Immunitate sistemaren autorregulazioa ikertu duten hiru zientzialariri emanen diete Medikuntzako Nobel saria

Mary E. Brunkow, Fred Ramsdell eta Shimon Sakaguchi saritu dituzte, eta abenduaren 10ean jasoko dute saria.

Shimon Sakaguchi, gaur, irabazle izendatu berritan. JIJI PRESS / EFE
Shimon Sakaguchi, gaur, irabazle izendatu berritan. JIJI PRESS / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 6a
20:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Tolerantzia immunologiko periferikoarekin zerikusia duten aurkikuntzengatik» saritu dituzte Mary E. Brunkow, Fred Ramsdell eta Shimon Sakaguchi. Hain zuzen ere, Stockholmgo Karolinska institutuak gaur jakinarazi du Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria nork irabazi duen, eta eskerrak eman dizkie irabazleei immunitate sistema nola autorregulatzen den azaltzeagatik. «T zelulak zeintzuk diren identifikatzen erakutsi diguzue, eta horiexek zaintzen dute gure gorputza, hein handi batean». Izan ere, Sakaguchik T zelula mota berri bat aurkitu zuen, zeinak, azaldu dutenez, organismoa gaixotasun autoimmunitarioetatik babesten duen. Brunkowk eta Ramsdellek, berriz, gaitz horien jatorriari buruzko xehetasunak ikertu zituzten. 

Karolinska institutuko kideen arabera, zientzialari horien aurkikuntzek bide eman diote beste ikerketa bat abiatzeari: tolerantzia periferikoa ikertzeari. Hori ez ezik, minbiziaren eta gaixotasun autoimmunitarioen aurkako tratamendu berrien garapena bultzatu dute, baita zenbait transplanteren garapena ere, erran dutenez. «Zelula amen ondorengo konplikazioei izkin egiten lagundu duzue». 

Halaxe oroitu dute institutuko kideek: «1980ko hamarkadan jakina zen T zelulek gorputzarentzat mehatxua ziren proteinak kanporatzeko balio zutela, eta bageneukan susmoa ez zela behar bezala garatu nola jardun horiekin». Irabazleek erran dute «bereziki zaila» egin zaiela ikerketa; batik bat, «informazio gutxi» zeukatelako zelula horien inguruan. Alabaina, hainbat urtez sorkuntza eta azterketa lanetan aritu ondotik, 2001ean, bukatutzat eman zuten ikerketa, saguetan «espero zituzten emaitzak» ikusi ondotik.

Saria abenduaren 10ean jasoko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.