Huthien eta Saudi Arabiaren arteko erasoak, nazioarteko ekonomiarentzat mehatxu

Yemengo huthiek Aramco petrolio konpainiaren azpiegiturei eraso egin eta biharamunean, Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du Saudi Arabiaren ekonomia «garrantzitsua» dela eskualderako zein mundurako.

Yemengo petrolio konpainia nazionalaren gasolindegi bat atzo, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE
Yemengo petrolio konpainia nazionalaren gasolindegi bat atzo, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 14a
12:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yemengo matxino huthien eta Saudi Arabiaren arteko gatazka gogortzen ari da, eta ondorioak Ekialde Hurbilean zein nazioartean sumatu ahal izango direla ohartarazi du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. «Saudi Arabiaren ekonomia garrantzitsua da eskualderako eta mundurako. Horregatik, gertakari hauek munduko ekonomiari eragin diezaiokete», adierazi du NDFko zuzendari Kristalina Georgievak, gaur Bangkoken emandako prentsaurreko batean. Huthiek Aramco Saudi Arabiako petrolio enpresa nazionalaren azpiegitura batzuei eraso egin eta biharamunean egin ditu adierazpen horiek.

Atzo Saudi Arabiak gidatutako koalizio militarrak eraso egin zion Sana Yemengo hiriburuari —huthien kontrolpean dago—, eta hango erregai depositu nagusia jo zuen. Nazioarteak onartutako Yemengo gobernuak —horren aliatua da Saudi Arabia— herrialdeko biztanleei ohartarazi die alde egiteko Yemengo petrolio konpainia nazionalaren azpiegituren inguruko guneetatik. Era berean, huthiek Aramco enpresaren azpiegiturak jomugan izango zituztela ohartarazi zuten. Gaur goizaldean jakinarazi du Saudi Arabiako Energia Ministerioak Yemengo matxinoek Dhahran hiriko azpiegiturak jo zituztela atzo; sute bat eragin zutela, baina ez zutela inor zauritu.

Huthiek ere gaur eman dute erasoaren berri, eta gaineratu dute Riadeko aireportua eta beste zenbait gune ere izan dituztela jomugan. Nazioarteak onartutako gobernua babesten duen koalizioak jakinarazi du Riad helburu zuen misil bat atzeman duela gaur. Iragan astean huthiek Saudi Arabiako aireportuei eraso egin, eta hamazazpi lagun hil zituzten; horietako hamahiru Riadeko aireportuan.

Matxino xiiten eta Saudi Arabiaren arteko gatazkaren harira, besteak beste, Pakistanek eta Omanek negoziazioen garrantzia azpimarratu dute. Bi herrialde horietako Atzerri ministroak batzartuta egon dira Islamabaden, eta gaur azpimarratu dute eskualdean bakea lortzeko ezinbestekoa dela herrialdeen arteko elkarrizketa. Halere, Pakistan Saudi Arabiaren aliatua da, eta hilabetearen hasieran tropak bidali zituen herrialde horretara, huthien erasoei aurre egiteko helburuz. Gainera, gaur, Shehbaz Sharif lehen ministroak berretsi du Saudi Arabiaren segurtasuna eta subiranotasuna babesten jarraituko duela.

Bab el-Mandeben gaineko kontrola

Riaden eta huthien arteko gatazka koska bat gogortu zen irailean, Yemengo matxinoek herrialdearen mendebaldeko gune zabalak kontrolpean hartu eta Bab el-Mandeb itsasartea itxi zutela jakinarazi ostean. Urriaren 5ean, Yemengo Gobernuaren aldeko koalizioak jakinarazi zuen pasabide horren kontrola berreskuratu zuela. Halere, huthiek Bab el-Mandeb zeharkatzen duten ontziei eraso egiteko ahalmena dute oraindik; hortaz, gobernuak ez du guztiz kontrolatzen.

Bab el-Mandebek bereizten ditu Yemen eta Djibuti zein Eritrea, eta handik igarotzen da nazioarteko itsas merkataritzaren %12; Suezko kanaletik igarotzen diren ontzi gehienek pasatu beharra daukate itsasarte horretatik. Gainera, are eta garrantzi handiagoa hartu du Irango gerraren harira Ormuz itsasartea blokeatuta dagoenetik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA