Ikusi serie honetako artikulu guztiak
«Ezagutza linguistikoa indartuz bermatzen da elebitasuna, baina baita norbanakoaren garapen holistiko oso-osoa ere». Hala dio Iparraldeko Schleswigeko hezkuntza sistema alemaniarrari buruzko liburuxka batek, bi hizkuntzaren arteko orekari eutsi nahian jarduten baitute horko haurtzaindegi, eskola eta institutuetan; zehazki, alemanaren eta danieraren arteko sokaren tirabiran. Sistema horren barruan hazi zen eta hezi zuten Kaethe Nissen, eta sare horretan bertan osatu du lan ibilbidea: irakasle gisa lehenik, eta elkarteko orientatzaile pedagogiko gisa orain. Danimarkan, alemaniarren gutxiengoko kideek hara bidali ohi dituzte seme-alabak; azken urteetan, baina, gero eta ikasle daniar gehiago dituzte. Nissenek uste du estrategia pedagogikoa «erakargarria» iruditzen zaiela: «Eskola txikiak, ikasgela txikiak; eta, badakizu, errespetua, diziplina…».
Hezkuntza sistema alemanak tradizio handia dauka lurraldean. Duela bost mende, 1540ko hamarkadan, goi mailako ikasketak alemanez egin beharko ziratekeela erabaki zuen Kristian III.a dukeak; ia hirurehun urte geroago, 1814an, Eskolarako Arauen Dekretua onartu zuten, zeinak ezarri zuen dukerrian alemanez soilik ikas zitekeela; eta, azkenik, 1920ko bozketaren ondoren, Danimarkaren menpe geratutako alemaniarren gutxiengoak egun indarrean dagoen hezkuntza sistema sortu zuen. Laurogei eskolatik gora zituzten duela ehun urte; gaur egun, berriz, hamasei haurtzaindegi, hamabi eskola eta institutu bat baino ez.
Beherakada hori zerk eragin zuen galdetuta, atzera begira jarri da Nissen: «Alemaniak Bigarren Mundu Gerra galdu ondoren, eskolak itxi zituzten zenbait urtez». Haren azalpena eten du alboan eserita duen kideak: «Baina zentralizatu ere egin da, ala? Eskolarik txikienak itxi egin dituzte». Camilla Hansen ez da alemaniarren gutxiengoan hazi, baina gertutik ezagutzen ditu bizimodu elebidun eta eleaniztunak, Gutxiengoen Hezkuntzarako Institutuko zuzendaria baita, daniarren eta alemaniarren gutxiengoaren lankidetzaren bidez sortutako egitasmo batena; horrez gain, ikertzailea da Sonderburgeko Hegoaldeko Unibertsitatean. «Komunitate edo hizkuntza gutxitu batean lan egiten duten irakasleak eta pedagogoak trebatzea da nire zereginetako bat», azaldu du.

Hansen ez ezik, alemaniarren gutxiengoak kudeatutako zentroetan lan egiten duten irakasle gehienak ere ez dira komunitate horren parte. Horietako asko, ordea, mugaz bestaldeko daniarren gutxiengoaren parte dira, Nissenen arabera. Eta gehitu du: «Gertuko harremana dugu haiekin, eta ongi moldatzen gara, ongi baitakite zer den gutxiengo batean haztea eta bi hizkuntzarekin edo gehiagorekin bizitzea». Sare horretatik kanpo dauden irakasleekin lanean dabil Hansen, uler dezaten halako testuinguru batean nola lan egin, eta, batez ere, modua egin dezaten haurrekin «konektatzeko». «Nortasuna oso pertsonala da, nork berea dauka, baina talde batekin lotzeak komunitate osoaren bizkar jartzen du nortasun hori sustatzea eta babestea. Beraz, indibidualki zaindu ordez, kolektiboki egin behar da», adierazi du.
Ikasgeletan gizartearen isla ikus daitekeela esan ohi da, horietan kanpoko munduari ikasitakoak erreproduzitzen direla; onak eta txarrak. Tokian tokiko joera aldaketak ere aise identifikatu daitezke jolastokiari begira: nor datorren eta nor ez dagoen, nolakoa den bakoitza. Nissenek kontatu duenez, daniarren seme-alabak ez ezik, Alemaniatik Iparraldeko Schleswigera migratutako haurrak ere batu zaizkie euren eskoletara, eta, horren ondorioz, irauli egin da alemanaren eta danieraren arteko balantza: «Danieraren ezagutzak eta erabilerak behera egin dute gure eskoletan, baina alemanaren ezagutzak eta erabilerak, aldiz, gora. Zaila da orekari eustea. Izan ere, horren aurretik, zailtasun handiak genituen nahikoa ikasle lortzen, eta genituenek alemanez hitz egin zezaten».
«Danieraren ezagutzak eta erabilerak behera egin dute gure eskoletan, baina alemanaren ezagutzak eta erabilerak, aldiz, gora»
KAETHE NISSEN Irakasle ohia eta pedagogoa
Mugaren bi aldeetako joan-etorriak areagotu diren bezalaxe, gora egin du beste herrialde batzuetatik iritsitako herritarren kopuruak; hala, alemana eta daniera ez ezik, beste hizkuntza batzuk ere entzun daitezke egun Iparraldeko Schleswigeko kaleetan. Horren harira, Nissenek azaldu du nahiago dutela eleaniztun hitza erabili, elebidun erabili beharrean. Hansenek berak aitortu duenez, horixe da hezkuntza sistemaren sarean jorratu asmo dituzten erronken arteko beste bat: «Hizkuntza bat bakarrik dakiten haurrei dagokienez, kasua indibidualki aztertu behar da, jakiteko haur horrek zer-nolako babesa eta laguntza behar duen eleaniztun bilakatu dadin».
