoa da Aoun Libanoko armadako komandantea izan zela iaz presidente kargua hartu baino lehen—. Trumpek esan du Libanori laguntzeko prest dagoela.
Azken hogei urteetan, lehenbiziko aldia da Libanoko presidente bat Etxe Zurira joan dena. Israelen erretiroari buruz hitz egitekoak dira bi presidenteak, eta Hezbollah milizia xiita armagabetzeaz ere bai. Azken horri buruz galdetuta, Trumpek erantzun du «guztiekin» hitz egiten duela, eta Aounek halakorik eskatuko balio negoziatuko lukeela Hezbollahrekin. Libanoko presidenteak irri egin du erantzun hori entzunda.
Libanoko armadak jakinarazi du bere tropak Zawtar al-Gharbiyeh herrian hedatzen hasi direla gaur, Litani ibaiaren iparraldean —akordioan jasotako beste bi herriak Frun eta Srifa dira, eta ibai horren hegoaldean daude—. Are, ohar bidez salatu du Israelgo soldaduek tiro egin dietela Zawtar al-Gharbiyehn hedatzen ari zirela: «Eraso hori oztopo bat izango da soldaduek hedapen neurriak ezartzeko». Israelgo armadak, berriz, argudiatu du adostutako eremutik atera direla Libanoko tropak, eta «airera» egindako tiro horiek «ohartarazpena» baino ez zirela.
Washingtonek atzo arratsaldean jakinarazi zuen «gune pilotuen» inplementazioa, Estatu Idazkaritzako bozeramaile Tommy Pigottek zabaldutako ohar batean —hala deitu diote Libano hegoaldeko hiru eremu horiek Libanoko armadaren esku uzteari—. Bada, gaur goizean zabaldu du oharra Libanoko armadak, eta, oraingoz, Libanoko herritarrei gomendatu die lurralde horretara ez joateko egoera egonkortu arte. Era berean, unitate militarren argibideei jarraitzeko eskatu die, «segurtasunagatik».
Bestalde, Fruneko eta Srifako bizilagun batzuek zalantzan jarri izan dute Libanoko Gobernuak AEBetakoarekin egindako akordioa, Al-Jazeera hedabideak zabaldu duenez; izan ere, haien esanetan, Israelgo armadak ez ditu inoiz hiru herri horiek kontrolpean izan.
Hezbollah armagabetzea
Akordioaren arabera, baina, eremu horretan «segurtasun neurriak ezartzea eta egoera ikuskatzea» izango da Libanoko armadaren lana. Izan ere, hiru aldeek —AEBetako, Israelgo eta Libanoko gobernuek— nahi bera daukate: Hezbollah armagabetzea. Eta, horregatik, eremu horiek Libanoko armadaren esku geratuko diren arren, Netanyahuk ekainean esan zuen ez direla Libano hegoaldetik guztiz aterako milizia xiita hori armagabetu arte.
Hezbollah horren aurka agertu da hasieratik, eta ez du bi aldeen arteko negoziazioetan parte hartu —akordioan dio Libanok eta Israelek «bakean» bizitzeko eskubidea daukatela, eta bizilagunak eta «estatu subiranoak» diren heinean biek nahi dutela segurtasuna euren lurretan—. Naim Qassem talde xiitaren liderrak ekainean adierazi zuen Libanoko Gobernuak «akats larria» egin zuela akordio hori sinatuta, eta nabarmendu zuen itunak ez zeukala inolako baliorik, Libano «umiliatzen» zuelakoan. «Israelen okupazioari urte luzez eustea legitimatu du Libanoko Gobernuak; horrek gure lurrak anexionatzea ere ekar dezake», salatu zuen oharrean.
Bitartean, Israelek iparraldeko bizilaguna bonbardatzen jarraitu du gaur. Libanoko albiste agentzia ofizialak zabaldu duenez, «bonbardaketa handiak» egin ditu Israelgo armadak Kfar Tebnit herrian, hegoaldeko Nabatieh hiritik gertu. Oraingoz, ez dute hildakoen berririk eman. Libanoko Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, Israelen erasoek 4.328 herritar hil dituzte Libanon iragan martxotik, hau da, Israelek Libanoren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik.