Pakistango oposizioak azkenean lortu du Imran Kahn lehen ministroa kargutik kentzea. Asanblea Nazionalean haren aurkako zentsura mozioa zuten atzo, eta gauerdia baino lehen bozkatu dute: 174 legebiltzarkidek bozkatu dute mozioaren alde. Bide hori erabiliz kargutik kendu duten lehen lehen ministroa da.
Krisi politikoa puri-purian da herrialdean. Mozioa bozkatu aurretik, Asad Qaiser parlamentuko presidenteak eta Qasim Suri presidenteordeak ere dimisioa eman dute, euren hitzetan, mozioa atzerriko konspirazio bat delako. Liga Musulmana alderdiko Ayaz Sadiqek zuzendu du saioa.
Emaitzaren berri eman eta gero, Shehbaz Sharifek hartu du hitza, bera izan baita mozioan oposizioak aurkeztu duen presidentegaia. Eskerrak eman ditu, eta esan du ez dela mendekurik egongo. «Ahaztu eta aurrera egin nahi dugu. Ez dugu jendea espetxera arrazoirik gabe eramango. Legeak eta justiziak beren bidean jarraituko dute», gaineratu du.
Khanek aste honetan esan du ez duela aitortuko zentsura moziotik ateratzen den gobernua.