Trumpek iragarri du Groenlandian energia aurkitzeko esplorazio «masiboak» egiteko prest daudela

AEBetako presidenteak nabarmendu du Europaren eta AEBen segurtasunerako «ezin hobea» dela munduko uharte handienaren gaineko kontrola edukitzea.

Trump New Yorken irailaren 22an, AEBek, Danimarkak eta Groenlandiak akordioa sinatu zutenean. MADS CLAUS RASMUSSEN  / EFE
Trump New Yorken irailaren 22an, AEBek, Danimarkak eta Groenlandiak akordioa sinatu zutenean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 14a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egin du iragarpena Donald Trump AEBetako presidenteak: adierazi du Groenlandian petrolioa, gasa eta mineralak aurkitzeko esplorazio «masiboak» egiten hasteko prest daudela. Hori jakinarazi du gaur goizaldean Truth Social bere sare sozialean.

Etxe Zuriko maizterra negozio gizona da, eta, haren esanetan, adituek diote «erraz» ateratzeko moduko hango petrolio erreserbak «munduko beste edozein tokitakoak baino handiagoak» direla. Nabarmendu du, bide batez, Europaren eta AEBen segurtasunerako «ezin hobea» dela munduko uharte handienaren gaineko kontrola edukitzea.

Aintzat hartu behar da «segurtasuna bermatzeko» akordio bat sinatu zutela AEBek, Groenlandiak eta Danimarkak irailaren 22an, Trumpek berak bultzatuta. Horrek, AEBetako presidenteak berak esanda, irlaren gaineko kontrola edukitzeko modua emango dio Washingtoni, presentzia militarra ziurtatua izango baitu.

Eta erasorik izango balitz Groenlandiak zer abantaila estrategiko emango dituen ere izan du hizpide: «Etorkizunean AEBei eraso egiten badiete, Groenlandiatik pasatu beharko dute, non gure defentsek sistematikoki eroraraziko dituzten misilak, droneak edo oraindik sortuak izan ez diren armak. Munduko beste edozein lekutatik baino hobeto ikusten da handik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA