IAEA oso kezkatuta, ez dakielako non dauden Iranek %60 aberastutako uranioaren 400 kiloak

NBEren agentzia nuklearra arduratuta dago Teheranek ez diolako herrialdeko instalazio nuklearrak ikuskatzen uzten, eta egoera konpontzera deitu du.

Emakumezko batzuk Teheranen, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakumezko batzuk Teheranen, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 13a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esan du oso kezkatuta dagoela. Izan ere, ez daki non dauden Iranek %60 aberastutako uranioaren 400 kiloak. Teheranek ez dio uzten herrialdeko instalazio nuklearrak ikuskatzen. Orduan, eta kontuan hartuta uranioa gutxienez %90 aberastu behar dela bonba atomiko bat egiteko, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek nabarmendu du egoera hori ahalik eta azkarren konpondu behar dela.

Hori jaso du agentziak, datorren asteazkenean Vienan egitekoa den Gobernadoreen Batzarraren harira estatu kideei bidalitako txosten batean. Horren harira, hain zuzen, Teheranek nabarmendu zuen aurreko astelehenean, AEBekin gerran dagoenez ezin duela IAEArekin egoera arrunt batean bezala kooperatu; jakinarazi zuen, dena den, NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituneko kide dela oraindik, hartutako konpromiso nuklearrei eusten diela, eta azaroa hasieran horregatik ahalbidetu ziela IAEAko teknikariei Buxhehrreko zentral nuklearra ikuskatzea.

Halere, ez da zentral hori energia atomikoaren agentziaren arreta bereganatzen duena, Isfahangoa baizik. Iazko ekainean Israelek eta AEBek airez eraso egin zioten arte, hura zen Iranen programa nuklearraren egoitza. Aurten ere bonbardatu dute, eta kalteak eragin instalazioan; ez dago argi jarduerarik ote duen. Eta 2025eko udaberritik ezin izan dutenez hura ikuskatu, kezkatuta daude; hain zuzen, orduan jakinarazi zuen Teheranek %60 aberastutako uranioaren 400 kilo zituela.

Iranek esana dauka ez duela energia nuklearra helburu militarretarako baliatuko, erabilera zibila eman nahi diola. Hori bai, azken hilabeteetan ugaritu egin dira Iranen eskatzen dietenak agintariei aldatzeko doktrina militarra, arma nuklearrak garatze aldera. Hain justu, Donald Trumpen lehen agintaldian, 2018ko maiatzean, atera ziren AEBak Irango akordio nuklearretik, eta eskualdean ezegonkortasuna areagotu. Itun hura 2015ekoa zen, eta zehazten zuen haren kontrako nazioarteko zigorrak indargabetzearen truke, Iranek ezingo zuen uranioa aberastu %3,67 baino gehiago. Baina itun hura paper errea da.

BOST ZIBIL HIL DITUZTE yEMENEN

Yemengo estatu indarrek bost zibil hil dituzte gaur goizaldean Saadan, herrialdearen ipar-mendebaldean, huthien iturriek Al Jazeera hedabideari jakinarazi diotenez. Matxino xiiten arabera, aire erasoek Shada barrutia jo dute, zeina den huthien gotorlekuetako bat. Yemengo armadak Saudi Arabiaren laguntza militarra du, eta, hain zuzen, huthiek Aramco Saudi Arabiako petrolio konpainia publikoaren instalazioak bonbardatu zituzten atzo. Al Jazeerak kaleratu duenez, Taiz hiriaren bueltan, hego-mendebaldean, borrokak gogorrak izan dira azken orduetan. 

AEBak eta Iran bitartekarien bidez beste akordio bat negoziatzen ari zirenean heldu ziren aurtengo otsail bukaeran Washingtonek eta Tel Avivek Teheranen aurka egindako bonbardaketak. Beren zerbitzu sekretuen informazioa aipatuta, Israel ari da esaten azken egunetan Pickaxe mendiaren azpian, herrialdearen erdialdean, ari dela Iran bere programa nuklearra garatzen.

Israelek dio bere segurtasuna arriskuan jartzen duela Iranek; are gehiago, arma nuklearrak edukiko balitu. Israelek berak, ordea, arma nuklearrak ditu; SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak kaleratutako azken txostenak dioenez, 90 buru nuklear inguru dauzka. Tel Avivek jarrera anbiguoa dauka horren inguruan; ez du ez baietz, ez ezetz esaten. SIPRIk, bien bitartean, ez du Iran aipatzen arma nuklearrak dituzten herrialdeen zerrendan.

Erasoak

Bitartekarien bidez bada ere, Iranek eta AEBek elkarrekin hitz egiten jarraitzen dute. Hori bai, azken orduetan eraso batzuk gertatu dira. Irango Guardia Iraultzaileak esan du AEBek telekomunikazio dorre bati eraso egin diotela Siriken, Iran hegoaldean, Ormuzko itsasartetik gertu, eta horri erantzuteko AEBek Bahrainen duten ohartarazpen radar bat jo dutela. «Gure borrokalariak prest daude mugez gaindiko konfrontazio baterako», ohartarazi du guardia iraultzaileak ohar batean, Irango hedabideek jaso dutenez. 

Trumpentzat, baina, Iran hondoa jotzetik gertu dago, eta ez dute Teheranekin akordio bat egiteko beharrik. Hori adierazi du gaur goizaldean elkarrizketa batean. «%300eko inflazioa dute. Beren ekonomia desagertu egin da. Ez die soldaduei ordaintzen. Bere armada suntsitua izan da», bota du, hori dena egiaztatzeko frogarik erakutsi gabe. Beste elkarrizketa batean esan du, bestetik, Persiar golkoko herrialde batzuek, Saudi Arabia buru zutela, eskatu diotela ez ditzala eskualdean eraso gehiago egin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA