Astebete igaro da ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agente batek Renne Nicole tiroz hil zuenetik, AEBetako Minnesota estatuko hiriburuan, Minneapolisen. Herritarrek ez dituzte eten polizia indarkeriaren kontrako protestak, eta, atzo arratsaldean, gizon bati tiro egin zioten hankan; ospitale batean eman zioten arta, eta ez dago larri. Venezuelarra da, iturri ofizialen arabera.
Segurtasun Nazionalerako Departamentuaren arabera, ICEko zenbait polizia trafikoa kontrolatzen ari ziren. Tiro egin dioten gizonaren autoa gerarazi zuten, handik atera zen, eta agente bati «eraso» egin zion, departamentu horren hitzetan. Venezuelarra da. Kaleratu duen oharrean, jakinarazi du beste bi lagun ere oldartu egin zitzaizkiola, eta agente horrek tiro egin zuela bere burua «defenditzeko». Atxilo hartu zituzten bi lagun horiek.
Sare sozialetan, Minneapoliseko Udalak adierazi du ulertzen duela herritarren «haserrea», eta «lasaitzeko» deia egin die; halaber, ICEri hiritik eta estatutik «joateko» egiteko eskatu dio. AEBetako Gobernuaren aginduz ICEko 2.000 agente inguru bidali zituzten Minnesotara joan den astean, eta Nicoleren hilketaren ondoren protestak areagotu direla ikusita, gobernuak asteon iragarri du beste ehunka agente bidaliko dituela. Jacob Frey Minneapoliseko alkatearen arabera, egoera «jasangaitza» da.
Minnesotak eta Minneapolis eta Saint Paul hiriek —han ere zabaldu dituzte agenteak— epaitegietan exijitu dute ICEko agenteak estatua utz dezatela. Baina hango epaile federal batek atzo erabaki zuen momentuz eskaria atzera botatzea; astelehenera arteko epea eman dio Justizia Departamentuari, hark Minnesotaren salaketari erantzun diezaion.
Agenteak bidaltzeko, gobernuak argudiatu zuen ehun bat lagunek iruzurra egin dutela laguntza sozialak jasotzerako orduan, somaliarrak gehienak. Somaliako 84.000 migratzaile bizi dira Minnesotan. Are, Donald Trump presidenteak iragarri zuen 10.000 milioi dolarren murrizketak egingo zituela programa sozialetan —8.500 milioi bat euro—, bai Minneapolisen eta bai demokratek agintzen duten beste lau estatutan —Kalifornia, Kolorado, Illinois eta New York—; kontra egin zioten erabaki horri, eta, oraingoz, epaile federal batek Trumpen erabakia aplikatzea eragotzi du.