Gazteen joan-etorriak
Alemanez hitz egin eta bizi arren, danieraz ere bizi baitira zentro horietako ikasleak. Are, lehendabiziko hezkuntzako bosgarren mailara arte —11 urte ingurura arte— soilik egiten dute lan alemanez idatzitako ikasliburuekin; hortik aurrera, danieraz sortutako ikasbaliabideak erabiltzen dituzte, argudiatuta danieraz egin beharra daukatela, derrigor, unibertsitatera sartzeko proba. Edonola ere, nahi duenak aukera dauka beste azterketa bat ere egiteko, alemanez, Alemaniako Schleswig-Holstein eskualdeko unibertsitateetan sartzeko. Iparraldeko Schleswigeko Institutu Alemanak 2024ko udan egindako ikerketa baten arabera, 2023-2024ko ikasturtean graduatutako ikasleen erdiek erabaki zuten goi mailako ikasketak Danimarkan egitea.
Nissenen eta Hansenen arabera, ohikoa da gutxiengoko gazteek ikasketak Danimarkako hiri handietako unibertsitateetan egitea, hala nola Aarhusen eta Kopenhagen. «Garrantzitsua da jende gaztea kanpora joatea, gauza berriak ikastea, jendea ezagutzea», esan du Nissenek. Horietako asko, halere, itzuli egiten dira gero. Hansenek azaldu duenez, eskualdea «etxe bat» da haientzat: «Danimarkako beste eremuetan jendeak galdetu egiten dizu nolatan hitz egiten duzun hain ongi daniera edo alemana, eta etsigarria da behin eta berriz azalpenak ematen ibili behar izatea zeure buruari eta zure jatorriari buruz. Hemen, berriz, ez da salbuespen bat; ohikoa da».

Funtsean, komunitatetik irtetean jabetzen dira komunitatearen berezitasunaz, baita inguru eleaniztun batean hazi izanaren abantailez ere; kasurako, lan aukerei dagokienez. «Alemania Danimarkaren aliatu ekonomiko handietako bat da; hortaz, zentzua du alemanez hitz egiteak», nabarmendu du Hansenek. Harekin bat egin du Nissenek, eta gaineratu Danimarkako enpresak alemanez hitz egiten duen jendearen bila dabiltzala azken urteotan, komunitatetik kanpo behera egin baitu alemanez dakitenen kopuruak. «Guraso askok bizipen txarrak izan dituzte alemana ikasten, eta seme-alaben bizkar jartzen dute hori», esan du Hansenek.
Oztopo edo baliabide
Alemana zaila delako eta itsusi eta oldarkor entzuten delako ustea zabaldua dago Danimarkan. Eta hizkuntzaren inguruan ez ezik, elebitasunaren eta eleaniztasunaren inguruan ere «mito eta klixe» ugari entzun ohi dituztela aitortu dute bi hezitzaileek. Hansenen ustez, baina, «usteak erdia ustel»; beraz, haren esanetan, ikuspuntua aldatu beharko litzateke, eta elebitasuna eta eleaniztasuna «zailtasun edo oztopo» gisa ikusi beharrean, «abantaila eta baliabide» gisa ikusi. «Nahiz eta irakasleentzat ere askotan zaila den ikasgela eleaniztun batean lan egitea». Gaztetako bizipenekin akordatu da Nissen: «Eskolan nengoenean, derrigortuta geunden ikasgelan alemanez hitz egitera, ezin genuen beste hizkuntzarik erabili. Irakasleek ez zuten danieraz ikasten, eta haur askok ezin zituzten irakasle horien espektatibak bete». Hizkuntzaren purutasunaren aurka egin du Hansenek: «Hizkuntzak nahastea elebitasunaren eta eleaniztasunaren ondorio eta ezaugarri natural bat da».
«Hizkuntza bat bakarrik dakiten haurrei dagokienez, kasua indibidualki aztertu behar da, jakiteko haur horrek zer-nolako babesa eta laguntza behar duen eleaniztun bilakatu dadin»
CAMILLA HANSEN Eleaniztasunean aditua
Daniarrak hezkuntza sistema alemanera batu dira azken urteetan, baina alderantzizko joera ere nagusitu da, ordea. Alemania iparraldeko guraso askok migratu dute mugaz bestalde, Danimarkako hezkuntza sistemak erakarrita batez ere : batetik, legezkoa delako haurrak ikastetxe batera eraman ordez etxean heztea; eta, bestetik, begi onez ikusten dutelako eskolen funtzionamendua. Hansenen arabera, hori «beste mito handi bat» da. Halere, badira bi sistemen arteko desberdintasunak. Nissenek esan duenez, Alemaniako ikastetxeek «gabezia batzuk» dituzte arlo sozialean, haurrak eta nerabeak ikasle finak izan arren. «Alemaniako hezkuntza sisteman hierarkiak oso zehaztuta daude, eta garrantzi handia dute. Danimarkan hierarkia eta diziplina ez dira hain zorrotzak», gehitu du.